Arrato Ureztatzaileen Komunitateak 4.000 hektarea ureztatzen ditu, hiritik eta industrietatik heldutako ur zikina bi aldiz garbitu ondoren. 90eko hamarkadan jarri zuten martxan ureztatze sistema, munduko beste herrialde batzuetako adibideari jarraikiz. Jon Rejado. Argazkiak: Jon Rejado.

Gasteiz inguruko landa eremuan, urak ezohiko bidea egiten du hil honetatik udazkenaren erdialdera arte. Azarotik apirilera, Arabako hiriburuko ur zikinak Krispiñako araztegian garbitu eta Zadorra ibaira itzultzen dituzte. Maiatzetik urrira, ordea, ur zikin horiek beste bide bati jarraituko diote: bigarren aldiz garbitu ostean, Trespondetik Mendarozketarainoko hainbat soro ureztatzeko baliatuko dituzte, non patata, artoa, erremolatxa, babarrunak... lantzen diren. Arrato Ureztatzaileen Komunitatea arduratzen da eginkizun horretaz, eta, horrela, Arabako hainbat sailek kolore berdeari eusten diote, nekazariek bestela hazi ezingo lituzketen elikagaiak ekoizten baitituzte.
Arratoren proiektuak baditu urte batzuk, 30 baino gehiago daramatza abian, komunitatearen presidente Jose Miguel Bazanen esanetan. Gasteizko udalerriko hemeretzi herrik, Zigoitiko hiruk eta Iruña Okako batek balia dezakete berrerabilitako ura, beren laboreak ureztatzeko. Gasteizko Udal Urak enpresak kudeatzen du Krispiñako araztegia; haren datuen arabera, urtero bi eta bost milioi metro kubo ur artean hartzen ditu aipatu komunitateak lursailak ureztatzeko, eguraldiaren, ureztatzaile kopuruaren eta aukeratutako laborearen arabera.
Arrato Komunitatearen azpiegitura martxan jarri zenean, aitzindaria izan zen. Gaur egun ere gutxik egiten dute gauza bera. 90eko hamarkada baino lehen AEBetan egiten zela azaldu du Bazanek, baina gure ingurunean ez dela asko zabaldu, Araban emaitza onak izan dituen arren. “Premia jakin bati aurre egiteko jaio zen, eta, nahiz eta ez den aukerarik merkeena, ura izango dugula bermatzen du" dio presidenteak.

Hiru pauso eta soroetara
Ura garbitzeko prozesua abiatu ahal izateko, Krispiñako araztegiaren ondoan beste bat eraiki zuen aipatu ureztatze komunitateak. Horrela, ura errazago garraiatzen dute azpiegitura batetik bestera. “Azken urteotan, Krispiñako araztegitik heltzen zaigun ura oso kalitate onekoa da, eta horrek lana errazten digu” azaldu du Juan Carlos Apilanezek, Arratoko araztegiko langileak. Lehenengo urteetan ez zen hala gertatzen, Bazanek gogora ekarritakoaren arabera.
Arratoko langileek jasotzen duten ura aztertu eta, emaitzen arabera, nola tratatuko duten erabakitzen dute. Lau pauso egiten dituzte, orotara, Krispiñako ura sailetara helarazi aurretik. Hasteko, ura astintzen dute eta produktu batzuk gehitzen dizkiote, hondarrak elkar daitezen. Ondoren, hondarrok kentzen dituzte eta harea iragazkidun andeletara8 eramaten dute. Azkenik, ura putzu handira heltzen da: “Bertan, kloroa eransten zaio, eta ur ponpa bidez ureztatzera bidaltzen da” gaineratu du Apilanezek.
Hartzen duten ur guztia ureztatzera bideratzen da. Edonola ere, noiz edo noiz behar baino ur gehiago garbitzen badute, Mandoia herritik gertuko putzu batera eramaten dute. “Putzu hori beti izaten dugu erdiraino beteta, sistema osoan presioari eusten laguntzen baitigu” argitu digu Apilanezek.
Lehorte garaian, aukera sortu
1989ko eta 1990eko lehorteek ahalbidetu zuten, neurri handi batean, egun martxan dagoen ureztatze proiektua. Urte haietan, administrazioak ura garraiatzeko tutu bat jarri zuen Langraiz eta Abetxuku artean. Tutuari, hainbat soro zeharkatzen zituenari, beste erabilera bat ematea pentsatu zuten lehortea bukatutakoan, zehazki Trespondetik Mendarozketarainoko sailak ureztatzeko baliatzea. “Nolabait, lehorteak mesede egin zigun, ureztatzeko hodi nagusia administrazioak jarri baitzuen”, gogoratu du Jose Miguel Bazanek.
Hodi hori jarri zuten arte, ia ez zen ureztatzen Arrato Ureztatzaileen Komunitateak hartzen duen eremua. Batetik, apenas zegoen Zadorrako ura erabiltzeko baimena zuen herririk. “Ibaiko ura baliatzeko, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena behar da, eta ez du erraz ematen". Bestetik, baimena izan arren, zaila da ura ubidetik hiru edo lau kilometrora kokatutako soroetara eramatea. Horrenbestez, ureztatzerik ez zutenez, soro horietan haz zezaketena oso mugatua zen: garia, garagarra... Egun, aldiz, Gasteizko ur zikinei bigarren erabilera emanda, aukeren zerrenda nabarmen luzatu da.

Panel fotovoltaikoak faktura arintzeko

Azken hilabeteetan argindarraren prezioak izandako gorabeherek zuzeneko eragina izan dute Arrato Ureztatzaileen Komunitatean. Izan ere, ura soroetara bidaltzeko, ponpa elektrikoak baliatzen dituzte, eta horixe dute gastu ekonomiko nagusia. Hala ere, duela bi urte, argindarraren faktura arintzeko proiektua abiatu zuten, iazko udazkenean amaitu zena: araztegian argindarra ekoizteko lantegi fotovoltaikoa dute. “Eguzkiak gehien jotzen duenean behar da ur gehien, eta azpiegiturak gastua murrizten lagunduko digu”.

 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.