Arrano beltza (Aquila chrysaetos) Euskal Herriko hegazti harraparirik handiena da. Hala ere, ez dago oso hedatuta gure lurraldean. Arabako mendietan, hamalau-hamabost bikote daude, eta Gipuzkoan, Nafarroako mugan, bat edo bi. Bikote gehienak Pirinioetan daude. Juan Luis Mugertza. Argazkia: Juan Luis Mugertza.
Telefonoa hartu eta deia egin: “Elai Etxea?”. “Bai?”. Hitzordua eginda dago: asteartean, goizeko bederatzietan, Pobesen (Araba). Guk aurreko egunean nahi genuen, baina pare bat eguneko tartea uzten dute arranoek ehiztari senari eusteko eta ez ohitzeko. Adostutako ordua baino lehenago heldu gara, eta urduri gaude. Gainera, laino handia dago, eta ez dakit horrek argazkiak egiten lagunduko digun. Halako batean, hor agertu da gure arrano guardakoa, Joseba Markinez. Ekarri ditugun bizkar zorroak lur orotako ibilgailuaren atzealdean utzi, eta herritik nahiko gertuko pista aldapatsu batetik, poliki-poliki, gure helmugarantz gora egin dugu, albo banatan arteak ditugula. Egindako zatian, etengabeko galderei erantzuten saiatu da Markinez. Dagoeneko bederatzi urte daramatza lanbide honetan, eta gaiak aukera handia eman ohi du.
Mendian gora, halako batean lainoak azpian gelditu dira. Autoa aparkatu eta tarte oso laburra egin ostean, hantxe ikusi dugu egokitutako hide-a, alegia, geure burua ezkutatzeko eta animaliei inolako trabarik sortu gabe argazkiak egin ahal izateko lekua. Behin etxola barruan, sakelako telefonoak isilduta, ahopean izan gara hitz egiten bertako aulkietan eserita. Bitartean, Markinezek ekarritako jakiak (oilasko zatiak eta haztegietako galeper hilak) egokitutako enbor eta makiletan ondo lotuta jarri ditu. Ez omen du edonolako janaririk erabiltzen, kontrol sanitario eta berme guztiak betetzen dituena baino ez.