Ferra-saguzar mediterraneoa desagertzear dago EAEn, baina, duela bi urte, umatze kolonia bat aurkitu zuten Aiaraldean, Araban ezagutzen den bakarra. Jon Rejado. Argazkia: Naturayala.

Altxorra Aiaraldeko eraikin batean dago. Duela bi urte aurkitu zuten, eta, urtez urte, mantentzen dela bermatzen joan dira. Altxorra ez da ipuinetan agertu ohi direnen modukoa; hau biziduna da: Araban ezaguna den ferra-saguzar mediterraneoaren umatze kolonia bakarra. Baina zergatik da hain garrantzitsua? Espezie hau galzorian dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beraz, kolonia horri eutsiz gero, espezieak bizirik irauteko aukera izango du, Urtzi Goiti Ugarte EHUko irakasleak azaldutakoaren arabera.
Duela bost hamarkada inguru, ferra-saguzar mediterraneoa ikustea ohikoagoa zen, nagusiki Bizkaian eta Gipuzkoan. Ordutik, baina, populazioa asko murriztu da; hainbat arrazoirengatik, Goitiren ustetan: batetik, espezieak ez ditu gustuko bizi den lekuetan izandako aldaketak, eta gainera gizakiak bertan eragin izan du (indusketa arkeologikoak babesteko itxitako kobazuloak, espeleologoak…). Bestetik, baserri paisaia gustatzen zaio, eta hori ere aldatu da. “Pinu eta eukalipto landaketek ordezkatu dute leku batzuetan”.
Gaur egun, Enkarterrietan dago kolonia nagusia. Urtzi Goitik gogorarazi du Bizkaiko mendebaldean, Karrantzako haranean, ganadua dagoela. “Baserri paisaia” dagoela gaineratu du. Lea Artibai inguruan ere bazegoen beste kolonia garrantzitsu bat, baina indarra galduz joan da. “Egoera kaskarrean dago; bizirik segitzen du, baina ez dakigu noiz arte”. Araban aurkitutako koloniak espeziearen biziraupenari mesede egiten diola berretsi du EHUko irakasleak. “Garrantzizkoa da espeziearen banaketa handiagoa dela egiaztatu dugula”.
Espero gabeko ezustea
Arabako aurkikuntzak ez ditu ikertzaileak guztiz ezustean harrapatu. “Susmoa genuen Aiarako inguru horretan umatze kolonia bat, gutxienez, egongo zela” dio Goitik. Izan ere, ale solteak ikusiak zituzten, eta eremuak ferra-saguzar mediterraneoaren gogoko baldintzak biltzen ditu: tenperatura epelagoak, eta belardiz estalitako landaz eta baso txikiz osaturiko paisaia. Alabaina, bazen espeziea agertzeko ageriko traba bat: saguzar espezie honek kobazuloak atsegin ditu, eta Aiaraldean ez dago halako gehiegirik.
Salvagoro Elkarteak aurkitu zuen umatze kolonia. Talde horren helburua da Aiarako kuadrillako ondare naturala eta kulturala zabaltzea, eta horretarako egindako ikerlan batean egin zuten aurkikuntza. 2018an eskualdeko saguzarrak hobeto ezagutzeko laguntza bat lortu, eta elizetan, zubietan, eraikinetan… bila ibili ziren. “Askotan, ahoz aho jakinarazitako informazioari esker aurkitu genituen koloniak, eta hala gertatu zen ferra-saguzar mediterraneoarekin” azaldu du elkarteko kide Gustavo Abascalek.
Etxebizitza baten behealdean antzeman zuten kolonia. Hasiera batean, saguzar espezie asko ikusi zituzten, baina aleak aztertzen hasi zirenean sorpresa hartu zuten: beste espezie batzuen artean, ferra-saguzar mediterraneoa agertu zen. “Babestutako espezie honek kobazuloak ditu gustuko, baina bailaran ez dago askorik; dauden apurrak Gorobel mendilerroan daude, eta altuegi daude haientzat” zehaztu du. Dena den, antzeman dituzten lekuek kobazuloen ezaugarriak dituztela argitu du: tenperatura epela, lasaitasuna…
Babestu gabeko eremua
Aiaraldeko aurkikuntzak kontraesana jarri du mahai gainean. Batetik, ikertzaileak poz-pozik daude, garrantzitsua delako espezieak bizirik irautea. Bestetik, arriskuan dagoen animaliaren kolonia eraikin pribatu batean dagoenez, eremua ez dago ikertzaileek nahi luketen bezain ondo zaindura. “Badirudi Arabako Foru Aldundiak ezin duela askorik egin, edo guk proposatutako neurriak ez dituzte hartu, behintzat” laburbildu du Urtzi Goitik. Ondorioz, espeziea galzorian izan arren, haren babeslekua ez dago babestuta. Gustavo Abascalek gaineratu du Aldundiak jabeekin hitz egin duela, baina berak ez duela haien arteko akordioaren berririk.
Arabako umatze koloniaren babes falta horri beste arazo bat erantsi dio Goitik. EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan galzorian dagoen espezie gisa izendatuta dagoenez, Berreskurapen Plana izan behar du. “Duela hogei urte idatzi genuen plana, baina oraindik ez da onartu, eta bertan aipatzen genituen neurriak ez dituzte oraindik abiatu”. Besteak beste, babesleku nagusien inguruan zuhaitzen landaketa murriztea eta paraje “naturalagoak” sustatzea.

HAMABI GRAMO ETA 22 URTE
Saguzarrak animalia txikiak badira ere, luze bizi daitezke. Ferra-saguzar mediterraneoak, adibidez, hamabi gramo inguruko pisua du, eta 20 urte baino gehiago bizi daiteke. Unai Goiti EHUko irakaslearen esanetan, Euskal Herrian badira 22 urteko aleak. Nolatan bizi daitezke hainbeste urtez? “Ugalketa tasa baxua dutelako: eme bakoitzak kume bakarra izaten du urtean; hortaz, populazioen dinamikak oso geldoak dira” argitu du Goitik. Hori dela eta, edozein gertakari txar jazoz gero, populazioak denbora asko behar izaten du suspertzeko.

 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.