Disko golf izeneko kirolean disko hegalari bat jaurti eta burdinazko katez egindako saski batean sartu behar da. Saski zirkuitua osatzeko jaurtiketa gutxien behar izan dituen jokalariak irabazten du. AEBetan, Kanadan eta Europako iparraldean jokatzen da gehienbat. Frantzian, kasu, kirol ofiziala da, baina Espainian ez. M. Egimendi. Argazkia: IrriSarri Land.

Euskal Herrira Andoni Zenarruzabeitiak ekarri zuen disko golfa, bera da Bilbao Disc Golf klubeko presidentea eta Euskadisc Golf enpresaren sustatzailea: “Finlandian ezagutu nuen eta asko erakarri ninduen, edozein parketan aritzen zirelako eta sendian jokatzen zutelako. Gurean saiatzea pentsatu nuen, eta orain hemen ere ibiltzen gara, familia edo lagun artean, adin guztietako umeak, emakumeak eta gizonezkoak. Txapelketa ofizialetan bakarrik bereizten dira kategoriak, hortaz, oso polita da familia bereko hiru belaunaldi elkarrekin jolasten ikustea, ez dago halako kirol askorik”. Izan ere, ez da ezaugarri fisiko berezirik behar, entrenamendua da gakoa: “Zenbat eta gehiago aritu, orduan eta jokalari hobea izango zara”.

Nola jokatzen da?
Hainbat disko mota daude, egin behar den jaurtiketaren arabera erabiltzeko. Golfean bezala, ez da berdin lehen jaurtiketa, urrutira egiten dena, edo saskitik hurbil egiten dena; euria eta haizea, zelaiko oztopoak, zuhaitzak... ere kontuan izan behar dira. Golfaren antza du, baina hau “publikoa eta merkea” da: “Golfa garestia da, zelaiak beti zaindua egon behar duelako, baina diskoek hegan egiten dute eta guri berdin zaigu sasia egotea ere. Golf zelai bat egiteko, natura hondatzen da; guk, aldiz, zelaia aztertzen dugu aurretik eta zirkuitua naturak eskaintzen dizkigun ezaugarrien arabera antolatzen dugu, ez dugu zuhaitzik botatzen eta abandonatutako berdeguneak ere berreskuratu izan ditugu”. Gainera, jokatzeko ez dago zelaiaren erreserba egin beharrik.
Halere, disko golfak badu eragozpen bat, Zenarruzabeitiaren ustez: “Katigatu egiten du, baina oso modu sanoan. Mendira joatea ederra da, baina askotan helburu bakarra da markatutako bidetik iristea gailurrera. Hau oso bestelakoa da: batzuetan, sasi edo zuhaitz artean nabilela, pentsatzen dut disko golfak eman didala hor egoteko aukera, bestela ez nintzen sartuko”.
Enpresa eta kluba
Kirola hedatzeko azpiegitura bat behar zelako sortu zuen enpresa Zenarruzabeitiak, “udalez udal joan, zelaiak diseinatu eta saskiak jartzeko”. Proiektua bere osotasunean garatzeko, ordea, kluba ere beharrezkoa da: “Zelaiak beti ekartzen du jendea eta jokalariek, azkenean, klub baten babesa behar dute. Gurean, bazkideen kuotarekin Espainiako elkarteari ordaintzen diogu, txapelketa ofizialetan jokatzeko aukera eta asegurua edukitzeko, eta bestelako lehiaketak ere antolatzen ditugu”. Bilbao Disc Golf klubeko kideak igandero elkartzen dira Galindoko zelaian (Portugalete eta Sestao artean) entrenatu eta jokatzeko; berrogei bat bazkidetik, hogei lagun baino gehiago biltzen dira askotan.
Txapelketa ofizialak aparte daude. Espainian kirol ofiziala ez bada ere, badaude zirkuituak Madrilen, Galizian, Asturiasen, Cádizen... Espainiako Kopa, adibidez, ligaxka moduan jokatzen da, hilero leku batean; esaterako, maiatzean IrriSarri Land parkean (Igantzi) egingo da, eta ekainean Galindon.

JOKO ZELAIAK EUSKAL HERRIAN
IrriSarri Landen gauzatu zuten txapelketa ofizialak jokatzeko Euskal Herriko lehen zelai homologatua (18 saskiko zirkuitua, alegia), Baxi Basajauna kirol elkarteak kudeatua. Bizkaiko lehenengoak, berriz, Sestao eta Portugaletekoa dira, 9na saskirekin (elkartuta, 18 saskiko zirkuitua osatzen dute Galindon). Lekunberrin, sei saskiko bat egin zuten duela hiru urte, hango kirol elkartearentzat. Joan den urtarrilean eraiki zuten beste bat Muskizen, sei saskiko zelai txikia. Eta aurten gauzatuko da 18 zuloko zelai bat Arrigorriagan, Ollargango parkean.
Disko golfa hedatzen jarraitzeko asmoz, badituzte beste parke batzuk begiz jota: Zornotzan, Bilboko Artxandan, Leioako Artazan... Gipuzkoan ere ari dira begiratzen, Azpeitiko Izarraitz parkean, adibidez, “eta Araban ere behar ditugu, sekulako zelaiak daudelako han, Legutio inguruan edo Gasteizko eraztun berdean”. Dena den, lan nekeza da: “Hizketan hasi eta proiektua gauzatu arte lan asko egin behar da, eta hilabeteak pasatzen dira. Zelaia antolatu, saskiak ezarri, udalen eta ikastetxeen bidez eskaintza landu, unitate didaktikoak...”. Azken batean, kirol eskaintza berria proposatzen da, ezezaguna baita oraindik. Gainera, gauza bat da ezagutzea eta beste bat urratsa egin eta jokatzen hastea: “Izan ere, diskoak erosi bai, baina teknika ere ikasi behar da. Oso erraza da, baina norbaitek erakutsi behar dizu”.



Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.