heltzearariketak

Arabako Lautadan, Solasaldi1 Musikatuak erreferentziako hitzordu bihurtu dira euskal kultura eta euskararen erabilera zabaltzeko. Hala, hilean behin, ikusleak sortzaile baten ibilbidean murgiltzen dira, ordu eta erdiz. Hiru txokotan egiten dituzte solasaldiak: Aguraingo Harresi aretoan eta Latsarri gaztetxean, eta Araiako Andra Mari aretoan. Esti Lanao. Argazkiak: Praktikatu AEK.

Elkarrizketak egiteak arriskurik badu, honako hau izan daiteke bat: monotonoa edo errepikakorra izatea. Artista bat ezagutu nahi dugunean, bai lan berria plazaratu duelako bai haren sorkuntzaren edo bizitzaren nondik norakoak2 ezagutu nahi ditugulako, betiko galderak egitera jotzen dugu maiz3. Ondorioz, artistak milagarren aldiz erantzuten ditu galdera berak, eta elkarrizketaren xarma bidean galtzen da.
Hori ez gertatzeko, formatu edo dinamika ezberdinak bilatzen ditugu, solasaldi musikatuak, kasu. Ekintzak badu berezitasuna: hizketa melodia bihurtzen du; eta melodia, berriz, hitz egiteko, entzuteko eta elkar ezagutzeko aitzakia. Bide batez, egilearen mundura gerturatzeko aukera ematen du, ohiko elkarrizketan erori gabe.
Abiapuntu⁴ horri tiraka, eta euskal kultura herrira ekartzeko asmoz, Arabako Lautadako Berbalagun egitasmoak solasaldi musikatuak jarri ditu abian. Ez da gauza berria, ordea⁵, aurretik ere antolatu izan baitituzte horrelakoak. Hala azaldu du AEKko Unai Olalde dinamizatzaileak: “Josune lankidearekin batera, hiru topaketa⁶ solte egin genituen duela lauzpabost urte, Xabi Solano, Eñaut Elorrieta eta Olatz Salvador gonbidatuekin, baina jarraitutasunik⁷ gabe”. Ekimenak erantzun oso ona izan zuenez, berreskuratzea erabaki zuten iaz: “Josune eta biok zer probatu pentsatzen ari ginela, Dupla taldeko Beñatek esan zigun polita izango litzatekeela solasaldi musikatu gehiago antolatzea”; are gehiago, baita grabatu eta podcast formatuan eskaintzea ere. Pixkanaka itxura eman zioten eta hiru txoko aukeratu zituzten: Aguraingo Harresi aretoa eta Latsarri gaztetxea, eta Araiako Andra Mari aretoa.
Formatuari berari ere buelta eman nahi izan zioten, eta orain abestiak dira oinarria: “Sei edo zortzi jotzea eskatzen diegu, eta ideia da kanta horien hitzetatik abiatzea elkarrizketa”. Hortik hasita, abestiari buruzko galderak edo hausnarketak8 egiten dituzte, eta gero jo. Oso modu dinamikoak baliatzen9 dituzte saioak garatzeko10, eta ongi funtzionatzen dute. Esaterako, hemerotekari hautsa kendu, eta artistek eurek ere oroitzen ez dituzten uneak edo garaiak ekartzen dizkiete gogora: “Haientzat ere sorpresa izatea saiatzen gara, elkarrizketa ezberdina izatea eta, noski, haiek ere gustura egotea; badirudi lortu dugula”.
Gainera, ez dute solasaldietako publiko-mota mugatu nahi. “Horrelako ekintzak soilik euskara ikasten ari direnentzat direla pentsatzeko joera11 dago, baina ez da egia; horretarako, beste talde batzuk ditugu. Ikasleez gain, gainerako herritarrak ere gerturatzea nahi dugu”, dio Olaldek. Horren adibide dira Gorka Urbizurekin eta Olaia Inziarterekin egindako saioak: Urbizuk 400 pertsona inguru erakarri zituen, sarrera zenbakituak jarri behar izan zituzten eta kanpoko jende asko gerturatu zen; Inziarteren kasuan, Aguraingo Latsarri gaztetxean, jendea kanpoan geratu zen. “Denetik izan dugu, baina guretzat luxua eta plazera da herrian horrelako zerbait edukitzea”.
Adinari dagokionez ere, tarte zabala dute ikusleen artean, Olaldek dioenez, “Mikel Urdangarin Araian solastatu12 zenean, 100 lagun inguru bildu ziren, eta batez besteko13 adina helduagoa zen. Inziarteren eta Miruaren kasuan, gaztetxoak ziren”. Ez zuten ez adin ez publiko finkoa bilatu nahi, eta baliteke hori izatea egitasmoaren arrakasta.
Euskarari eta euskal kulturari, hortaz, lekua egin diete horretara ohituta ez zegoen eremuan. Gazteengana heltzen jakin dute, baita euskara ez daukatenengana ere, Olaldek adierazitakoaren arabera, “Urdangarin etorri zenean, esango nuke ikusleen ehuneko handi batek ez zekiela euskaraz hitz egiten edo ez zuela normalean erabiltzen, baina ordu eta erdi eman zuen entzuten, abestiak ez ezik, elkarrizketa ere bai, inork ez zuen alde egin”.

KULTUR HUTSUNEA BETETZEKO

Kulturaren arloan, Agurainen mugimendurik eza nabari dutela dio Olaldek: “Hemen ez dago aretorik kontzertuetarako; hortaz, Araban zerbait egin ahal izateko, Gasteizera jo behar dute bai taldeek bai jendeak. Horregatik, kultur eskaintza gurera ekartzeko beharra ikusi genuen”. Haatik14, egoera erabat aldatu da egitasmoa berriro martxan jarri zutenetik, eta solasaldiak herrian erreferentziako hitzordu bihurtu direla esan daiteke. Olalderen hitzetan, “Batzuek ohitura hartu dute eta badakite hileko bigarren ostegunean artista bat egongo dela eta interesgarria izan daitekeela. Hala, badago taldetxo bat, 40 lagun ingurukoa, batetik bestera mugitzen dena beti. Sekulakoa da ohiturarik ez dagoen lekuetan horrelako saretxoa sortzea”. Bada, hiruhileko honetako saretxoan, Bengo (apirilak 16), Merina Gris (maiatzak 21) eta Anari (ekainak 11) egongo dira Arabako Lautadan.

1. Solasaldi: elkarrizketa, berriketa, berbaldi.
2. Nondik norako:
pormenor (es), détail (fr).
3. Maiz:
askotan sarritan.
4. Abiapuntu:
punto de partida (es), point de départ (fr).
5. Ordea:
sin embargo (es), ependant (fr).
6. Topaketa:
encuentro (es), rencontre (fr).
7. Jarraitutasun:
continuidad (es), continuité (fr).
8. Hausnarketa:
reflexión (es), réflexion (fr).
9. Baliatu:
erabili.
10. Garatu:
desarrollar(se) (es), (se) développer (fr).
11. Joera:
tendencia (es), tendance (fr).
12. Solastatu:
hitz egin, mintzatu.
13. Batez besteko:
medio, -a (es), moyenne (fr).
14. Haatik:
hala ere, dena den, alabaina.

 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.