Uda bizi, euskara eroso ikasten
Hizkuntza ez da beste gauzak batzuk bezala ikasten. Erreparatu1 umeei: ingurutik hartzen dute apurka-apurka2, gurasoekin jolastuz, helduei3 entzunez, haiekin hitz egiten saiatuz... Bada, haurrek bezala jokatu behar du euskara ikasi nahi duen pertsona helduak: euskaraz hitz egiten dutenei entzun, haiekin mintzatzen4 saiatu, gauzak euskaraz egin... Horretan zenbat eta denbora gehiago eman, orduan eta azkarrago ikasiko du. Ikasleei aukera hori emateko, AEKk barnetegiak antolatzen ditu udan herri euskaldunetan. Hala, ikasleek bultzada5 handia eman ahal diote beren ikasprozesuari, leku ederrean eta giro onean. Familia-barnetegian, gainera, gurasoek seme-alabekin euskaraz aritzeko ohitura ere barneratu6 ahal dute. Aukeratu zure barnetegia eta bizi uda euskara eroso ikasten!


IZEN EMATEA: maiatzaren 5etik aurrera, gure euskaltegietan
HEGOALDEAN - 607 673 541- 673 200 100 -
IPARRALDEAN - 0603205010 -
1. Erreparatu: begiratu, arreta jarri, behatu.
2. Apurka: poliki, astiro.
3. Heldu: adulto, -a (es), adulte (fr).
4. Mintzatu: hitz egin.
5. Bultzada: impulso (es), impulsion (fr).
6. Barneratu: interiorizar (es), intérioriser (fr).
7. Agorril: abuztu.
Barnetegietan gertatzen dena…
Ikastegi bakarrik ez, barnetegia bitxikeria ugariren sorleku ere bada. Ez alferrik1, hainbat leku eta izaeratako pertsonak elkartzen baitira bertan. Helburu bakarrarekin denak, hori bai, euskara ikastea; aniztasun2 horrek, ordea, hainbat gertaera bitxi eragiten ditu.

LARRAITZERA GOAZ
Uda hartan, B2 eta C1 mailetako talde bi zeuden Abaltzisketako barnetegian, Txindokiren magalean3. Egunero, bazkaldu ondoren, ikasle batzuk mendira pixka bat gehiago hurbiltzen ziren, Larraitz auzoraino, kafea edo bakoitzak nahi zuena hartzera.
Talde txiki hartakoa ez zen ikasle batek (antza denez4, inguruko geografia ez zuen oso ondo ezagutzen) eguerdiro ikusten zituen ikaskideak desagertzen eta handik bi ordura nonbaitetik itzultzen, pozik eta gustura. Eta behin eta berriz entzuten zituen hitz berak:
- Larraitzen egon gara.
- Larraitzetik gatoz.
- Bihar ere Larraitzera joango gara, ezta?
Egunak pasa ahala5, jakin-mina handituz joan zitzaion: “Zergatik datoz horren pozik? Zertan ibili dira? Zer ari naiz galtzen?”.
Azkenean, barnetegiaren azken egunetan, ezin izan zion ikusminari6 gehiago eutsi eta galdetzera ausartu zen:
- Aizue! Zer da larraitu?

OSAGAI “BEREZIA” ENTSALADAN
Familia-barnetegietako lantaldea bi irakaslek eta bi begiralek osatzen dute ia gehienetan. Behin, Zugarramurdiko familia-barnetegian entsalada gozo-gozoa afaltzen ari ginela, begirale bat keinu eta imintzio7 ezohikoak egiten hasi zen. Ondo zegoen galdetuta, aurpegira begiratu bezain pronto koitaduak8 ahoa zabaldu eta... zerbait hegan atera zitzaiola konturatu ginen. Zer eta liztorra9!
Nola gertatu zen galdetu genionean, zera erantzun zuen: “Ez dakit, entsalada jaten ari nintzen eta eztenkada10 sumatu dut mingainean”. Zorionez, botikinetik hartutako pintza batzuez mingainean zuen eztena11 nahiko arin kendu ahal izan genion eta, larrialdietarako badaezpadako bidaiaren ostean, dena bukatu zen ondo. Hori bai, hurrengo bi egunean begiraleari ez zitzaion oso ondo ulertzen umeei esaten ziena, mingaina erabat handituta zuelako.

HOZKAILUAREN MISTERIOA
Arantzako barnetegian geundela, Leurtzako urtegira txangoa egin genuen, eskolen zama arintzeko eta egun-pasa polita igarotzeko asmoz.
Ordubeteko bidea izanik, eta abuztu bero betean, beharrezkoa zen hozkailua, eta aterpetxekoek, jator, utzi egin ziguten. Hala abiatu ginen denok urtegira. Ibilbide ederra egin genuen, jolastu, bapo12 jan eta uretan murgilduz.
Aterpetxera itzuli ginenean, ordea, hozkailua ez zen inon ageri. Autoren batean egongo zelakoan, ikasleak abisatu genituen, baina ezer ez. Bila aritu arren, egunak joan eta egunak etorri ez zen inon agertu. Ikasleak eta irakasleok ezin sinetsi genbiltzan, ez delako erraza hozkailu bat desagertzea. Beste bat erostea erabaki genuen, aterpetxekoak gabe ez uzteko.
Azken egunean argitu zen misterioa. Norbere gauzak biltzen ari ginela, bat-batean hozkailu urdin polit bat agertu zen aterpetxeko jantokian. Inork ez zuen jakin izan ordura arte ez non egon zen ez nork zeukan. Edo bai, agian?

BIZITZA-ALDAKETA
Zoritxarrekoa nintzen. Bikotekideak utzi egin ninduen. Lagunekin ere bakardadea sumatzen nuen. Ez nuen bizitzaz gozatzen... baina egun batean AEKren ibiltariaren kartela ikusi eta izena eman nuen.
Lehenengo egunetan, emozio gazi-gozoak izan nituen; alabaina13, denbora aurrera joan ahala, gero eta hobeto sentitzen hasi nintzen. Ibiltariaren munduan erabat murgildu nintzen, alegia, euskaraz eroso bizitzen hasi nintzen. Horrez gain, betiko izango ziren lagunak aurkitu nituen. Bigarren astean, horietako batekin maitemindu nintzen. Ez nuen etxera itzuli nahi, azken egunak zoragarriak izan baitziren.
Berriro nire mundura itzulitakoan, kosta egin zitzaidan errealitate berrira moldatzea14. Horregatik, hain zuzen ere, erabaki garrantzitsu bat hartu nuen: bai lana bai etxea uztea eta ibiltarian ezagututako emakumearekin bizitzera joatea. Harrezkero, bizitza goitik behera aldatu zait.
1. Ez alferrik: no en vano (es), non en vain (fr).
2. Aniztasun: diversidad (es), diversité (fr).
3. Magal: ladera (es), flanc (fr).
4. Antza denez: al parecer (es), apparemment (fr).
5. Ahala: a medida que (es), à mesure que (fr).
6. Ikusmin: kuriositate, jakin-min, jakiteko gogo handi.
7. Imintzio: mueca (es), grimace (fr).
8. Koitadu: pobre (es), pauvre (fr).
9. Liztor: avispa (es), guêpe (fr).
10. Eztenkada: aguijonazo (es), piqûre (fr).
11. Ezten: aguijón (es), dard (fr).
12. Bapo: bikain, ederki, oso ondo.
13. Alabaina: hala ere, dena den.
14. Moldatu: adaptar(se) (es), s'adapter (fr).

