Bixikenia: arnasgune kultural eta artistiko berria Urruñan
Kultura partekatzeko, berrikuntza sozialerako eta esperimentazio kolektiborako gunea estreinatu dute Urruñan (Lapurdi), euskara eta gure lurraldeko kultura hedatzeko aukera berriz horniturik1. Naturaz inguratutako esparrua kultur eragileen, herriko elkarteen eta herritarren eskura izanen da. Besteak beste, Urruñako gaztetxe berria bertan egonen da. Inhar Iraizotz. Argazkiak: Inhar Iraizotz.
Bixikenia gunea, herriaren bihotzean kokatua, berpiztu egin da, Urruñan kultur sorkuntza eta elkarte bizitza indartzeko asmoz. Bere garaian La Poste enpresaren opor eremua izan zena kulturgune bilakatu nahi dute orain, herritarren parte-hartzea, sormena eta, batez ere, euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko.
Urruñako Herriko Etxeak 2023an erosi zuen Bixikenia, eta ordutik prozesu sakona garatu du. Herritarren iritziak2 bilduz, eta elkarte nahiz eragileekin lankidetzan, kultura, natura eta komunitatea uztartuko zituen espazio ireki eta bizia eraikitzea zuten xede3 nagusi. Zortzi eraikinek osatzen dute gunea, hamabost hektareako berdegune batean kokaturik eta aldamenean oihan4 handi bat izanik.
Eraikina aurtengo ekainean estreinatu zuten, eta lehendabiziko kolektiboak bertan ezarri dira dagoeneko, besteak beste Urruñako Gazte Asanblada, Hazia elkartea eta herriko Besta Komitea. Hiru kolektiboek eraikin bera partekatuko dute Bixikenian, eta Gazte Asanbladaren eskutik bertan kokatuko da Urruñako gaztetxea. Arestikoez gain, Korrika Egiten Duen Basoa elkarteak Bixikenian izanen du bere egoitza finkoa. Talde horrek Urruña eta Biriatu herrietako lursail xumeak5 baratze-oihan partizipatibo bilakatu nahi ditu, giza jarduerak eta bioaniztasunaren zaintza bateragarriak izaten ahal direla agerian jartzeko6. Esperimentazio eta ikerketarako esparru gisa irudikatzen dute proiektu berria, baratze-oihanak “heziketarako eta kultura trukaketarako” lekua izateko helburuarekin.
Elkarteek ez ezik, arteak ere badu eta izanen du bere tokia Bixikenian. Baionako XabXab horma irudi egileak kanpoko espazioak apaintzeko ardura hartu du, eta askotariko erakusketa artistikoak antolatuko dira urte osoan. Cut the crap kolektiboak, artea eta skatea uztartzen dituenak, jolas gune berria ezarri du bertan. Hala, futbol, petanka, ping-pong eta babyfoot jardueretan aritzeko kirol guneak egun osoan izanen dira irekirik. Etorkizunera begira, jatetxe txiki bat, lorategi publiko bat, atsedengune bat eta baso elikatzaile bat ere eraiki nahi dituzte bertan.
Ione Iosie Urruñako udal teknikariak azaldu duenez, “kultur eragile profesionalei lantoki partekatu bat proposatu nahi diegu, eta zortzi eraikin horietako bat hautatu dugu jada erabilera horretara bideraturik”. Ildo horretan, joan den apirilean dei zabala egin zieten herriko sortzaile eta eragileei. Hogeita hamar bat hautagaitza jasota, hemezortzi proiektu hautatu zituzten, beste diziplina batzuen artean arte plastikoak, musika, ikus-entzunezkoak eta antzerkia euskaraz jorratzen dituztenak. Udazken honetan, tailer eta jarduera gehiago antolatzeko asmoa du Herriko Etxeak, betiere elkarteekin lankidetzan eta euskararen erabilera lehenetsiz7.
TRUKEA ETA PARTE HARTZEA
Filipe Aramendi Urruñako auzapezaren8 hitzetan, “Bixikeniaren helburua ekosistema bat sortzea da, elkartrukerako eta elkarbizitzarako leku bat, sorkuntzara eta aisialdira bideratua, kudeatzaileen eta erabiltzaileen artean elkarreraginak eta sinergiak loratuko dituena”. Gainera, “berrikuntza soziala eta esperimentazio kolektiboa, belaunaldien eta kulturen arteko topaketa, eta euskal hizkuntzaren eta kulturaren sustapena” bultzatzen saiatuko dira.
Helburu horri begira, Herriko Etxearen beraren Kultura, Hizkuntza, Elkarte eta Gazte Politika zerbitzuak gune horretan kokatuko dituzte, herriko elkarte eta kolektiboetatik gertu egoteko. Horrez gain, familia eta lagunarteko ekitaldiak eta/edo formakuntzak egiteko aukera eskaintzen duten azpiegiturak eraikiko dituzte, urruñarren eskura izanen direnak.
1. Hornitu: baliabideak eman, bitartekoak eskaini.
2. Iritzi: opinión (es), opinion (fr).
3. Xede: objetivo (es), objectif (fr).
4. Oihan: selva (es), forêt (fr).
5. Xume: txiki.
6. Agerian jarri: erakutsi, frogatu.
7. Lehenetsi: priorizar (es), privilégier (fr).
8. Auzapez: alkate.
