Euskal Kostaldeko flyschak Lur planetaren bilakaeraren sekretu mordoa gordetzen du bere geruza eta arroketan. Gizakiak iritsi baino askoz lehenago zer gertatu zen aztertu eta jakinarazi du geologiak, eta Euskal Geoparkeko gunea munduko garrantzitsuenetakoa, erreferente, bilakatu da. Horregatik sartu du International Union of Geological Sciences elkarteak flyscha munduko lehen 100 gune geologiko garrantzitsuenen artean. Andoni Urbistondo. Argazkia: Euskal Kostaldeko Geoparkea.

Asier Hilario (Tolosa, 45 urte) geologoa da, eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko koordinatzaile zientifikoa. Herritar gehienoi oso arrotzak zaizkigun azalpenak modu ulerterrazean azaltzeko haren gaitasunak mutu uzten du telefonoaren bestaldean erantzunak entzuten ari dena. 2020. urteaz geroztik, IUGS Geologia Zientziatako Nazioarteko Batasuna erakundeko Ondare Geologikoko Batzordeko presidentea da Hilario, eta joan den hilean Nazioarteko Batzarra egin zuten Zumaian. Han onartu zuten izen bera daraman idatzia, non jasota dagoen Zumaiako flyscha munduko interes geologiko handieneko 100 guneen zerrendan izango dela datozen urteotan.
IUGS erakundeak azken urteotan egindako lana goraipatzen du tolosarrak: “Munduko elkarte geologiko handiena da, 121 herrik dute ordezkaritza. Duela mende erdi, irizpide bateraturik ez zegoen, eta IUGSk izenak erabaki, arrokak sailkatu, eta mapak osatzeko modu estandarra arautu zuen. Bat eta bakarra geologia zientziarako”. 100 guneak erabakitzeko, mundu osoko adituek parte hartu zuten. Geografikoki nolabaiteko koherentziari eustea izan zuten helburu: “Alegia, mundu osoko guneak jasotzea zerrendan”, Hilarioren esanetan.
100 eremu esanguratsuenen zerrendan sartzeak goi mailako aitorpena dakarkie flyschean urte askoan egin izan diren ikerketei: “Inportantea da” dio Hilariok. “400 adituk hartu dute parte, eta 56 herritako gune geologikoak hautatu dira. Eskura zitekeen puntuaziorik handiena jaso zuen flyschak. Munduan gehien ikertutako guneen artean dago, eta, Zumaiako itsas aztarna sakonak aztertuz, Lur planetako garai oso garrantzitsuan zer gertatu zen jakiteko toki ezin hobea dela jabetu gara. Bizi garen planetaren historia kontatzen duen liburu bikaina da flyscha”. Datu batzuk emate aldera, goi mailako 200 artikulu baino gehiago eta 20 doktoretza tesi idatzi dira flyscharen gainean.


Liburu orriak, pertsonaiak, kontakizuna…
Historian, geologia mineralak, ura, petrolioa eta beste osagai batzuk ustiatzeko erabili izan dela dio Hilariok, baina azken urteotan abiatutako ekimenei esker geologiari per se daukan balioa aitortu omen zaio. Zein da, bada, flyscha hain berezi egiten duen ezaugarria? Zergatik da hain gune geologiko garrantzitsua? Honatx Asier Hilarioren erantzun gardena: “Lurraren historiari buruz inoiz idatzitako liburu ederrenetakoa da. Zumaian bezain argi leku gutxitan ikusten da. Arroka geruzak liburu orrien antzekoak dira, eta geruza horietako fosilak liburuko pertsonaiak lirateke. Labar horietako estratu, mineral eta fosilen azterketari esker, gure planetaren 50 milioi urteko bilakaera ikusi eta ulertzen jakin dugu: zergatik sortu ziren pertsonaia edo protagonista batzuk, eta zergatik desagertu”.
Bereziki, atzera joanda 70-55 milioi urteen arteko epea ezagutzen omen da ondoen, “dinosauroak desagertu zirenekoa, hain zuzen ere. Edo historiako klima beroaldi handienekoa, duela 56 milioi urte. Horregatik da hain erakargarria. Beroaldi hartan, batez besteko tenperatura bost eta zortzi gradu artean igo zen planetan. Gertatu zelako dakigu zer eta nola gertatu zen. Jakintza ezin hobea da klima sistemak gurera iristen ari den klima berotzeari aurre nola egin diezaiokeen ulertzeko. Orduan ere, berotegi efektuagatik gertatu zen berotzea, gizakiok Lur planetan sortu ere egin gabe geundenean, eta klima sistemak eta planetak berak buelta eman zioten egoerari, bere onera itzultzeko denbora asko behar izan bazuen ere”.
Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeak eman zion lehen bultzada flyschari; orain, IUGS erakundearen ekimenak berme zientifiko gorena eman dio. Bisita gidatuak egiten dituzte Geoparkean, eta merezi du horietako bat egitea, noski, Hilarioren iritziz: “Egiten dutenak harrituta geratuko dira, seguru. Paisaia ederraz gozatzeaz batera, Lurraren historia arrokatan nola islatzen den jakingo dute”. Gonbidapena egina, beraz, nahi duenarentzat.

GIZAKION BESO LUZEA…
Flyscha gizakiok planeta honetara iritsi baino askoz lehenago eratu zen Iberia eta Europa arteko itsaso tropikal batean, duela 90 bat milioi urte. Erdi txantxetan dio Hilariok milaka geruza daudela bertan, baina gizakiok bi geruzatan sartuko ginatekeela. Oro har, munduan aldaketak modu ordenatuan eta pixkanaka gertatu direla dio geologoak, eta gizakiak jarri dituela hankaz gora, planetan denbora gutxi daraman arren, hainbat eta hainbat sistema. Zumaiako adierazpeneko esana ekarri du gogora geologoak, dena den, gizakion aldeko aldarrikapena egiteko: “Planeta hankaz gora jarri dugu, bai, baina kontzientzia horrek eta sistema ulertzeko gure gaitasunak konponbidearen bidean jartzen gaituzte. Flyscha gizakion pentsatzeko gaitasunari eskainitako monumentua da, itsas labarretako geruza horiek ulertzen eta irakurtzen jakin dugulako”.

 



Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.