Garai batean, bederatzi tigre azpiespezie zeuden munduan. Egun, sei dira. Javakoak, Kaspiarrak eta Balikoak XX. mendean desagertu ziren. Indian, ordea, gora egin du tigre kopuruak azken urteetan. Juan Luis Mugertza. Argazkiak: Juan Luis Mugertza.

Isileko ehiza, legez kanpoko merkatuan neurriz gaineko prezioko salmenta, txinatar medikuntza tradizionalerako sendagai gisa erabiltzea, habitataren suntsipena, klima aldaketa eta pestiziden erabilera dira, besteak beste, tigreak dituen mehatxu nagusiak.
Indian, tigrea desagertzeko arriskua independentziaren ondoren heldu zen. 1970. urtera arte, tigrearen ehiza baimenduta zegoen, eta tigre bat akabatzeak ehun errupia (1,20 euro) balio omen zuen. Alabaina, ehiza debekatzea ez zen nahikoa izan tigrea salbatzeko. 2000ko hamarraldiaren hasieran, Indiako adituek, egoera txarraz jabetuta, tigreak laster desager zitezkeela ohartarazi zuten. Hori dela eta, azken 25 urteotan, Indiako animalia nazionalak nabarmen egin du hobera, neurri handi batean hango gobernuaren ahaleginari esker (iaz, 24 milioi euro inbertitu zituen). Izan ere, 2010ean 1.706 tigre zeuden; 2024an, berriz, 3.200 inguru, Tigreen Kontserbaziorako Agintaritza Nazionalaren arabera.
Indian gehien
India da tigre gehien dituen herrialdea munduan. Bengalako tigrea (Panthera tigris) da ugariena eta handiena; haren populazioaren % 75 gutxi gorabehera bertan bizi da. Ikerketa batean ondorioztatu dutenez, tigreen habitatetatik hurbil dauden tokiko komunitate batzuek ere onurak izan dituzte, tigrearen inguruan sortutako ekoturismoak diru sarrera ekarri baitie. “Beti pentsatu izan da giza dentsitateak tigreen populazioaren hazkundea oztopatzen duela, baina azterketek erakusten dute garrantzitsuena ez dela jendearen kopurua, haren jarrera baizik", azaldu du Yadvendradev Jhalak, Bengaluruko Indiako Zientzia Akademia Nazionaleko zientzialari eta ikerketaren egile nagusiak.
Ospe beldurgarria duten arren, tigre gehienek gizakiak saihesten dituzte, nahiz eta gutxi batzuk gizaki jale arriskutsu bihurtu. Horiek zaharrak izan ohi dira, beraz, normalean ez dira ehizatzeko gai; edo beren harrapakin naturalak desagertuta dauden eremu batean bizi dira. Siberiakoa da tigrerik handiena, eta Sumatrakoa txikiena. Guk, tigrea ikusteko asmoz, Delhin trena hartu, eta 5 orduz bidaiatu ostean Sawai Madhopur hirira heldu gara, hurrengo egunean Ranthamboreko Parke Nazionalera joateko.

Oinatzen atzetik
Eguerdiko ordu biak dira. Parkeko ate nagusiko sarreran, gidariak ohiko tramiteak egin ditu eta jeepak Ranthamboreko Parke Nazionaleko tigrearen eremu zabalera eraman gaitu safariko kideok. Noiz edo noiz, beste jeepetako gidariekin topo egin eta informazioa trukatzen dute. Momentuan jabetu gara, hindia ulertu ez arren, berri onik ez dagoela, eta etsipena sortu zaigu safarikideoi.
Tigrea ikustea ez da erraza. Eremua oso handia da, belartza zenbait lekutan oso trinkoa, eta bidexka asko, noraezean, sigi-sagatsuak dira. Halako batean, baina, sastraketan zarata txikia entzun dugu. Gidariak, esku keinu batez, gelditzeko esan dio txoferrari. Tigrea egon badago, nonbait, ikusezin, bisitariongandik ezkutatuta. Luzea egin zaigu itxaronaldia, baina hortxe dugu inoiz ahaztuko ez dugun felinoa. Poliki-poliki, gugana hurbildu da eta zuhaitz baten enborraren kontra jarri du ipurtaldea. Aharrausi egin, bere hortz-hagin beldurgarriak agerian utzita, eta nagiak atera ditu lurrean. Ondoren, emeki altxatu, inguruetara begiratu, parean duen bidexka gurutzatu, jauzi txiki bat egin, eta berriro gelditu da eroritako enbor baten azpian, patxada ederrean, tamaina ertaineko sambar izeneko orein talde bati so. Izan ere, tigrea gai da denbora luzean zain egoteko. Jeep barrukook, bitartean, gordinkeriaren irudiak ikusteko zain.
Bat-batean, sambar baten orroak beste oreinak ohartarazi ditu. Geldi daude, baina denek begiratu dute toki berera. Oihaneko tentsioa gero eta handiagoa da. Alabaina, denbora aurrera joan da eta oreinek tigrea ahaztu dute, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Bada, oso gaizki egina: tigrea, ezkutuko gordelekutik ziztu bizian aterata, oldartu egin zaie eta, guztiak hanka egiten saiatu badira ere, begiz jotako harrapakina haginetan estutu eta itotzen ari da.
Arrastaka eraman du ezkutuko leku batera, begiluzeengandik aparte, lasai asko egoteko. Ehizakia jan aurretik, larrua kenduko dio, eta jakia egoera onean egon bitartean, hainbat egunez ez da ingurutik urrunduko, sarraskijaleek ez jateko. Gosea ase ostean, loak hartu eta, berriro edateko ez bada, ez du zirkinik egingo.
Safarikook bagoaz, oso pozik. Bien bitartean, Ranthamboreko lakuek, errekatxoek eta oihanek bertako animalien bizitzaren eta heriotzaren arteko eszenatokia izaten jarraituko dute, eta guk hala opa diogu XXI. mendeko fenix hegaztiari. 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.