bidean web

Amaitu berri da 24. Korrika. Jende ugarik hartu du parte, eta askorentzat lehenengo aldia izan da; horrenbestez1, urrats garrantzitsua egin dute euskararen mundura hurbiltzeko. Dena dela, Korrika amaitu ondoren ere, nola jarraitu euskarari lotuta? Korrikaren 12. Egunean parte hartuz, esaterako. AEKk antolatu du ekimena2, Korrika bukatu ostean ere euskara sustatzen3 jarraitzeko. Eñaut Mitxelena.

Euskara gara...
Pertsona askok bizi-bizi izango dituzte oraindik Korrikak hamaika egunez eragindako bizipen eta emozio indartsuak. Sentipen⁴ horiei helduta antolatuko du AEKk Korrikaren 12. Eguna. Korrika ez baita besterik gabe⁵ hasi eta bukatzen. Duela gutxi Ane Elordi Korrikako arduradunak AIZU!n azaldu zuenez, “benetako lasterketa eta konpromisoa Korrika igarota dator. Helburu handiekin abiatzen dugu, baina ekimena bera labur geratzen zaigu askotan eta, ondorioz, Korrikak irauten duen 11 egunetatik harago joan behar dugu”. Finean, helburua da Korrikan sortutako ilusioa eta euskararekiko atxikimendua⁶ ondoren ere euskara sustatzen jarraitzeko baliatzea.

...eta izango gara!
Euskara gara, dio 24. Korrikaren leloak⁷. Euskara gara... eta izango gara!, berriz, Korrikaren 12. Egunarenak. Horrela adierazi nahi du AEKk Korrikaren garra⁸, lasterketa amaitu eta gero pixkanaka itzaltzen utzi beharrean, euskararen pizkunderako txinparta bihurtu nahi duela. Izan ere, helburua da Korrikak sortutako indarrari jarraitutasuna ematea. Hala, Korrikan eragileei konpromisoa eskatzen zaien bezala, AEKk ere berea hartu du, eta 12. Egunean erakutsiko du zer egin dezakeen⁹ euskara sustatzeko. Hala, 12. Egunaren leloak iradokitzen duen moduan, ekimenak etorkizunera begiratu nahi du. Horretarako, bi jarduera antolatuko ditu.

Eskola bat doan
Behin Korrika amaituta, nola jarraitu euskararen munduan murgiltzen10? Korrikaren 12. Egunean parte hartuz. Hori egiteko moduetako bat euskarazko eskola bat musu-truk jasotzea izango da. Apirilaren 22an, AEKk doako11 eskolak antolatuko ditu bere euskaltegietan. Hasiera-mailakoak izango dira, hau da, euskara hutsetik12 ikasi nahi dutenentzat bereziki pentsatuak. AEKk 100 euskaltegi baino gehiago ditu Euskal Herrian, eta gehienetan egingo dituzte doako eskolak egun horretan. Beraz, interesa eta gogoa, besterik ez da beharko parte hartzeko. Eta norberaren inguruan AEKren euskaltegiak non dauden begiratzea, noski! 

Mintzodromoak
Zein da Korrikaren 12. Egunean parte hartzeko bigarren aukera? Euskara praktikatzea. Hortaz, AEKk mintzodromoak antolatuko ditu maiatzaren 21ean Euskal Herri osoan. Mintzodromoak euskaraz lagun-giroan hitz egiteko eta praktikatzeko topaketak dira. Jendea talde txikitan banatuta aritzen da, euskaraz ongi moldatzen direnak eta ikasten ari direnak nahastuta. AEKk nahi du egun hori “Euskal Herrian euskara gehien hitz egingo den eguna” izatea, eta 65 mintzodromo antolatuko ditu horretarako. Dinamizatzaileen laguntzaz, bi gai izango dira hizpide13: euskararen erabilera eta praktika-jarduerak. Interesa duen herritar orok parte hartu ahal izango du mintzodromoetan. 

Izena emateko: korrika.eus/etaizangogara

506korrikaQR 

1. Horrenbestez: beraz, hortaz, ondorioz.
2. Ekimen:
iniciativa (es), initiative (fr).
3. Sustatu:
impulsar (es), impulser (fr).
4. Sentipen:
sensación (es), sensation (fr).
5. Besterik gabe:
sin más (es), simplement (fr).
6. Atxikimendu:
apego (es), attachement (fr).
7. Lelo:
lema (es), slogan (fr).
8. Gar:
llama (es), flamme (fr).
9. Dezakeen:
ahal duen.
10. Murgildu:
sumergir(se) (es), (s')immerger (fr).
11. Doako:
dirurik ordaindu gabe, debalde, musu-truk.
12. Huts:
zero.
13. Hizpide:
hitz egiteko gai, mintzagai. 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.