Upategi txikien deiadarra
Arabako ardogileek uzta1 laburra eta galera2 handiak izan dituzte aurten. Horrekin batera, Arabako Mahastiak3 sor-markaren aferak, ezezko guztiak jaso ondoren, azken geltokia du orain: Espainiako Konstituzio Auzitegia. Esti Lanao. Argazkia: ABRA/Sorland.
Arabako Errioxako ardoa urterik zailena bizitzen ari da aurten. Oso mahats bilketa gogorra izan da, eta nekea eta urduritasuna dira nagusi eskualdeko herritarren artean. ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteko lehendakari ohi Itxaso Compañonek azaldu duenez (Angela Bellok ordezkatu du aurten), urteroko ohiko arazoei gehiago batu zaizkie; hots, klimak eta eguraldiak eragindakoei bestelako faktoreak gehitu zaizkie. Besteak beste, “langile falta izan dugu eta nekazariak ez dira ongi kobratzen ari”. Hori gutxi balitz bezala, mildiu gaixotasun fungikoa azkar zabaldu da Arabako Errioxako mahastietan.
Horren guztiaren ondorioz, uztak nabarmen galdu dira eta tratamendu kostuak handitu egin dira. Horri aurre egiteko ere oztopoak aurkitu dituzte. Compañonen hitzetan, “normalean, arazo klimatikoen ondorioei edo larrialdiei aurre egiteko aseguruak daude, baina mildiuaren kasuan ez dago horrelakorik”. Ildo horretan, mahats bilketa laburra4 izan dela azaldu du: “Galera handiak izan ditugu: % 40 besterik ez jasotzea espero dugu”. Azken denboraldia sekulako ahaleginak eginez atera dute aurrera nekazariek, ahalegin ekonomikoak, fisikoak eta mentalak.
Halako egoeretan, hainbat laguntza izan dituzte betidanik, hala nola destilaziorako, biltegiratzerako5 eta errendimendu galerarako. Aurten, ordea, ez da horrela izan, nahiz eta Arabako Foru Aldundiak ustiategietako6 gainkostuak eta galerak konpentsatzeko ezohiko7 neurriak iragarri. Are gehiago, dirulaguntza horiek desagertu egin dira, eta mildiuari aurre egiteko laguntza egongo dela esan diete, baina oraindik ez dute horren berririk izan.
Aurten, guztira, 1,6 milioi euro jaso dituzte, baina kopuru hori oso urrun dago aurreko urteetakotik. “Aipatu hiru laguntza horiek batuta, ia 10 milioi euro izan genuen iaz”, dio. Hala ere, Compañonen iritziz, irtenbide hori ez da nahikoa: “Ez du zentzurik, sektorearen barruan ez baduzu ezer egiten, ez badiozu egiturazko8 konponbidea ematen. Nire ustez, dirulaguntzak aringarriak9 dira, besterik ez, minik gabe hil zaitezen, hiltzen ez saiatzeko tratamendua eman beharrean”.
Horrez gain, Arabako upategi txikien elkarteak Arabako Mahastiak sor-marka eskuratzeko hainbat saialdi egin ditu. Compañonek dioenez, “bereizketa10 beharrezkoa dela iruditzen zaigu, kontsumitzaileek erraz aurki ditzaten ekoizle txikien, upategi txikien eta Arabako upategien ardoak”. Azken finean, lehen sektoreko produktu askotan hala egiten dute: “Supermerkatura bazoaz, Idiazabal eta García Baquero gaztak aurkituko dituzu, eta nahi duzuna eros dezakezu, baina ez dira berdinak ez prezio ez zapore aldetik”. Ardoaren munduan, aldiz, ez da hori gertatzen, eta, hain zuzen, horixe islatu nahi dute. “Gu ez gara García Baquero, gu Idiazabal gara, eta hori erakutsi nahi dugu. Gero kontsumitzaileak nahi duena egin dezake, baina jakin dezala zer kontsumitzen ari den, behintzat”.
Alabaina, sor-marka lortzeko bidea malkartsua11 izaten ari da. Epaitegien aldetik traba guztiak izan dituzte, eta aukera bakarra dute orain: “Azken pausoa Madrilera joatea dugu, Konstituzio Auzitegira”. Jakitun dira erabaki horrek 10.000 euroko zorrarekin utziko dituela, baina eutsi egiten diote. “Ez dugu inolako laguntzarik, geuk bilatu beharko ditugu diru sarrera horiek, baina amaieraraino iritsiko gara”, nabarmendu du Compañonek.
Azken sei urteetako datuak ere gainbeheraren12 erakusle argia dira: 99 uzta biltzaile gutxiago dago, etorkizunean nekazari gehiagok beren ustiategiak itxiko dituzte eta upategi handiek hartuko dute lekua, mahastiak erosten ari direlako. “Dirutza eskaintzen dute mahastien truke, eta ardogileek, halabeharrez13, saldu egin behar dute”. Kezkaz begiratzen diete horrek ekar ditzakeen ondorioei. Izan ere, inbertsio funtsak14 Arabako Errioxako jaun eta jabe bihurtzeko arriskua handia da, eta, hala gertatuko balitz, Arabako Errioxa ez litzateke bertako jendearena izango: “Azkenean, gure aitonarena zen mahastian upategi handi batentzat lan egingo dugu. Eskualdea suntsitzen ari da eta, berdin jarraituz gero, paisaia aldatu egingo da, hamar upategi handi geratuko dira, eta kito. Oso momentu larrian gaude”.
Hori gutxi balitz bezala, belaunaldien erreleboa ere falta zaie, errentagarritasunik ez dagoelako. “Gurasoek ez dute seme-alabak ardogileak izatea nahi, ikusten dutelako ez dutela ongi kobratzen; eta gazteek ez dute dirurik galdu nahi, ez dira inozoak”, dio. Konponbidea, Compañonen ustez, erraza da: “Lehengaiei eta ekoizleei errespetu handiagoa izanez gero, ez da erreleborik faltako”.
Bestalde, administrazioek ez dute jarrerarik agertu, eta hori oso esanguratsua dela dio Compañonek: “Gure ustez, babeste soila nahikoa da gure alde daudela erakusteko, baina babestu ere ez dute egiten, eta hori kontra jotzea da”. ABRAko lehendakari ohiak Amaya Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren hitzak gogora ekarri nahi izan ditu, eskualdeko herritarren ezinegona15 eta beldurra zein handiak diren azaltzeko: “Badakigu upategi asko itxiko direla, baina ahalik eta gutxien izatea espero dugu”.
Gauzak horrela, herritarrak behin eta berriz salatzen ari dira itotzear daudela, baina bai Foru Aldundiak bai Eusko Jaurlaritzak entzungor egiten jarraitzen dute. Horregatik, aldaketa estrukturala egiteko deia egiten dute. Compañonen iritziz, “administrazioak ausartak izan behar dira, sinetsi egin behar dute Arabako Errioxako ardogileengan eta nekazariengan, eta politika indartsuak ezarri behar dituzte”.
ETORKIZUNA KOLOKAN, ARGI IZPIEN ZAIN
Arabako Errioxako mahastizaintzaren eta ardogintzaren mapa ez da oso pozgarria; halere, bertako ardogileek ez dute itxaropena galtzen, eta elkartean izan diren aldaketek (lehendakari berria, esaterako) egoera arintzen laguntzen dute: “Jende gaztea sartu da, indarra dute, eta ateak jotzeko gogoa”.
1. Uzta: cosecha (es), récolte (fr).
2. Galera: pérdida (es), perte (fr).
3. Mahasti: viñedo (es), vigne (fr).
4. Labur: breve (es), brève (fr).
5. Biltegiratu: almacenar (es), emmagasiner (fr).
6. Ustiategi: explotación (es), exploitation (fr).
7. Ezohiko: inhabitual (es), inhabituel, -elle (fr).
8. Egiturazko: estruktural.
9. Aringarri: lagungarri, laguntzen duena.
10. Bereizketa: diferenciación (es), différenciation (fr).
11. Malkartsu: abrupto, -a (es), abrupt, -e (fr).
12. Gainbehera: declive (es), déclin (fr).
13. Halabeharrez: derrigor, nahitaez, ezinbestean.
14. Inbertsio funts: fondo de inversión (es), fonds d'investissement (fr).
15. Ezinegon: inquietud (es), inquiétude (fr).
