Haikua: kultura baten sinboloa
Hamazazpi silaba, besterik ez dute behar japoniarrek literatura sortzeko. Bidaia, natura eta egunerokotasuna1 nahasten dituzte poema labur hauetan, gaur egun ere ospe handia dutenak. Marcos Tedin. Irudiak: Marianela Roldán.
“Haizea dator, ileak nahasi eta badoa”, idatzi zuen Joseba Sarrionandiak 1992an Kartzelako poemak liburuan. Halako poesia laburraren egiturak, hala ere, atzerrian2 du jatorria. Japonian sortu zen, zehazki, eta haiku du izena.
Haikuak, definitzen hasteko, hainbat ezaugarri ditu. Hiru lerro dira: lehengoak bost silaba ditu; bigarrenak, zazpi; eta hirugarrenak, bost. Guztira, hamazazpi silaba eta kigo bat (hitz berezia) izan behar ditu. Poesia mota hau tradizio bihurtu da Japonian, eta izugarrizko arrakasta du gaur egun. Izan ere, han 10 miloi pertsonak baino gehiagok idazten dituzte haikuak, eta mundu osora zabaldu dira.
Takayoshi Makino literaturan aditua da. Suzukan (Japonia) jaioa, orain Argentinan bizi da. Bertan, bere herrialdeko kultura zabaltzen eta irakasten du, eta, bere ustez, poesia oso garrantzitsua da. Dioenez, lehen esandako ezaugarriez gain, badaude haiku bat osatzeko beste hainbat osagai.
Kigo hitz gakoa da, Makinok azaldu duenez. Ki silabak “urtaro3” esan nahi du; go-k, berriz, “hitz”. Natura eta, batez ere, urtaro bat iradokitzen4 da kigo-ren bitartez. Adibidez, ipurtargiek5 uda irudikatzen dute Japonian. Gereziondoek, ostera, udaberria.
Honela deskribatzen du Makinok: “Kigo-k bi eginkizun ditu. Alde batetik, naturatik kanpo ez dagoela haiku posiblerik baieztatzea. Haikua ez da gai abstraktuez edo filosofikoez aritzen. Idazle bakoitzak bere mundu propioa adierazi nahi du, baina kigo-k debekatu egiten dio. Beste alde batetik, deskribapena saihestea6 sinboloaren bitartez, kigo-k bizipenak eta sentipenak iradokitzen ditu”.
Horrez gain, “haikuaren mamia ez da azaltzea, baizik eta iradokitzea. Matsuo Basho idazle apartak honela galdetu zien behin bere ikasleei: "Zertarako dena azaldu?"”. Ildo horretan, shoryaku hitza aipatu du: “Laburpena, omisioa edo elipsia. Kultura japoniarraren ezaugarrietako bat da bistan dagoena ez aipatzea”.
Poesia mota hau ulertzeko, ziurtatu du Makinok, kultura japoniarra ulertzea ezinbestekoa da. Haren hitzetan, “Mendebaldea erabateko egiaren bila dabil, baina guretzat egia erlatiboa da; gauden tokiari eta besteekin dauzkagun harremanetan betetzen dugun lekuari lotuta dago. Eta beste horiek ez dira bakarrik gure inguruko pertsonak, baita natura eta arbasoak7 ere”.
Beste ezagugarri oso garrantzitsu bat idazlea da. Haikuak idazten dituena bidaiaria dela argitu du Makinok, eta galdetu: “Japoniako literaturan zergatik ematen zaio hainbesteko garrantzia bidaiari, bideetan ibiltzeari? Eta irakurleek zergatik lehenesten8 dute literatura mota hau?”.
“Bidaiaria ez da turista. Turistak helburu bat du, eta jaioterrira itzuliko da. Bien arteko alderik handiena munduarekiko duten begirada edo jarrera da” zehaztu du Makinok, eta zera gehitu du: “Bidaiaria munduari zabalik dago. Bere buruari “nor naiz?” galdetu beharrean, “nolatan nago munduan?” galdetzen dio. Munduak inguratuta dagoela jabetzen da, eta horixe da haikuaren gai nagusia: jabetzea9”.
“Bidaia gure bizitzaren metafora da. Bidaiarien begirada iragankortasunarena10 da. Japonieraz, mujo esaten zaio. Sortze eta iraungitze11 mugimendu horien errepikapena da mundua”, ziurtatu du.
“Bidaiariaren ikuspegia ezberdina da: egunerokoa ez den begiradaren bidez ikusi behar da egunerokotasuna”, Makinoren iritziz. “Bidaiariek, iragankortasuna barneratuta, naturaren hondoan dagoen egia aldaezina topatzen dute”, gehitu du.
Hori guztia ulertzeko, Bashok idatzitako haiku hau jarri du adibidetzat Makinok: “Bidean erorita, nire ametsak, lur lauan, bueltaka ari dira”. Argi dago itzulpenean metrika galdu egiten dela. Alabaina, mamia12 hortxe dago. Kasu honetan, “lau” da kigo, eta negua iradokitzea du helburu.
Poesia labur hauei laguntzeko, sarritan haiga bat erabiltzen da, margotzeko era bat, Japonian sortua. Haikuak bezala, marrazki txikiak dira, egunerokotasuna irudikatzen saiatzen direnak.
Nahiz eta Japoniako kulturarekin lotura handia izan, haikua edozein hizkuntzatan eta lekutan idatz daiteke. Hainbat euskal idazlek erabili izan dute estilo hau (Miren Agur Meabe eta Kirmen Uribe, besteak beste). Uda amaitzen ari den garai honetan, urtaro hau iradokitzeko haiku batzuk dituzue irudietan, kigo gisa “berde” hitza erabilita.
1. Egunerokotasun: cotidianeidad (es), quotidienneté (fr).
2. Atzerri: extranjero (es), étranger (fr).
3. Urtaro: urteko garai (negua, udaberria, uda edo udazkena).
4. Iradoki: sugerir (es), suggérer (fr).
5. Ipurtargi: luciérnaga (es), ver luisant (fr).
6. Saihestu: eludir (es), éluder (fr).
7. Arbaso: ancestro (es), ancêtre (fr).
8. Lehenetsi: preferir (es), préférer (fr).
9. Jabetu: ohartu, konturatu, kontziente izan.
10. Iragankortasun: fugacidad (es), fugacité (fr).
11. Iraungitze: caducidad (es), expiration (fr).
12. Mami: esencia (es), essence (fr).
