Abizen euskalduna izan eta Urdinarrain izeneko herrian jaio arren, Roberto Goyeneche abeslariari Polaco (poloniarra) esaten zioten. Argentinako tangoaren mitorik handienetakoa izan zen. Marcos Tedin. Argazkia: Marcos Tedin.
Buenos Airesko Saavedra auzoan zehar ibili besterik ez dago Roberto Goyenechek Argentinako kulturan utzitako arrastoa ezagutzeko eta ulertzeko. Bertan, kaleek, plazek eta muralek abeslariaren izena, aurpegia eta historia erakusten dituzte. Horrez gain, entzumena zorroztuz gero, hiriko zarataren gainetik haren abestiren bat entzungo da, auzoa girotzen. Roberto Goyeneche Polaco tangoa da; Saavedra, berriz, futbola eta tradizioa.
Mitoaren arabera, Goyeneche Entre Ríos probintziako Urdinarrain herrian jaio zen, 1926ko urtarrilaren 29an. Saavedrako bizilagunek haren jaiotza auzoarekin lotzen badute ere, badirudi ez zela hala izan. Urdinarrainen diote Goyenecheren ama Argentinako iparraldetik Buenos Airesera trenez bidaiatzen ari zela, haurdun, erditzeko jaitsi behar izan zuela herrian. Larrialdian, tokiko ospitale txiki batean artatu zuten eta hantxe jaio zen tango abeslaria. Historialarien arabera, sustraiak Nafarroan zituen.
Nahiz eta auzotik urrun jaio, berehala eraman zuten Roberto Saavedrara. Hor egin zituen lehenengo pausoak, etxetik oso gertu, baina musikatik oso urrun. Txofertza izan zen bere aurreneko lanbidea. Autobusak eta taxiak gidatzen zituen, eta mekanikoa ere bazen, automobilismoa gustatzen zitzaiolako. 19. autobus lineako gidaria zen, eta zenbaki horrek bizitza osoan lagundu zion.
Urte batzuk eman zituen gidari, baina musikarekiko pasioa ez zuen inoiz galdu. 1944an, 18 urte zituela, ahots berrien lehiaketa bat irabazi zuen. Orduan jabetu zen bere talentuaz. Carlos Gardel, tangoaren mitorik handiena, zen bere idoloa. Horregatik, haren estiloa inspirazio iturri izan zen Goyenecherentzat.
Tango orkestrarik famatuenetan sartu zen, bere ahots baxuaren berezitasunari esker. Eszenako musikari arrakastatsuenekin abesteko aukera izan zuen: Horacio Salgán, Ángel Díaz eta Aníbal Troilo, besteak beste. Garai hartan jarri zioten Polaco ezizena, ilehoria zelako, eta identitate berri horrekin ikono bihurtu zen. Goyenechek bazekien, inork baino hobeto, bere abestietan tangoak irudikatzen dituen melankolia eta nostalgia agertzen.
1969an, benetan famatua egin zen, Astor Piazzolak idatzitako Balada para un loco eta Chiquilín de bachín kantatu zituenean. Tangoan, abeslariak bizitza ematen die idazleek konposatzen dituzten abestiei. Hau da, kantak ez dira kantarienak, baizik eta konpositoreenak. Kasu honetan, Goyenechek bi abesti kantatu zituen, eta bere ibilbidean mugarri izan ziren. Hala ere, garai hartan tangoa baztertuta zegoen, argentinarrak beste musika mota batzuk entzuten hasiak zirelako.
Zahartzean, bere ahotsa aldatu, eta doinu berezia hartu zuen. Jakina da Goyenechek ez zeukala gorputza zaintzeko ohiturarik; adikzioak ere egotzi zizkioten. Hori dela eta, 1993an, Argentinako beste musikari famatu batek, Cacho Castañak, Garganta con arena (Hondarrez beteriko eztarria) abestia konposatu zuen haren omenez. "Kanta ezazu, jendea txaloka ari da, eta hilzorian bazaude ere, ez dute zure oinazea ezagutzen”, dio kantak.
Roberto Goyeneche 1994ko abuztuaren 27an hil zen, Saavedran, pneumoniaren ondorioz. Hutsune erraldoia utzi zuen jada ahaztuta zegoen tangoan. “Gaur, auzoa arraro geratu da. Zure kaleak ikusten ditut eta zu ekartzen zaituzte gogora”, horixe idatzi zuten haren etxe parean.
Tangoaren izar bilakatu arren, Saavedra ez zuen inoiz ahaztu. Agertokiko fokuetatik urrun bizitzea erabaki zuen, hiriko iparraldean galduta dagoen auzo batean. Melian kalean dagoen etxetik ez zuen sekula mugitu nahi izan. Eta beti jarraitzen zion, grinaz, Platense tokiko futbol taldeari. Hala, garai onetan zein txarretan, ez zion animatzeari utzi. Hori dela eta, Vicente López Hiria estadioko harmailarik jendetsuenak bere izena darama: Roberto Polaco Goyeneche. Horrez gain, partidetako atsedenaldietan Balada para un loco entzuten da.
Musikak eskaini ez zion aitorpena bere auzoaren fideltasunarekin eta gertutasunarekin jaso zuen Goyenechek. Gaur egun, bere izena eta aurpegia nonahi daude. Tangoan eta jendearen bizitzan utzi zuen arrastoaren erakusgarri dira hiriko kaleak. Kantari aparta baino, herriaren idolo bihurtu zen, nekez ahaztuko dena. Halaxe diote bere omenez margotutako muralek: Polaco, auzoak gogoan zaitu.
URDINARRAIN
Urdinarrain herri txikia Argentinako erdialdean dago, Entre Ríos probintzian. 9.000 biztanle baino gutxiago ditu eta nekazaritza da jarduera ekonomiko nagusia. Europako herri askotako etorkinak hartu zituen bere garaian. Izena militar nabarmena izandako Manuel Antonio Urdinarrain jeneralari zor8 dio. Haren aitak, Agustinek, Bizkaitik Entre Ríosera emigratu zuen XIX. mendean.