Aldarrikapen honek urte luzez iraun du. Izan ere, Iruñean, hainbat gurasok, eta euskalgintzak berak ere bai, maiz eskatu izan dute hiriko haur eskolen eskaintza egoki dadila, gurasoek beren seme-alabentzako hizkuntza eredua aukeratzeko duten eskubidea bermatzeko. Duela 35 urte, euskarazko haur eskola bakarra zegoen. Gaur egun, berdin, bat besterik ez. Aldaketarik eza aski etsigarri bihurtu da. Helios del Santo. Argazkia: Pexels.
Eskaera argia da: Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskola bat egotea, alegia, murgiltze eredua. Borroka honen historia luzea da, eta une ezberdinak bizi izan ditu. Historikoki, bi haur eskola bakarrik izan ziren euskaraz, eta biak auzo berean, Txantrean. Bestalde, esaterako, Joseba Asiron (EH Bildu) alkatea izan zen lehendabiziko epealdian, 2015-2019 bitartean, udal gobernua osatzen zuten lau alderdiek (EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezker Batua) euskarazko eskaintza beste bi eskolatara zabaldu zuten, baina epaitegiek atzera bota zuten ekinaldia.
Oraingo egoerara iritsi bitartean, eskaera zehatzak egin dira auzo batean edo bestean euskarazkoa zabaltzeko, baina ikasturte honetan, berriro gobernu aldaketa gertatu bezain pronto, Udalari gogorarazi zaio aferari irtenbide sendoa eman behar zaiola, 2025/2026 ikasturteko matrikulaziori begira. Orain arteko adierazpenetan, Asironek argi utzi du: “Iruñeko edozein auzotan haurrek euskaraz ikasteko aukera izatea, horixe legealdirako helburua”. Euskalgintzaren mobilizazioak ez dira apaldu, eta uda aurretik berriro deitu zuten manifestazioa.
Bi argudio sendo
Lehenik eta behin, ikus dezagun Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantzak dioena: “Haur Eskolak hedatzeko plan orokorraren barruan, euskarazko haur irakaskuntzarako eskaerak aintzat hartuko dira, ahal den modurik hoberenean bermatuz gurasoek euren seme-alabendako hizkuntz eredua hautatzeko duten eskubidea”. Egun auzo bakarrean eskaintzen denez, ezinezkoa da helburu horretara hurbiltzea, jakina. Izan ere, oraingo egoerak gurasoak haien auzotik kanpo joatera behartzen ditu, euskarazko eskola bakar horretara, baldin eta tokirik badu. Iruñea alderik alde zeharkatzera derrigortuta daude. Hala, Udalak ez ditu familien eta haurren egunerokotasunean eragiten dituen kalteak kontuan hartzen, eta, ondorioz, herritarren artean desberdintasun gehiago sortzen dira.
Bigarrenik, euskarazko haur eskolen eskaera ez da bakarrik batzuen eskubidea bermatzea. Euskararen auzia, arlo guztietan, elkarbizitza kontua da, gizarte kohesioa hauspotzea. Hori dela eta, belaunaldi berriek euskara ezagutzea ezinbestekoa da, euskarak herritar gehiago irabaztea, hain zuzen ere. Horren aldeko politikak egiten diren lekuetan, nabaria izan da hazkundea. Horretarako modu bakarra, adituek dioten bezala, murgiltze eredua da. Egoera diglosikoan bizi diren herrialdeetan, berebiziko garrantzia du murgiltzeko irakaskuntza sistemak: hizkuntza nagusia gizarteko esparru guztietan zabalduena izanik, eskolak lehentasunezko lekua ematen dio hizkuntza gutxituari. Murgiltze sistemari buruz egin diren ikerketek argi erakusten dute hizkuntza gutxituan murgilduta egoteak ikasleen elebitasuna edo eleaniztasuna bermatzen duela.
Aldaketa jomugan
Itxaropena zabaldu da, baina euskalgintza ez da zain geldituko, ezta familiak ere. Urteak daramatzate mobilizatzen eta horrela jarraituko dute, argi dutelako afera oso garrantzitsua dela. Euskaltzaleek euskarazko haur eskolen arazoari lehentasuna emateko eskatu diote Iruñeko Udalari. 2025eko udaberrian, ikusiko dugu zein den egoera.
MAPA ETA ESKAINTZA
Iruñeko Udalaren 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako hezkuntza eskaintza hamabi eskolak osatzen dute, eta horietako bakoitzak hainbat talde ditu, adinaren arabera. Zortzi auzotan banaturik, lau hizkuntza eredu dituzte: gaztelania, euskara, gaztelania ingelesezko jarduerekin eta euskara ingelesezko jarduerekin. Hamabi horien artean, euskarazko haur eskola bakarra dago, 82 plazarekin. Adibidez, gaztelaniaz lau daude, 368 plazarekin. Gaztelaniaz eta ingelesezko jarduerekin, beste 225 plaza (3 eskolatan). Gainerako lau eskoletan, euskara eta gaztelania batera daude, denetan ingelesezko jarduerekin.
Nafarroako Gobernuaren eskaintzari dagokionez, adin tarte horretan hainbat eskola kudeatzen ditu: Iruñean bost, hain zuzen ere. Hiru gaztelaniazkoak eta beste biak mistoak dira: gaztelaniaz gain, euskarazko lerroa eskaintzen da.