Barnetegia euskara ikasteko eta hobetzeko modurik politena da: ikasleek, eskolak jasotzeaz gain, beste kontu askotarako astia dute: txangoak, ekintzak, lagun berriak... Azken batean, egun osoa euskaraz eroso bizitzeko aukera!
Zer egiten da?
Gosaldu ostean, eskola 09:00etatik 13:00etara. Bazkaldu ondoren, atsedentxoa eta berriro eskolara. Gero, tailerrak (euskal kulturarekin lotutakoak, txangoak, hitzaldiak...).
Zenbat irauten du? Eta non dago?
Bi aste (familia barnetegiak, 12 egun). Herri euskaldunetan: Forua (Bizkaia), Arantza (Nafarroa Garaia) eta Aduna (Gipuzkoa). Hizkuntza bat ikasteko, ez dago hizkuntza hori hitz egiten den ingurunean murgiltzea bezalakorik!
Adina eta maila
Derrigorrezkoa da 18 urte beteta edukitzea. Hortik aurrera, mugarik ez! B1 maila gaindituta eduki behar da (abuztuan, bigarren hamabostaldiko A2 mailako barnetegirako, A1 maila).
Familia-barnetegia
Gurasoen eta seme-alaben artean euskaraz mintzatzen ohitzeko. Gurasoak eskolan dauden bitartean, haurrak ere euskaraz aritzen dira jolasean, begiraleen zaintzapean. Arratsaldean, denek elkarrekin jartzen dute praktikan ikasitakoa, irakasleek eta begiraleek antolatutako txango, ikastaro eta tailerretan (umeek 4-12 urte izan eta D ereduan matrikulatuta egon behar dute).
Azterketak prestatzeko barnetegia
Antzekoa izaten da, baina eskolak B2 eta C1 mailako azterketak prestatzera bideratuta daude.
Ibiltaria
Ez da ohiko barnetegia, ez baitago eskolarik. Euskal Herria oinez zeharkatzea eta 15 egunez euskaraz mintzatzea du helburu. Leku bitxiak, ohiturak, euskalkiak… hobeto ezagutzeko aukera bikaina. Kirol pixka bat eginez, lagun berriak ezagutzeko eta opor eder bezain euskaldunak igarotzeko parada ezin hobea.
Egon direnek diotena
Alvaro Sancho
Hasieran zalantza asko izan nituen, baina azkenean izena eman nuen barnetegian. Lehen egunean, gosaldu eta gero, jolas bat egin genuen lotsa kentzeko, oso garrantzitsua da hori. Irakasleak oso jatorrak eta eskolak dibertigarriak izan ziren. Bazkaldu ondoren, lo kuluxka egiteko, xakean jolasteko edo gitarra jotzeko astia izaten genuen. Barnetegian euskaraz hitz egin behar duzu eguneko 24 orduetan. Hasieran asko kostatzen zitzaidan, baina gero nire maila hobetu egin zen, konfiantza lortu nuelako hitz egitean. Hori izan zen onena, uste dut horregatik lortu nuela gero B1 maila gainditzea.
Jordi Fons
2022an, zerotik hasi nintzen euskara ikasten, baina oraindik ez nintzen hitz egitera ausartzen. Barnetegira joateak lagunduko zidala uste dut, shock terapia bezala. Hasieran pixka bat urduri egon nintzen, jende berria euskaraz ezagutzea erraza ez delako, baina oso aberasgarria izan zen. Ikaskideak eta irakasleak oso jatorrak ziren eta oso ondo pasatu genuen. Ekintza pilo bat egin genituen: mendi irteera, pintxo pote musikala, espeleologia, irrati saioan parte hartzea... eta egun osoa euskaraz bizi nintzenez, azkenean ausartu nintzen hitz egiten.
Estibaliz Castillero
Familia barnetegian egon nintzen iaz 7 urteko alabarekin, errepikatu egingo dugu aurten. Batez ere, euskara praktikatzeko joan ginen, baina oporrak ere izan ziren. Barnetegian oso lagungarria da umearekin euskaraz jardutea altxatu bezain laster. Adunan, laugarren egunerako ahazten zaizu euskaraz ari zarela, oso natural ateratzen da. Gainera, gure barnetegian Iparraldeko familiak zeuden, eta haiekin komunikatzeko bide bakarra euskara zen. Aurrerapausoa nabaritu genuen jariotasunean: orain gure etxean euskaraz hitz egitea normala da, baina barnetegira joan aurretik ariketa zen alabarentzat.
Julio Urtasun
Duela bi urte eta iaz egon nintzen barnetegian, Arantzan bietan, eta asko lagundu zidan: garrantzitsua izan zen lotsa kentzeko eta mingaina askatzeko, hori izan zen onena. Eskola orduak ez dira oso ezberdinak euskaltegian eta barnetegian, baina barnetegian egun osoan ari zara euskaraz. Euskaltegian, bi ordu eta kalera; barnetegian, 14 egun jarraian. Beti animatzen ditut euskaltegiko ikaskideak joan daitezen. Barnetegitik pasatu ondoren hasi nintzen lagunekin euskaraz hitz egiten, orain normal hitz egiten dut haiekin. Animatu nahi dut adineko jendea ere, nik 70 urte dauzkat!
Cecilia del Fresno
Seme-alabekin joan nintzen barnetegira iazko abuztuan. Euskaltegian nenbilen, baina barnetegiko lehen esperientzia izan zen hirurontzat. Niretzat oso garrantzitsua zen seme-alabekin euskaraz hitz egitea: haiek badakite, baina nirekin beti hitz egiten zuten gaztelaniaz, eta nahi nuen eguneroko harreman hori euskaraz izatea. Orain, denbora guzti-guztian ere ez, baina ni euskaraz hasten banaiz, haiek jarraitzen didate. Esperientzia zoragarria izan zen: oso ondo jan genuen, leku berriak ezagutu genituen eta oso giro ona eduki genuen. Azkenean garunak euskaraz prozesatzen du denbora guztian.
Bahati Sua Zulueta
Udan ikastaro trinko bat egin beharrean, barnetegira joatea erabaki nuen, nire ingurunean ez delako euskara asko hitz egiten. Arantzan egon nintzen eta oso esperientzia baikorra eta dibertigarria izan zen. Ondo aprobetxatu nuen, txango guztietan, tabernan eta leku guztietan euskaraz hitz egin nuelako. Jariotasuna lortu nuen, eta nire hiztegia aberastu. Askoz aberasgarriagoa da barnetegi batera joatea, goizetik lotara joan arte lantzen delako euskara. Barnetegiak daukan onena da euskaraz bizi ahal izatea, denek nahi dutelako euskaraz bizi.
Maria Bravo
Arantzan egon nintzen. Nire lehen barnetegia izan zen, oso esperientzia ona, izugarria. B1 maila egin nuen, eta orain B2 egiten ari naiz euskaltegian. Euskaraz bizitzeko eta jendea ezagutzeko asmoz joan nintzen, praktikatzeko eta ikasteko. Nire maila asko hobetu zela nabaritu nuen, eta aurten berriro joateko asmoa daukat, iaz pilo bat ikasi nuelako eta era guztietako jendea ezagutu nuelako. Barnetegikoa ez da eskola bakarrik: denbora osoa ematen duzu euskaraz hitz egiten, baita eskolatik kanpo ere. Gainera, ikusi nuen gai naizela euskaraz bizitzeko hamabost egunez.
Monica Carvajal
Barnetegira joan nintzen euskara barrutik bizitzera, errutinarekin % 100 deskonektatzera, bi astez txipa guztiz aldatzeko. Esperientzia oso baliotsua izan zen: egun osoa euskal giroan pasatzeak lotsa galarazi zidan; eta ni, flipatzen, liluratuta. Barnetegiak sorginduta utzi ninduen: esperientzia, irakasleak, herritarrak, aterpetxeko jendea, ikaskideak… Hainbeste jenderen arteko elkarbizitzak oso entretenigarria egiten du esperientzia. Gainera, euskaltegian ikasitakoa indartu eta aplikatu dezakezu. Ahal izanez gero, berriro itzuliko nintzateke.