Euskarazko Wikipedia marka bete eta bete ari da. Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluen langa gainditu berri du, eta munduan halakorik lortu duen laugarren hizkuntza bihurtu da. 400.000 artikulu daude ikusgai eu.wikipedia.org webgunean, baina lan handia dago egiteko: gure ohiturak aldatu, kontsultak euskaraz egiteko; edota gure gailuak euskaraz konfiguratu. Jakina, baita ekarpenak egin eta sareratu ere; edota gure artikuluak, eta besteenak, aberastu. Euskarazko Wikipediak euskara bera aberasten duelako. Andoni Urbistondo. Argazkia: Pixabay.
Euskarazko Wikipedia hazten eta hazten ari da etengabe. Abenduan hizpide izan zen, Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 gairi buruzko artikuluak sortu dituen munduko laugarren hizkuntza bilakatu zelako, ingelesa, serbiera eta katalanaren ostean. Munduko laugarrena, euskarak 700.000 hiztun izan arren. Kultur elkarte horren egunerokoa zehazten dute Galder Gonzalezek eta Aiora Mujikak, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko langileak eurak, Donostian duten bulegoan. Gonzalezen hitzetan, “Kultur Elkartea 2016an sortu zen, Wikipediaren ingurumarian zebilen jendea edo lagundu nahi zuen jendea elkartzeko. Proiektuak egiten ditugunez, hobe da elkarte bat izatea, hobeto erantzuteko”.
2017an, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, proiektu bat abiatu zuten, “helburu argiarekin: bigarren hezkuntzako ikasleek beharko dituzten gaiak ahalik eta osatuen egotea sarean”. Horretarako, unibertsitateko ikasleekin aritzea erabaki zuten, “irakasleei beren arloan zer hobe edota alda zitekeen galdetuz. Ikasleei hitzaldiak ematen dizkiegu, Wikipedia nola erabili eta bertan nola jardun, erakusteko, halako ikastarotxo bat”. Ondoren, ikasleek beren lanak Wikipedian jartzen dituzte, eta eduki horiek edonork ditu eskuragarri. 6.000 ikaslek hartu dute parte ekimenean, 9 milioi hitz eta euskarazko Wikipediaren % 12 idatziz. Gonzalezek dioenez, “askotan, artikulu kopuruari erreparatzen diogu, baina garrantzitsuagoa da bilatzen dugun informazioa osatuta egotea, landutako informazioa izatea”. Euskaraz ondo idatzia izan dadin saiatzen dira, batez ere terminoen aldetik.