Italiako Apuliara egin dugun bidaian, pare bat egun Basilicata eskualdean eman dugu, Matera ezagutzeko. Herria bera, inguruan dituen lur azpiko elizak bezala, Gizateriaren Ondare izendatu zuen UNESCOk 1993an. Erraz igaro ditzakegu bi edo hiru egun herria eta inguruneko mendixkak (Murgia) ezagutzen. Askotan, aho zabalik gabiltzala konturatuko gara. Eba Arratibel.
Autoz, Napolitik hiru ordura dago Matera, eta Baritik (Apuliako hiriburua) ordubetera. Paleolitotik bizi omen da jendea bertan, eta munduko hiririk zaharrenen artean dago. Materako alde zaharreko etxebizitzak eta elizak kareharria zulatuz eginda daudelako dira ezagunak, eta tokiak bisitari andana jasotzen du urte osoan. Inguruko mendixketan ere, harkaitza zulatuta egindako hainbat eliza eta kobazulo daude.
XX. mendearen erdialdean, 15.000 lagun inguru bizi ziren Materan, ia-ia Brontze Aroan bezalaxe, modu antihigieniko eta txiroan, kobazuloetan, animaliekin batera... Garai hartan, “Italiako lotsaizuna” esaten zitzaien bai Materari bai bertako herritarrei. Izan ere, argindarrik eta urik gabe bizi ziren sassi-etan (hitz horrek ‘harri’ esan nahi badu ere, herri honetan etxe kobak izendatzeko erabiltzen da).
Ondorioz, kareharrizko herriaren inguruan etxebizitza berriak eraiki eta bertako bizilagunak auzo berrietara lekualdatu zituzten, sassi-ak hutsik utzita. Gaur egun, etxe horietako asko birgaitu egin dira bertan bizitzeko edo turistentzako etxeak edo hotelak egiteko.
Matera ezagutzeko modurik onena oinez ibiltzen hastea da. Gora eta behera, kale estuetan barrena, kilometroak egingo dituzu konturatzerako. Labirinto handia da, baina ez zara inoiz galduta sentituko, eta berehala maiteminduko zara herriaz eta harriez. Txoko guztietan geratu nahiko duzu argazkiak ateratzen edo, besterik gabe, kareharrizko kosketan edo eskaileretan atseden hartzen. Eguna erraz joango zaizu batetik bestera harrituta.
Atentzioa ematen du, batez ere, Materaren tonuak: bera da leku orotan, ez dago kolorerik. Halere, iluntzean farolak pizten hasten direnean, beste argi bat dauka herriak, eta beste ehunka argazki ateratzeko gogoa izango duzu.
Barrutik
Garai bateko bizimodua ulertzeko, hainbat museo eta etxebizitza daude ikusgai, sarrera ordainduta. Museo txiki hauetan, 1950. urtetik aurrerako etxebizitzak baino lehenagokoak nolakoak ziren ikusiko duzu.
Elizak ere ikustekoak dira, piloa dago Materan. Oso politak guztiak. Batzuk harkaitzen barruan zulatuak eta beste batzuk kanpoan eraikiak, baina denak ikusgarriak. Horietako zenbait barrutik ere ikus daitezke, sarrera ordainduta, halaber. Ezin harrigarriagoak dira: margo zoragarriak, labirinto itxurako pasadizoak, ezkutuko kriptak...
Dena den, dirurik gastatu nahi ez baduzu, nahikoa duzu edozein taberna, denda edo jatetxetan sartzea. Denak dira sassi.
Kanpotik
Kalez kale zabiltzala begien parean duzuna ikusgarria egingo zaizu, baina, horrez gain, hamaika begiratoki daude Materan. Batzuk herrian bertan daude, eta beste batzuk kilometro batzuetara, ikuspegi zabalagoa ematen dutenak. Merezi du denak bisitatzea, baina ez da ezinbestekoa begiratoki bila ibiltzea, edozein txokotan, edozein terrazatan, izango baituzu zerekin liluratu.
BEHIN HARAINO JOANDA...
Matera Italiako hegoaldean dago, Basilicata eskualdean, eta aldamenean Apulia eskualdea (Italiaren takoia) du. Oporraldia luzatzeko aukera piloa eskaintzen du Apuliak: itsaso turkesa eta gardena duen kostalde luzea, olibondoz jositako bailara zabalak eta inoiz ikusi ditugun herri politenetakoak: Polignano a Mare, Ostuni, Otranto, Lecce, Alberobello, Locorotondo, Monopoli, Gallipoli... Egia esan, izena ere ederra dute herriok. Bari, hiriburua bera, ikusgarria da. Mediterraneoko hiria izanik, bertako jendeak bizimodua etxetik kanpo egiten du, eta horrek oso erakargarria bihurtzen du Bariko kaleetan ibiltzea.