Bai, ohi baino denbora gehiago behar izan du, baina Korrika badator! Hala iragarri berri dute Korrikak eta AEK-k Donostiako San Telmo Museoan egindako agerraldian.
Izan ere, Korrika beharrezkoa da, oraindik ere, bere bi helburu nagusiak oso bizirik daudelako: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea. Lehen xedeari dagokionez, iaz milaka herritarrek eutsi zioten etxean euskarari; gero, ikasleek euskaltegietara joaten segitu zuten; irakasleen ahalegina handia izan zen; 2. Euskaraldia burutu zen; Agerraldia egitasmoa sortu zen, Errigoraren eskutik; eragileek zein norbanakoek ‘Bultza Euskaltegiak, Bultza Euskara’ kanpaina babestu zuten... baina pandemiak errotik ezabatu zuen euskara plazatik eta jende askoren bizitzatik. Hortaz, oso garrantzitsua da Korrikak ekartzen duen euskararen aldeko uholdea berreskuratzea.
Bestalde, administrazioek euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak. EAEn, irakasleen lan baldintzak normalizatzeko urrats handia egiten ari da, baina ikasteko doakotasunean badago zer hobetu; Ipar Euskal Herrian, laguntzak handitu arren, ez dira helduen euskalduntzeak behar beste hazi; eta Nafarroan, azken urteotan pauso txiki batzuk egin badira ere, jauzi handiagoen premia dago. Ezinbestekoa da helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak handitzea. Horregatik, AEK-k Euskal Herri osoko bere euskaltegiei laguntzeko baliatuko du 22. Korrikak jasotzen duen dirua.
HITZEKIN da 22. Korrikaren leloa: hitza eta ekintza, hizkuntzak hitzekin osatu arren, ekimenek eraikitzen dituztelako hizkuntzen komunitateak. Euskararen alde egotetik konpromisora igaro behar dela aldarrikatu nahi du 22. Korrikak. Euskarak aurrera egingo badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, joko dutenak. Bada ekiteko ordua, larrialdi linguistikoaren alarma gorriak pizten hasiak baitira. Zerekin, ordea? Bada, HitzEkin, Hitzarekin eta Ekinarekin.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots omendu egingo ditu 22. Korrikak

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek jasoko dute 22. Korrikaren omenaldia. Aiora Zulaikak, Joxe Mari Agirretxek eta Mertxe Rodriguezek osaturiko pailazo hirukotea 1987ko abenduaren 24an sortu zen, Lasarte-Orian, eta gaur egun Euskal Herriko pailazorik ezagunenak eta arrakastatsuenak dira, 34 urteko ibilbidea euskaraz egin ondoren. Gainera, “orainaldiari eta etorkizunari begira” dauden eragileak direla azpimarratu du 22. Korrikak: “Eurek 1987an ekin zioten, baina haiei esker askok ekin diogu, eta datozen belaunaldiek ere ekingo diote”. Euskararen transmisioa goitik behera (guraso-ume) eta behetik gora (ume- guraso) landu dutela aitortuko die Korrikak, eta zuzeneko eragin handia izan dutela ume eta guraso askok euskararen hautua egin dezaten: “HITZEKIN osatu dute beren komunikazio tresna, eta beren jarduna ekimen eraikitzailea eta normalizazioaren adibide da”. Hala da: Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek, ondutako ikuskizun eta abesti piloaren bidez, egin, eginarazi eta eragin egin dute.

Kultur Sorkuntza Beka

AEK-k eta Korrikak kultur sorkuntzarako 23.000 euroko beka eskainiko dutela iragarri zuten iaz, euskal kulturaren baitako sormen lanak sustatzea xede. Bada, proposamenak jasotzeko epea zabalik dago oraindik, 2022ko urtarrilaren 31ra arte. Hala, aurrerantzean, bi urterik behin lan bat sarituko da, Korrika kulturalaren bidez. Euskal sortzaile orok har dezake parte, diziplina anitzez edo bakarraz balia daiteke, eta lanak agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoa izan behar du, Korrika kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzeko. Hala, lehen beka jasoko duen obra 23. Korrika kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2023ko azarotik 2024ko apirilera, hain zuzen ere. Urrats honekin, kultur sorkuntzari bultzada ematea eta Korrikako kultur eskaintza guztiz berritzea da AEKren eta Korrikaren asmoa.



Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.