Laurak Bat: euskal kulturaren aterpea ozeanoaren bestaldean

Buenos Airesko erdigunean dago munduko euskal etxerik zaharrena, 1877ko martxoaren 13an sortua. Dantzaren garrantzia aldarrikatzen1 dute bertan. Marcos Tedin. Argazkia: BA celebra.
Lotura berezia dute Euskal Herriak eta Argentinak, zalantzarik gabe. Milaka euskaldunek emigratu zuten Hego Amerikako herrialdera XIX. eta XX. mendeetan, lan bila. Asko jaioterrira bueltatu ziren, baina beste asko han geratu ziren eta bizitza berria hasi zuten ozeanoaren bestaldean. Hala ere, etxea eta etxeko ohiturak eta tradizioak beti izan zituzten gogoan. Horrexegatik sortu zen, 1877ko martxoaren 13an, Laurak Bat.
Munduko euskal etxerik zaharrena “euskal lurraldeetako foruen abolizioari lotuta” sortu zen, euskal etxeko kideek diotenez. Gaur egun, ia 150 urte geroago, eta Buenos Airesko erdigunean kokaturik, euskal etxe honek oso balio berezia du euskal diasporarentzat.
Oso harro dago Tomás Cozzi Barquin (Buenos Aires, 1992) bere euskal etxearen historiaz: “Bere sorreratik, orain dela ia 150 urte, euskal errefuxiatuak jaso dituela nabarmendu behar da. Instituzio askori lagundu die, baita Euskal Herrian ere, eta beste hainbat euskal etxeren sorreraren parte izan da Argentinan”. “Bere antzinatasunagatik2 eta pisu historikoagatik ere erreferentetzat hartzen da. Sortzez zaharrena izateagatik da ezaguna” adierazi du.
Horrez gain, “euskal etxe guztiek dute Gernikako arbolaren kimu bat, eta geurea da zaharrena. Jatorrizkoaren kimua da, fundaziotik datorrena”.
Mota guztietako jarduerak egiten dira Belgrano etorbideko eraikinean: mus txapelketak, euskara eskolak, abesbatza, txikientzako ekitaldiak... eta, frontoian, eskupilotan jokatzen dute. Hala ere, gazte gehien erakartzen dituen jarduera3 dantza da.
Dantza erdigunean
Cozzi Barquin Laurak Bateko dantzaria da, eta honela azaltzen du euskal dantzaren arrakasta diasporan: “Txikitan hasten zara, erdi jolasean, eta apurka-apurka taldearen inertziak dantzara eramaten zaitu. Konturatu gabe, bat-batean dantzan zaude, makil dantza, jauzi bat, gabota4 edo fandangoa dantzatzen”.
Cozzi Barquinek uste du Euskal Herriko gaur egungo gazteek ez dutela Argentinakoek bezainbeste dantza egiten. Hori dela eta, jendea harritu egiten da Buenos Aires bisitatzen duenean. “Hemen, dantzan parte hartzea kulturaren parte izatea da, modu oso zintzo eta inklusiboan, eta, nire ustez, garrantzi historiko izugarri handia du” aldarrikatu du. Eta hau gehitu du: “Duela mende asko, Euskal Herriak akordio politikoak ere ospatzen zituen dantzan, eta agintari politikoek koreografiak ere zuzentzen zituzten. Juan Antonio Urbeltz parafraseatuz, beldur naiz Euskal Herriak ez ote duen ahaztuko dantzaren esanahia”.
Dantzaren garrantzia, arlo politikoan ez ezik5, familietan ere ikusten da. XIX. mendearen hasieran, Euskal Herritik etorritako neskak eta mutilak Laurak Baten elkartzen ziren (baita beste euskal etxeetan ere) dantzan aritzeko. Cozzi Barquinen aitona-amonen kasua da: “Amaren aldeko aitonak eta amonak Laurak Baten ezagutu zuten elkar, osaba-izebek eta arrebek ere dantza egin zuten hor, eta gaur egun neuk hartu dut legatuarekin jarraitzeko ardura”.
Bere historia kontatu digu dantzariak: “13 urte inguru nituela hasi nintzen, bigarren mailako ikasketak hasi nituenean. Urteekin, dakiguna irakastera behartuta ikusten dugu geure burua; beraz, dantzari taldea zuzentzea tokatzen da. Egun, niretzat, dantzaria izatea ikasi nuena irakastea da”.
Argi dago, Laurak Bat bisitatu ostean, euskalduntasunak gogor eta tinko6 bizirauten duela ozeanoaren bestaldean, Euskal Herritik 11.000 kilometrora. Antzinako euskaldunek hara eraman zuten beren kultura, eta haien seme-alabak arduratzen dira, gaur egun ere, bizirik mantentzeaz.
Haatik, euskal etxea izateak ez du esan nahi euskal jatorria7 duten horiek bakarrik parte hartu ahal dutenik. Laurak Batek, Argentinako edozein euskal etxek bezala, pertsona guztientzat ditu ateak zabalik. Batzuk arbasoen8 kultura zaintzeaz eta zabaltzeaz arduratzen dira. Beste batzuk, berriz, euskal jatorririk ez dutenak, kultura berri eta arrotz batez maitemintzen dira, eta bere egiten dute, maitasun eta errespetu osoz.
ETXEAREN KUDEAKETA
Laurak Bat euskal etxe erraldoia sostengatzea ez da erraza. Bere garaian, adibidez, une zailak bizi izan zituen Euskara Plaza frontoiak. 1882ko azaroaren 1ean, Laurak Bat euskal etxeak Euskara Plaza inauguratu zuen, Hego Amerikako historiako lehenengo frontoia. Esku pilotaz gain, askotariko jarduerak ospatzen ziren bertan. 1903an, ordea, zorrak9 ordaintzeko saldu zuten, eta 1904an eraiki zuten gaur egungo eraikina.
Cozzi Barquinek dioenez, “gaur egun, jarduera propioen bidez segitzen du bizirik, hala nola ekitaldi publikoak, trinketaren eta saloien alokairua, jatetxea... hein batean10, baita Euskal Herriaren laguntzari esker ere, euskal etxe guztiek bezalaxe. Ezinezkoa izango litzateke hori gabe, argi dago; hortaz, nik, behintzat, eskertzen dut lotura horri eustea”.
1. Aldarrikatu: reivindicar (es), revendiquer (fr).
2. Antzinatasun: antigüedad (es), ancienneté (fr).
3. Jarduera: ekintza, aktibitate.
4. Gabota: Zuberoako maskaradako dantza mota bat.
5. Ez ezik: no solo... sino también (es), non seulement... mais (fr).
6. Tinko: firmemente (es), fermement (fr).
7. Jatorri: origen (es), origine (fr).
8. Arbaso: antepasado (es), ancêtre (fr)
9. Zor: deuda (es), dette (fr).
10. Hein batean: en cierta medida (es), d'une certaine manière (fr).
