bideanariketak

Izenak egiten du izana. Hori dio, behintzat, euskarazko esaera zaharrak. Janariekin ere hala gertatzen da maiz1. Beste batzuetan, aldiz, ez. Nahiz eta izenak jatorri2 jakin bat iradoki3, benetako sorburua bestelakoa4 da, agian. Hala, ohiko eta ezagun ditugun hainbat jakik5 ez dute hain jatorri ezaguna. Edo, ezaguna iruditu arren, oso desberdina izaten dute. Gure jakin gosea asetzeko, halako batzuei erreparatu diegu, hitz gutxitan. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Freepik.

Entsaladilla errusiarra, Errusiakoa?
Bertsio zabalduenaren arabera, Lucien Olivier chef belgikarraren Olivier entsaladan du jatorria: 1860 inguruan sortu zuen Moskun, Hermitage luxuzko jatetxean lanean ari zenean. Errezeta sekretua zen, eta osagai garestiak erabiltzen zituen: eper6 haragia, karramarroa, kabiarra, patatak, olibak eta maionesa. Lehen Mundu Gerraren eta Errusiako Iraultzaren ondoren, bertsio xumeagoa7 hedatu zen, patataz, azenarioz eta ilarrez egina, eta mundura zabaltzean “errusiarra” abizena hartu zuen. Hala ere, aurrekaria8 bazegoen: Charles Elmé Francatelli sukaldari britaniarrak jasoa zuen, 1845ean, errusiar entsaladaren errezeta The Modern Cook liburuan: otarraina9, antxoa, atuna eta kaparrak, maionesaz lagunduta.

503tortilla

Tortilla frantsesa, nongoa?
Euskal Herrian, arrautza hutsez prestatutako tortillari Hegoaldean soilik esaten zaio tortilla frantsesa. Ipar Euskal Herrian, moleta. Jaki sinplea denez, antzinatik prestatu izan da kultura askotan. Izenaren azalpen ezagunenak Espainiako Independentzia Gerra du sorburu. Frantziarrek Cádiz eta San Fernando hiriak setiatu10 zituzten 1810etik 1812ra. Setiatuek, besterik ezean11, arrautza hutsezko tortillak ohiko elikagai izan zituzten. Gerra ondoren, horrelako tortillak “frantsesen garaikoak” izendatu zituzten. Halere, kondaira izan daiteke. Izan ere, 1804ko Culina Famulatrix Medicinae liburuan, Alexander Hunter mediku eskoziarrak A French omelette nola egin azaldu zuen.

503patatatortilla

Eta patata tortilla?
Herrialde askotan, espainiar tortilla esaten diote patata tortillari, baina jatorriak eztabaida sortu du. Kondaira baten arabera, 1835ean, Lehen Karlistaldian, Bilboko setioan Zumalakarregi jeneralari Begoñako baserri batean eskaini zioten, arrautzak eta patatak besterik ez zutelako. Edonola ere, datu zaharragoak badaude: 1767ko liburu espainiar batek tortilletan patata erabiltzen dela jasotzen du, eta lehen aipamen zehatza Villanueva de la Serenan (Extremadura) topatutako 1798ko agiri batean dago. Bestalde, Juan Inazio Hartsuaga ikertzaileak jatorri nafarra defendatzen du, 1817ko dokumentu batean aipatzen delako nafar nekazariek patataz eta arrautzez egindako tortillak egiten zituztela. Hartsuagaren ustez, Extremadurako erreferentziak patata ogiari buruzkoak dira, arrautzarik gabeak.

503kroasant

Croissanta, frantsesa?
Ilargi erdi formako opilak12 mundu osoan egiten dira, baina croissanta Frantziarekin lotzen da batez ere. Larousse Gastronomique (1938) entziklopediaren arabera, jatorria Austrian du. 1683an, otomandarrek Viena setiatu zuten; hiria hartzeko, lur azpiko tunelak eraikitzen hasi ziren gauez, baina hiriko okinek13 soinua entzun eta erasoa zapuztu14 zuten. Hori ospatzeko sortu zuten kipferl opila: legamia15, irin, gatz eta urez egindako ilargi erdi formako ogia, otomandarren bandera irudikatzen duena. 1838tik aurrera, August Zang gozogile austriarrak Parisen gozotegi bat ireki ondoren, Frantzian asko zabaldu zen. Croissant opil izena 1863an agertu zen hiztegian lehen aldiz, eta aurreneko errezeta 1891n. Hostopil16 orea17, berriz, 1905ean argitaratu zuen Auguste Colombie chefak.

1. Maiz: askotan, sarritan.
2. Jatorri:
origen (es), origine (fr).
3. Iradoki:
sugerir (es), suggérer (fr).
4. Bestelako:
desberdin, ezberdin.
5. Jaki:
janari, elikagai.
6. Eper:
perdiz (es), perdrix (fr).
7. Xume:
simple (es), simple (fr).
8. Aurrekari:
precedente (es), précédent (fr).
9. Otarrain:
langosta (es), langouste (fr).
10. Setiatu:
sitiar (es), assiéger (fr).
11. Ezean:
a falta de (es), faute de (fr).
12. Opil:
torta (es), gâteau (fr).
13. Okin:
panadero, -a (es), boulanger, -ère (fr).
14. Zapuztu:
frustrar (es), déjouer (fr).
15. Legamia:
levadura (es), levure (fr).
16. Hostopil:
hojaldre (es), feuilleté (fr).
17. Ore:
masa (es), masse (fr).

 

 

 

 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.