Silaba Beroa argitaratu berri da, hizkuntz gaitasunak eta hiztegia probatzen dituen euskarazko mahai jolas berria. Ba al duzu ohiturarik zure aisialdian lagunekin elkartu eta jolasean iragateko? Eta/edo txertatzen al duzue jolasik AEKko eskoletako ikas prozesuan? Aisia eta pedagogia elkartuz gozatzeko proposamena da honako hau. Jolasteko prest? Maritxu Egia. Argazkia: Eñaut Mitxelena.
Mahai jolasak boladan daude. Ikaragarri hazi da azken urteetan jolasen salmenta, eta gero eta gehiago dira asteburuak jolasean ematen dituzten lagunarte eta familiak. Liburu denda batean sartu besterik ez dago bertako eskaintzaren askotarikoaz jabetzeko, eta espezializatutako denden ugaritzea ere nabarmena izan da. Izan gazte edo heldu, partxisa, xakea eta musa jaun eta jabe ziren garaiak urrun geratu dira. Mundu osoan zehar, jolas sortzaileen booma ernatu da, eta horren fruituak jasotzen ari gara orain. Hainbeste produktu, ezen ezinezkoa bihurtu baita merkatuko mahai jolas oro probatzea. Sare sozialetan ere arrakasta itzela erdietsi dute jolas influencer-ek. Argi dago, bada, garai batean friki zaletuentzat zen alor berezitua bazter guztietara zabaldu dela.
Loratze horren adibide, Donostiako Irrintzi AEK euskaltegiko irakasle Iratxe Esnaola donostiarrak argitaratu berri duen Silaba Beroa. Hitzen jolasa da, Scrable eta Boggle jolasen antzekotzat jo daitekeena. Egilearen esanetan: "Hitzak atsegin dituztenentzat da bereziki egokia, hiztegia eta azkartasuna konbinatzen dituelako. Edozelan ere, jolasa dibertigarria, lehiakorra eta arina, eta ez du zertan hitzekin trebeena denak irabazi!”.
Bi urtez ondu du proiektua Esnaolak. Proba asko egin behar izan ditu azken bertsio hau lortzeko, baina bidea dibertigarria eta aberasgarria izan da oso, hasieratik lagunen eta ikasleen laguntza izan zuelako. Hori dela medio, ager zitezkeen akatsak taxutu egin dira. Ohiko bide komertzialetatik irtenda, autoedizioa hautatu du, eta bidean Kataluniako Sergio Ortiz diseinatzaile eta jolas sortzailea izan du bidelagun. “Jolasen merkatuak gainezka egin du eta argitaletxeek argitaratzeko zain dauden jolasez lepo dituzte biltegiak”, azaldu digu egile donostiarrak. Horregatik guztiagatik, eta ekintzailetza probatzearen plazeragatik, bere web orrialdea sortu (iratxeesnaola.com) eta bertan jarri du salgai jolasa, euskaraz zein gaztelaniaz.
Ikasleak jokalari
Jone Alvarez ikaslea A2-B1 mailan dago. Haren ustez, ikasleek euskara praktikatzeko modu ezin hobea da Silaba Beroa: “Desiratzen egoten naiz eskolan apur bat jolasteko”. Edurne Reyes C1eko ikaslearen esanetan, berriz: “Ikasgelan jolasean denborak ihes egiten digu! Oso dibertigarria da, eta txepetx hitzaren esanahia ere ikasi dut. Orain etxera eraman nahi dut, nire seme-alabekin aritzeko!”. Jolasa 11 urtetik aurrera jolasteko modukoa da, eta bi karta mota edo dinamika ditu. Silaba kopuru jakin bat jasota, hitzak sortu behar dira, eta egitekoa besteek baino azkarrago burutu. Horrez gain, bost arkatz eta hitzak idazteko koadernotxoa jasoko ditu erosleak kaxan.
Ikastea eta jolastea bateragarriak izateaz gain, elkar aberasteko bi jarduera direla uste du Iratxe Esnaola egileak: “Jolasa eta ikasprozesua bat eta bera izatera iritsiko diren unea izan dut beti amets”. Irakasleei, ebaluazioak eta/edo bestelako betebeharrak direla eta nahasirik edo nekatuta daudenean, baliagarria izango zaie eskolara ikuspuntu ludikoaren xarma eta eraginkortasuna eramatea. Jolasa erdigunean jartzeak kohesioa eta talde nortasuna indartzen ditu, alaitasuna eta plazera berpizteaz gainera. Esnaolak dioenez, “jolas batek ikasle itxi bat zabaltzen du”.
“Jolasa edozertan egon daiteke”
Iratxe Esnaola
Nondik datorkizu jolaserako grina?
Betidanik jolastu izan naiz hitzekin nire pentsamenduan. Munduko ume guztiok izan dugu irudimenean altxorra!
Norentzat da jolasa?
Bi hartzaile nagusi ditu: lagunarteak edo familiak eta hizkuntz ikasleak.
Gustuko jolas bat?
Gogoan dut Story Cubes, irudiekin istorio bat osatzeko jolas eder hori.
Jolasean aritzeko unerik onena?
Edozein. Jolasa edozertan egon daiteke, ezin da formatu batera mugatu.
Sormenak badu mugarik?
Guk geuk jartzen dioguna. Amaiezina da, ene ustez, imajinazioaren eremua.
Azkenaldian jolastu zaren eta gustuko izan duzun mahai jolasa?
The Mind. Sinplea, baina jeniala.
Eskoletan baliatzeko jolas egoki bat?
Hitz jarioa gustatzen zaie ikasleei.
Non eros daiteke Silaba Beroa?
iratxeesnaola.com webgunean.