heltzear web

24. Korrikaren hasiera: martxoaren 19an, Atharratzen

Margita Queheille (Barkoxe, 2001) 24. Korrikaren lehen eguneko arduraduna da. Dagoeneko ongi ezagutzen ditu Atharratzeko zoko ezkutu guziak, eta kontrolpean du zer egongo den toki bakoitzean martxoaren 19an. M. Egimendi. Argazkiak: Korrika-AEK/M.Egimendi.

Queheille ez da AEKko irakaslea eta, orain arte, ez du izan “harreman handirik” AEKrekin: “Ezagun nituen haren lana eta engaiamenduak1, baina urrundik bakarrik”. Korrika, aldiz, ezberdina da: “Betidanik parte hartzen dut. Lehenik hasi nintzen ikastolaren bidez, Korrika Ttikin. Ene aita-amekin ere parte hartzen nuen Korrikan. Etxean errituala da familia guziarekin parte hartzea”. Edizio honetan, ordea, bere partaidetza askoz ere handiagoa da: lehen eguneko ardura hartu du, eta “joan den urteko irailean hasi nintzen ene lankideekin Iparraldeko Korrika bere orokortasunean2 prestatzen”.
Lan ikaragarria izan arren, oraingoz ez da ardura hartzeaz damutu3: “Ez dut batere damutzen Korrikan parte hartzea. Justuki, Korrikarako lan egiteak zentzua ekartzen dit, AEKren engaiamenduak eta balioak partekatzen ditudalako. Nire lehen esperientzia da Korrikako lanean, eta momentuz bikain pasatzen da!”.
Bere “egitekoaren zati handi bat” martxoaren 19an bukatuko da, eta lasaitasun-hasperena4 irtengo zaio Korrika Atharratzetik joaten ikustean, “nekagarri eta estresagarria delako; dena den, biziki5 triste ere izanen naiz, abentura eder honen bukaera izanen delako!”. Haatik, “apirilean oraindik segituko dut lanean”, gauza asko gelditzen direlako egiteko: “Lehenik, Atharratzeko desmuntatzea izanen da, baita Iparraldeko Korrikaren ibilbidean parte hartzea ere. Eta, Korrika bukatuta, bilanak6 egin beharko dira, ondoko edizioetarako”.
Oso garrantzitsua da hori, Korrikaren lehen eguna antolatzeko gauza asko egin behar direlako. “Bai, lan ainitz⁷ bada, bereziki ekitaldi-egunetik hurbiltzen garenean. Lan desberdinak dira: lan administratiboak, muntaketa, txandak, egitarauaren sortzea, baimen guzien lortzea... Atharratzen ongi pasatzen zaigu, Udalaren eta Basabürüko jendeen laguntza dugulako: lantaldeak sortuak izan ziren Korrikaren antolaketarako, hilabete guziz biltzen gara. Eta horrek ene lana asko errazten du. Azken finean, pertsona ainitzen lana da, erabaki guziak taldean hartuak dira”.
Eginkizun horietatik zailena zein iruditu zaion galdetuta, “atal administratiboa” dio Queheillek. Errazena, berriz, “esango nuke lantalde dinamiko batean parte hartzea dela, eta bereziki hainbat eskualdetako8 euskaldunekin partekatzea. Azkenean, jendeen bidez dut gehienbat ikasten, eta horrek ainitz ekartzen dit. Korrikaren antolaketa zabalean parte hartzea ikaragarria da!”.
Oraingoz, ezin gauza gehiegi iragarri Atharratzen martxoaren 19an egonen denari buruz, baina bai askotariko ekitaldiak izanen direla: “Antzerkia, dantzaldia, karrikako9 musika... Haurren xokoa eta bazkaria ere aurkituko dituzue bertan. Oraindik sorpresa atxikitzen10 dugu!”.

24. Korrikaren bukaera: martxoaren 29an, Bilbon

14. Korrika Bilbon bukatu zenean, 2005ean, Iraitz Zuloagak (Bilbo, 1984) Kloratita izeneko bere taldearekin abestu zuen. Nekez usteko zuen handik 21 urtera berak izango zuela 24. Korrikaren azken egunaren ardura.

Zuloaga Zorrotzako AEKko irakaslea da, duela 10 bat urtetik, baina Korrika bera lehenagotik ezagutzen du: “Lehenengo, Korrika Txikia eskolan; eta gaztetan, batez ere auzoan, korrika eginez eta Korrika batzordean parte hartuz”. Irati Manzisidorrekin batera, iazko urriaren 1etik da Korrikaren azken eguneko arduraduna. Hasieran, Bilboko Udalarekin izan zituzten lehen harremanak, “lekuak erabiltzeko baimenak eskatzeko eta”. Gerora etorri dazehatz-mehatz11 esan beharra zer jarri nahi dugun toki bakoitzean: karpa bat hemen, txosna bat hor, jangunea han... Udal-estamentu guztiek hartzen dute parte: udaltzainek, errepidea moztu behar dutelako; Babes Zibilak, hark esan behar digulako, arriskuen ikuspuntutik, non egin daitekeen zerbait eta non ez. Egongo den jende-kopuruaren estimazioa egiten da babes-plana osatzeko: suhiltzaileek eta anbulantziek non egon behar duten, non jarri behar diren irteerak, zenbateko tarteak12 behar diren anbulantziak pasatzeko... Korrikaren tamainako ekimenetan egoten den jendetzarekin, faktore asko izan behar dira kontuan”.
Ez da bere lehen esperientzia Korrikako lanetan, Zorrotzako AEKko irakaslea izanik13 hainbat kontutan aritua baita. Gainera, Bilboko konpartsetan eta auzoko jai-batzordean ibili izanak esperientzia eman dio, baina horrek ez dio asko lagundu aurten daukan ardurari aurre egiteko, “azken egunaren antolaketak hartzen duen dimentsioa oso ezberdina delako: Bilboko eta auzoko jaietan txosna-gune bakarra dago, baina Korrikaren amaieran askotariko14 eskaintza bermatzea15 lortu behar da, guneek elkar zapaldu gabe”. Azken batean, lan ezberdin asko egin behar dira azken eguna antolatzeko: “Horietako hainbat, nahiko teknikoak, guztiz berriak dira niretzat, aseguruak edo planoak, kasu. Baina horrelakoak Abar Produkzioak aholkularitza-enpresaren16 esku uzten ditugu”.
Zuloagaren zeregina ez da martxoaren 29an bukatuko: “Gero, balorazioak, memoriak... etorriko dira; eta 29an bertan, gaueko 22:00etan dena ixten denean, artean17 zaintza-txandak egongo dira, desmuntatzea, kontuak egitea...”. Halere, espero du lehenago izatea hainbat lasaialdi: “Lehenengo, Korrika amaitu eta dena ondo doala ikustean; gero, dena bukatzen denean, jakina. Orduan izango da kaña bat, edo bi, hartzeko unea; edo etxeko sofan lasai etzatekoa, dena ondo atera delako. Horrela izatea espero dut, behintzat”.
Egun osoko jaia udaletxearen eta Arriaga Antzokiaren arteko eremuan gauzatuko18 da, itsasadarraren alde bietan. Familia-gunea Erripa-Bailen kaleetan egongo da, eta beste gune bat Arriaga Antzokiaren inguru osoan (jangunea, karpa, aulkiak, mahaiak, 1.200 paella-errazio...). Areatzako kaian izango dira kontzertu nagusiak, eta Areatzan bertan foodtruck-ak eta talo-egileak, informazio-gunea, puntu morea... San Nikolas elizaren aurrean, berriz, arratsaldeko ikuskizunetarako probestuko den agertoki handia. Gainera, beste bi gune egongo dira, Plaza barrian (Korrika Munduan) eta Bilbo Zaharrean, hurrenez hurren.

1. Engaiamendu: konpromiso.
2. Orokortasun:
generalidad (es), généralité (fr).
3. Damutu:
arrepentirse (es), regretter (fr).
4. Hasperen:
suspiro (es), soupir (fr).
5. Biziki:
oso-oso.
6. Bilan:
balorazio.
7. Ainitz:
asko, ugari.
8. Eskualde:
comarca (es), région (fr).
9. Karrika:
kale.
10. Atxiki:
eduki.
11. Zehatz-mehatz:
detalladamente (es), en détail (fr).
12. Tarte:
distantzia.
13. Izanik:
denez, den aldetik.
14. Askotariko:
variado, -a (es), varié, -ée (fr).
15. Bermatu:
garantizar (es), garantir (fr).
16. Aholkularitza-enpresa:
consultoría (es), cabinet de consulting (fr).
17. Artean:
oraindik.
18. Gauzatu:
llevar a cabo (es), (se) réaliser (fr).


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.