Nostalgiaren olatua
Delirium Tremens, La Polla Records, Hertzainak, Fermin Muguruza, Errobi, Pantxoa eta Peio, Bizardunak, Latzen, Asgarth, Lin Ton Taun, Etzakit, Urtz, Betagarri, Pilt... zerrenda luzetxoa. Zenbat talde itzuli dira agertokietara azken urteetan? Zergatik? Zilegi1 dira itzulera horiek? Euskal Herrian soilik gertatzen den fenomenoa da, ala globala? Sorkuntzaren atzeko industria horretaz aprobetxatzen ari da? Hauspotzen2? Aurrekoa hobea beti? Ala aurrekoa baino ez, eta kito? Txomin L. Aramaio.
Mahai-inguru batean musika-sektoreko hainbat lagun batzea zen asmoa, baina ez da erraza. Agian, gaia ere ez da erosoa. Hala ere, dozena erdi laguni galdera batzuk egin ostean, batzuek erantzun dute (ez guztiek). Horien artean, Iker Gurrutxaga, Naiz Irratiko kazetaria, musikan aditua; Koldo Otamendi Kojo, Hamaika Telebistako MusikaZuzenean saioaren gidaria eta musika-talde batzuen ordezkaria; Azpeitiko Kulturaz Kultur Kooperatibako programatzaile Eusebio Beloki; eta Jon Gotzon Ugalde DJ Bull disko-jartzaile eta Urruñako Maita Kultura elkarteko arduradunetako bat.
Beti gertatu izan dira?
“Ez dut uste orain gehiago daudenik, baizik eta gehiago zabaltzen direla halakoak. Sareen aroan bizi gara eta horietan dena magnifikatzen da. Marketin-kontuak egongo dira tartean, ziur”, uste du Iker Gurrutxagak. Iritzi berekoa da Koldo Otamendi Kojo: “Itzulerak beti gertatu izan dira eta aurrera begira ere horrela izango delakoan nago3. Nagusiki 80ko eta 90eko hamarkadetako taldeen itzulera bizi izan dugu azken urteetan, eta gerora hurrengo hamarkadetakoak etorriko dira”. Urteak atzera eginda, egon dira itzulera batzuk elkartasun-jaialdietan, baina azken boladan normaltasunez ari dira egiten eremu horietatik kanpo. BECen edo Navarra Arenan, esaterako, eta horrek ate berri bat zabaldu du zuzeneko euskal musikagintzan.
Zer bilatzen dute?
Batzuek nostalgiaren zer hori4 bilatuko dute; beste batzuek, taldeari behar bezalako bukaera eman ez izanaren arantza5 ateratzea. Besteren batek zorrak kitatzea6 eta/edo, prekarioan ibili ostean, amaiera duina. “Horretarako BEC erabili behar bada, zilegi delakoan nago”, dio Gurrutxagak. Itzulera-mota asko daudela uste du Otamendik. Horietako batek zuzeneko lotura du ekonomiarekin: “Talde hauetako askok ez zuten dirurik egin jardunean7 aritu zirenean; eta egun, dauden katxetak eta zenbakiak ikusita, aukera handia da negozioa egiteko”. Bullen ustetan ere, arlo ekonomikoak pisu handia du: “Kontzertu-antolatzaile edo promotore handiek diru-kontuekin xaxatzen8 dituzte artistak”.
Itzulerek, era berean, jendearen arreta pizten dute, eta jendetza batzen da halakoetan. Pertsona batzuk, akaso, halakoetara baino ez dira joaten, eta hori ez du gustuko disko-jartzaileak: “Talde berrien kalterako da. Ez litzateke itzulerarik egin beharko”. Usteak uste, bakoitzak bere erara bizi ditu itzulerak: nostalgia, bizi izandako garai bat gogora ekartzea, inoiz zuzenean ikusi gabeko talde bat ikusteko aukera eta/edo nahitaez egon beharreko leku bat. Galdu ezinezko hitzordua. Askotan, musikatik haragoko9 hitzordu bilakatzen dira. Nor ez da egon halakoren batean azken urteetan?
Egiari zor10, talde guztiak ezin dira zaku berean sartu. Batzuk disko berria kaleratuz bueltatu dira. Beste batzuek, ostera, iraungitze-data11 ipini diote itzulerari. Talde batzuen amaieraren ostean, aurretik izandako taldea esnatzera animatu den musikaririk ere bada. “Zortea probatzen dute horietako batzuek. Emanaldi bat edo bi programatu eta, ondo ateraz gero, aurrerantzean zer egin daitekeen aztertzen dute. Batek baino gehiagok, hasiera indartsua eduki arren, gero xume-xume12 geratu behar izan du”, azpimarratu du Eusebio Belokik.
Gustuko duzue?
Gurrutxaga bada, neurri batean, horrelako kontzertuen zale: “Baina masifikatzen badira, ez hainbeste. Garaian bizi ezin izan genuen hori gaur egun bizitzeko aukera ematen digute, eta hori polita iruditzen zait”. Ez dira iritzi berekoak ez DJ Bull ez Kojo. “Ez naiz kontzertu handien zale. Gainera, gaixotasun berri bat sortu dute, sarrerak agortu13 beharraren gaixotasuna”, uste du Bullek. “Areto eta gune erraldoiak ez dira neure eremu naturala. Nahiago ditut gertuko emanaldiak. Hala ere, taldearen araberakoa izan da nire interesa”, azpimarratu du Otamendik. “Itzulerak hautu14 bat dira, eta taldeen esku dago erabaki hori. Eskubide osoa dute, nola ez. Guk, ikusleok, bertaratzea ala ez bezala”, gaineratu15 du. Nostalgia polita izan daiteke. Baita beharrezkoa ere. Oroitzapena. Ez da erraza nostalgia barik oroitzea.
ITZULERAREN MAILA
Zer-nolako itzulera den ere kontuan hartu behar da. Batzuetan, emanaldi duinak izaten dira, Otamendiren ustez. Ez beti, “beste batzuetan, musikalki eskasak dira. Denborak bere lekuan ipintzen du bakoitza. Nik, aukeran, nahiago dut garai batean bizi izandakoa gogoratu berriz bizi baino”. Kazetariaren ustez, nekez16 lor daiteke garai bateko bizipenak 30 urte geroago errepikatzea: “Izandakoaren fotokopia txarra dira batzuk”. Hala ere, horrelako itzuleretan ikusleen zati handi batek dena edo gehiena barkatzen die musikariei, garai batean maite izandakoa berriz entzutearen truke. Atzera begiratzea ez da zertan txarra izan, baina non dago muga? Edo ez ginateke sekula itzuli beharko zoriontsu izan ginen lekura?
1. Zilegi: lícito, -a (es), juste (fr).
2. Hauspotu: bultzatu, sustatu.
3. -lakoan egon: uste izan, pentsatu.
4. Zer hori: esa cosa (es), ce truc (fr).
5. Arantza: espina (es), regret (fr).
6. Kitatu: saldar (es), solder (fr).
7. Jardunean: en activo (es), actif (fr).
8. Xaxatu: provocar (es), provoquer (fr).
9. Haragoko: más allá de (es), au-delà de (fr).
10. Egiari zor: a decir verdad (es), à vrai dire (fr).
11. Iraungitze-data: fecha de caducidad (es), date d’expiration (fr).
12. Xume-xume: humildemente (es), humblement (fr).
13. Agortu: amaitu, bukatu.
14. Hautu: elección (es), choix (fr).
15. Gaineratu: añadir (es), ajouter (fr).
16. Nekez: difícilmente (es), difficilement (fr).

