Urola bailara zeharkatzen1 zuen trenak duela 40 urte egin zuen azken bidaia, 1986ko uztailean. Handik urte eta erdira gelditu zuen betiko Eusko Jaurlaritzak, 1988ko otsailean. Gero, museoa ireki zuten Azpeitiko geltokia izandakoan2: turistak bidaiarien ordez. Herritarrek, ordea, ez dute trena ahaztu: Azpeitiko umeen danborradan karroza atera zuten eta otsailean Urolako Trena maratoi-erdia egin zen. M. Egimendi.

Sorrera
1926ko otsailean inauguratu zuten Urolako trena, Zumarraga eta Zumaia lotu zituena. Espainiako Alfontso XIII.a erregea izan zen lehen bidaiako gonbidatu nagusia. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu3 zuen, bidaiariak eta merkantziak garraiatzeko 36 kilometro inguruko ibilbidean. Ramón Cortázar arkitekto gipuzkoarrak diseinatu zituen geltokiak, neoeuskal estiloan. Diputazioak Siemens enpresa alemanari erosi zizkion lokomotorrak; bagoiak, aldiz, Beasaingo CAF enpresak egin zituen. Kalitateko materiala, 60 urtez iraun baitzuten eraberritu gabe, manten­tze-konponketa soilekin. 

Gainbehera4
Zerbitzuak ez zuen inoiz errentagarritasun ekonomiko handirik izan, eta 60ko hamarkadan autoak ugaritzeak⁵ eta merkantzia-garraioan kamioiak nagusitzeak ez zuten lagundu. Gainera, Foru Aldundiak ez zuen inoiz inolako inber­tsiorik egin. Trenaren kudeaketa⁶ Eusko Jaurlaritzaren esku geratu zenean, 1985ean, Azkoitia eta Zumaia arteko zatia eraberritzea erabaki zuen. 1986ko uztailean eten⁷ zen zerbitzua obrak egiteko. Errailak eta nasak berritzen dirua gastatu ondoren, udazkeneko hauteskundeetatik ateratako gobernu berriak trena ixtea erabaki zuen. Bailarako udalak, langileak eta herritar asko aurka mobilizatu ziren 1987ko azarotik, eta Inazio Galdona txartel-zulatzaileak⁸ 26 eguneko gose-greba ere egin zuen. Alferrik⁹: 1988ko otsailean itxi zuten betiko.

Museoa
Trenik ezean, trenbideak eta katenaria desmuntatu zituzten. Baita berriz jarri ere Azpeitia eta Lasao arteko bost kilometroko tartean, Burdinbidearen Euskal Museoa ireki eta lurrun-trena10 bertan ibiltzeko. Azpeitiko geltokia, argindar-zentrala, tailerrak eta bulegoak museo bihurtu ziren. Txangoez gain, gaur egun museoak Europako trenbide-bildumarik onenetakoa dauka ikusgai, mota guztietako ibilgailuekin: lurrun-trenak, dieselak eta elektrikoak; automotoreak eta hainbat motatako bagoiak... Baita XIX. mendearen amaieratik erabilitako uniformeak eta munduko tren-erlojuen bilduma ederra ere.

Oroimenean
Urolako trenaren sirena aspalditik entzun ez arren, haren oroitzapenak bizirik dirau11: inaugurazioaren mendeurrenaren harira12, Azpeitiko San Sebastian eguneko umeen danborradako karrozaren gaia izan zen. Bestalde, trenbidearen zati handi bat bidegorri bihurtu denez, Urolako Trena maratoi-erdia lehiatu zen otsailean. Nahiz eta hori ere urtemugaren aitzakian sortu den, herri-lasterketen egutegian hitzordu berezia izan nahi du: 2027ko edizioak maratoi-distantzia izango du, ordurako Urolako trenbide zaharraren bidea osorik atonduta13 egongo delako. 

1. Zeharkatu: atravesar (es), traverser (fr).
2. Izandako: antiguo, -a (es), ancien (fr).
3. Sustatu: promover (es), promouvoir (fr).
4. Gainbehera: declive (es), déclin (fr).
5. Ugaritze: proliferación (es), prolifération (fr).
6. Kudeaketa: gestión (es), gestion (fr).
7. Eten: interrumpir(se) (es), (s')interrompre (fr).
8. Txartel-zulatzaile: interventor, -a (es), contrôleur, -leuse (fr).
9. Alferrik: en vano (es), en vain (fr).
10. Lurrun-tren: tren de vapor (es), train à vapeur (fr).
11. Dirau: jarraitzen du, segitzen du.
12. -en harira: al hilo de (es), au fil de (fr).
13. Atondu: acondicionar (es), aménager (fr).


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.