24. Korrikak merezimendu osoz omendu zuen Errigora: 13 urte darama lan izugarria egiten Nafarroako hegoaldean, bai euskara sustatuz bai bertako elikagaiak Euskal Herri osora zabalduz. Eta ez du neke-zantzurik1: Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina abiatu zuen urriaren 24an, Lazkaon, Sustraitik Espaziora dokumentalaz, eta auzolan2 erraldoia antolatzen dabil azaroaren 7an Ablitasen egiteko. Aintzane Ariztegi Barrenetxe. Argazkiak: Errigora.

Lodosarekin elkartasuna
Errigoraren jatorria 2013an koka3 dezakegu. Urte hartan, Sartagudako Ibaialde Ikastolak bizi zuen larrialdi-egoerari aurre egiteko, Euskal Herriko hainbat euskaltzalek bat egin eta elkartasun-saski bat osatu eta banatu zuten, bertako produktuak baliatuta. Hasiera hartan bezala, gaur egun ere Ibaialde Ikastolak (orain Lodosan dago) egoera ekonomiko larria bizi du, eta eskualdean⁴ euskara ereiteko⁵ hain eragile garrantzitsua kinka⁶ larrian da. Horregatik, Errigorak ikastolari 5 euroko ekarpena egingo dion egutegi oso berezia banatuko du saskiekin batera udazkeneko kanpainan.

Udazkeneko saskien eskaintza
Ohi bezala, hiru saski-mota eskatu ahalko dira Euskarari Puzka kanpainan: beltza (betikoa, 60 €-an), berdea (ekologikoa, 65 €-an) eta gorria (berezia, 75 €-an). Horien guztien balioaren % 25 zuzenean bideratuko zaie Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko euskalgintzako eragileei⁷ (AEK, ikastolak, Agerraldia eta Sortzen), haien jarduna babestu eta indartzeko; izan ere, asko egin den arren, euskarak aukeraz beteriko bidea du oraindik egiteko Ager eremuan⁸ (Nafarroako erdialdea eta hegoaldea). Saskien osagarri gisa eskatu ahal izango da Ibaialde Ikastolari lagun­tzeko egutegia (10 €-ren truke). Eskaera egiteko azken eguna, azaroak 12.

Sustraitik Espaziora 
Lazkaon aurkeztu zuen Errigorak Sustraitik Espaziora lana, estreinaldi nazionalean, urriaren 24an. Hari esker, lehen eskutik jakin ahal izan dugu Euskarari Puzka kanpaina nola gauza­tzen⁹ den, baita jatorrietara eta Ager eremuko lurretara bidaiatu ere, pantailaren beste aldetik: bertakoen egoera, hausnarketak eta ametsak ezagutzeko parada10 bikaina. Azaroaren 12ra bitartean, Euskal Herri osoko hainbat txokotan eskainiko dira emanaldiak. Ikusteko gogoz zaudela? Sartu Errigoraren sare sozialetan eta aurkitu zugandik gertuko emanaldiren bat!

Ablitasko auzolana
Azaroaren 7an Ablitasen (Erribera, Nafarroa) saskiak prestatzeko auzolan erraldoirako deialdia zabaldu du Errigorak, urtero legez11. Larunbateko plan ezin hobeak auzolana, bazkaria, dokumentalaren emankizuna eta arratsaldeko jarduera (Tuteran) biltzen12 ditu. Euskal Herri osoko ehunka lagun elkartzen dira urtero Ablitasko auzolanean, horixe baita Errigora proiektuaren funtsa. Horri esker da posible Ager eremuko euskalgintzak eta nekazaritzak beharrezkoak dituzten babesa eta bultzada bidaltzea. Nahi duenak eman dezake izena, Errigorak zabaldutako galdetegia betez edo banaketa-gune bakoitzeko arduradunari esanez. 

1. Zantzu: indicio (es), indice (fr).
2. Auzolan: talde-lan, elkarlan, lankidetza.
3. Kokatu: situar(se) (es), (se) situer (fr).
4. Eskualde: región (es), région (fr).
5. Erein: divulgar (es), divulguer (fr).
6. Kinka: krisi, une latz, une zail.
7. Eragile: agente (es), agent (fr).
8. Eremu: zona (es), zone (fr).
9. Gauzatu: llevar a cabo (es), (se) réaliser (fr).
10. Parada: aukera.
11. Legez: como (es), comme (fr).
12. Bildu: aunar (es), rassembler (fr).


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.