Bai, hala da. Antzinako harpidedunek eta irakurleek gogoratuko dute, baina azken garaietakoek agian ez dute datu hori ezagutuko. AEKren aldizkariak ehun zenbaki argitaratu zituen martxa horretan (hilean bi) 1995eko otsaila eta 1999ko uda bitartean. Arrazoia? Aldaketa beharra. AEKren Batzar Nagusiak aldizkaria irauli behar zela erabaki ostean sortu zen egitasmo berria. Itxura ez ezik, argitalpenaren maiztasuna ere aldatu zen, baina tinko eutsi zitzaion hasierako xedeari: euskara ikasten ari direnen aldizkaria izatea. M. Egimendi.

Xelebrea 1994ko abenduko azala, ezta? Martxelo Otamendiri egin zioten orduan elkarrizketa nagusia, erabat bidegabeki desagerrarazitako Euskaldunon Egunkaria kazetaren zuzendariari, alegia. Honela erantzun zion Otamendik “Zer ez zenuke sekula egingo?” galderari: “AIZU!ren azalean torero jantzita agertu”. Horrelako erronkaren aurrean, AEKren aldizkariko lantaldeak ezin izan zion tentazioari eutsi, eta Otamendi torero jantzita agertu zen AIZU!ren azalean. Bitxikeriak bitxikeria, askoz ere gauza interesgarriagoak kontatu zituen Euskaldunon Egunkariaren zuzendariak elkarrizketa hartan, handik urte batzuetara euskara hutsean kaleratzen zen egunkari bakarra bortizki itxiko zutela imajinatu ere egin gabe, baina hori beste istorio bat da.
Erabateko aldaketa
Azal hura zuen aldizkaria argitaratu ondoren, AIZU! “desagertu” egin zen 1995eko urtarrilean. Ez zuen argitalpenik kaleratu, lantaldea buru-belarri eta denboraz estu zebilelako egitasmo berria osatzen. 1995eko otsailaren 1eko datarekin plazaratu zen 141. zenbakia, hamaboskariaren lehenengoa. Aldea nabarmena zen. Hasteko, formatu handiagoa: lau zentimetro luzeagoa eta hiru zentimetro zabalagoa zen. Mantxeta ere, oso ezberdina: handiagoa eta letra tipo “potoloagoarekin”. Tukana ere ez zen inondik inora ageri: betiko joana zen. Eta aldizkaria esku artean hartu bezain laster, beste bi aldaketa nabarmentzen ziren. Batetik, paper birziklatuz osatuta zegoela. Bestetik, orrialde gutxiago zekartzala: 32 (lehen, 56). Erraza da horren arrazoia asmatzea: hilean bi aldizkari argitaratu behar baziren, baliabide gehiagorik gabe, nahitaezkoa zen orrialde kopurua murriztea.
Hala ere, nahiko lan hilean bi aldizkari kaleratzeko. Horren ondorioz, AIZU!k laguntzaile sarea indartu behar izan zuen, eta, aurretik zituen kolaboratzaileei eusteaz gain, norberaren alorrean adituak ziren kolaboratzaileak bilatu behar izan zituen. Izan ere, atal berri batzuk sortu ziren orduan, hala nola Bertso potajea (bertsolaritzari buruzkoa), Berdez (ekologiaz aritzen zen), Mundu Bolari Bueltaka (bidaiak), Mihiluze (euskararen gaineko zalantzak), Dosoma eta Mogorra (munduko mitologiak), On/Off (elkarrizketa), Pott! (komikiak), ipuinak, sukaldaritza errezetak… Eta, 1998ko irailaren 1etik aurrera, baita Bi pareta atala ere (iritzi artikuluak). 1999ko uztailaren 16ko datarekin argitaratu zuen AEK-k AIZU! hamaboskariaren azken zenbakia, eta lau hilabeteren buruan (1999ko azaroa) hasi zen berriro hilero argitaratzen, atzera ere lantaldea eta itxura guztiz eraberrituta. Hortxe bukatu zen hamaboskariaren ibilbidea.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.