Ahize-AEK hizkuntz aholkularitza zerbitzua da. Euskararen erabilera indartzeko egiten du lan hainbat arlotan: kirol elkarteetan, gazteen artean, merkataritzan eta ostalaritzan... Baita Lanbide Heziketan eta zenbait enpresatan ere. Horiek Ahize-AEKren zerbitzua jasotzen dute, Eskuara (Araban) eta Landue (Durangaldean) proiektuen bidez; izan ere, ikasle asko sartzen dira Lanbide Heziketako A ereduan, ordura arte D ereduan ibili arren. Baina ikasprozesu osoa euskaraz egin badute, zergatik ez LH eta praktikak? Euskarak lan munduan balio erantsia duela aitortu digute hiru lagun hauek. M. Egimendi.

“Gero eta elkarrizketa gehiago ditugu euskaraz bezeroekin”

494paule

Paule Sánchez, Tabira Berezi enpresako gerentea

Durangoko enpresa hau eskolen eta enpresen mantentze lan informatikoaz arduratzen da. Sanchezen hitzetan, “bidelagun teknologikoak gara”. Duela lau urte ezagutu zuten Ahize-AEK: ”Gure bezero asko eskolak dira, zerbitzua euskaraz ematea bermatu behar dugu”. Diagnosiaren ostean plana hasteko, “Ahize-AEKk lehen erronka proposatu zigun: hizkuntz irizpideak idatziz jasotzea. Horri esker, txiri-txiri, barne dokumentazioa eta sinadurak euskaratu ditugu, agiriak euskaraz eskatu... Gauza txikiekin, emaitza handiak lortu ditugu”. Hizkuntz ohiturak aldatzeko dinamikak ere egin dituzte: “Adibidez, lankide baten erronka izan da nirekin euskaraz hitz egitea. Eta beste lankide baten bilakaera itzela izan da, orain askoz erosoago hitz egiten du euskaraz, bezeroekin ere ausartzen da. Horrek haiekiko gertutasuna handitzen laguntzen digu, gure markaren ezaugarria da”. Tabira Berezin, langileari eskatzen diote bezeroari ulertzeko gai izatea, zerbitzua ahalik eta ondoen emateko: “Belarriprest rola ere har dezake, berba eroso egiteko gai ez bada”. Izan ere, argi dute negoziorako ezinbestekoa dela “bezeroa bere hizkuntzan artatzea; eta hizkuntza negozioaren parte denez, informatika kontuetan ezagutza maila jakin bat eduki behar dugun moduan, hizkuntzan ere bai”. Oso balorazio positiboa egiten du Sanchezek: “Aurrerapen handia ikusi dut langileen artean, gero eta elkarrizketa gehiago ditugu euskaraz bezeroekin. Ederra da jendeari euskaraz entzutea enpresan”. Eta aurrera begira, badute beste erronka bat: 2027an zilarrezko Bikain ziurtagiria lortzea.

“Aukera eta erraztasunak ditugu ikasteko, beraz, aitzakiarik ez: nahi baduzu, ahal duzu”

494sesmilo

Ane Sesmilo, nazioarteko merkataritza teknikaria

Ahize-AEKren aholkularitza zerbitzua jasotzen dute Egibide ikastetxeak eta Gasteizko Ciudad Jardin LHII institutuak. Ikasten ari zela, Basque Moonshiner destilategian praktikak euskaraz egitea proposatu zioten Sesmilori: “Ez nuen ezagutzen nazioarteko merkataritzarekin lotutako enpresa askorik, eta eskolak bilatu zidan praktikak non egin”. Orduan jabetu zen euskara jakitea puntu positiboa zela: “Elkarrizketa egiterako, banekien euskaraz jakitea beharrezkoa zela, eta lau lagunen artean neu hartu ninduten. Aukera etorri egin zitzaidala esan daiteke: enpresako nagusia euskara ikasten ari da eta hitz egitea kostatzen zaio gehien, horrexegatik behar zuten euskara maila handiagoa zuen norbait. Hiru hilabeteko praktikak amaitu bezain pronto eskaini zidaten lan kontratua, iazko ekainean”. Whiskia, vodka eta ginebra egiten dituzte Basque Moonshiner destilategian, eta orain Sesmilok euskaraz lan egiten du bezero batzuekin: “Ipar Euskal Herrian ditugun bezeroek frantsesez eta euskaraz dakite. Ni frantsesa ikasten ari naiz, baina A2 mailan nago; beraz, logikoa da haiekin euskaraz komunikatzea”. Hego Euskal Herrian ere erabiltzen du euskara beste hainbat bezerorekin, baina “egia esan, gutxiago, gaztelaniaz denek dakitelako”. Bere esperientzian oinarrituta, Sesmilok ikasketak eta praktikak euskaraz egitera animatzen ditu gazteak: “Nire kasuan, balio erantsia izan zuen. Gainera, gure kulturaren parte da. Aukera eta erraztasunak ditugu ikasteko, beraz, aitzakiarik ez: nahi baduzu, ahal duzu”.

“Egunerokoan oraindik falta da euskara, bai eskolan bai enpresetan”

494iturriaga3

Xabi Iturriaga, Laudioalde Lanbide Eskolako mantenu saileko koordinatzailea

“Euskarak enpresentzat balioa duelako” hasi zen harremanetan Laudioalde Ahize-AEKrekin. Ikasle euskaldunek Lanbide Heziketan A eredua aukeratzeak nahigabetu egiten du Iturriaga: “Agian, hitz teknikoak gaitz egiten zaizkie, ez dakit, baina hori aldatu egin behar da. Euskara planak martxan jartzen ari diren enpresek praktikak euskaraz egiteko ikasleak eskatzen dizkigute, batez ere administrazio arlokoak, bezeroaren lehen arreta euskaraz egiteko. Mantentze lanetan, produkzioan, arlo teknikoetan... ez, arduradunak euskaldunak izan arren, euren azpiko langileek gaztelaniaz hitz egiten dutelako”. Laudioaldek Ahize-AEKren eusLiderrak proiektua garatzen du ikastetxean. Hala, iaz ikasleak arduratu ziren Korrikaren inguruan prestatutako guztiaz: “Eskolak hartu zuen kilometroa, eta ikasleek lekukoa eraman eta egun horretako ekintzak antolatu zituzten. Aurten, adibidez, 1. mailako ikasleek ipiniko dute martxan Euskaraldia eskolan, berbalagun moduko ekintza batekin”. Balorazio ona egiten du: “Horrelako ekimenetan parte hartzea handia da, baina egunerokoan oraindik falta da euskara, bai eskolan bai enpresetan”. Laudioko hiru enpresarekin (Hunday, Grafik eta Iza Igogailuak) dute hitzarmena administrazio praktikak euskaraz egiteko , “baina tailerreko praktiketarako ez dute pauso bera egiten”. Iturriagaren ustez, enpresek laguntza behar dute prozesuak euskalduntzeko: “Bizkaiko Foru Aldundiak dirulaguntzak ematen dizkie langileak euskara teknikoan formatzeko. Horrelako zerbait behar dugu Araban ere, langileak euskara teknikoa erabiltzeko gai izan daitezen”.

 

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.