Otsailaren 5a egun berezia da herri nafarrean. Santa Ageda ospatzen dute, Euskal Herriko leku askotan bezala, baina benetako protagonistak gazteak dira. Zehazki, dagokion urtean 18 urte betetzen dituztenak, hots, kintoak. Esti Lanao. Argazkiak: Guaixe.

Euskal Herrian, Agate Deunaren eguna ez da oharkabean pasatzen. Ohikoa da herri askotan egutegian markatuta izatea eta horri lotutako ospakizunen bat izatea. Altsasun, esaterako, oso data garrantzitsua da, gazteentzat bereziki. Izan ere, otsailaren 5aren bueltan, kintoen egun handia ospatzen dute.
Oso ohitura errotua da kintoena: adinez nagusiak bihurtzen zirenean, soldaduskara deitzen zituzten gazteak. Iraganean, mutilak bakarrik irteten ziren, haiek joan behar zutelako derrigor zerbitzu militarra egitera. Baina betebehar hori desagertu zenean, ospakizun kutsuari eutsi, eta azken hamarkadetatik hona emakumeek ere parte hartzen dute.
Altsasuko kintoen jaiaren berezitasunen artean, iraupena nabarmendu behar dugu. Otsailaren 5a egun handia bada ere, ia astebetez luzatzen dira jaiak. Izan ere, festa ekitaldi berezi baten inguruan antolatzen da: zortzikoa. Ohituraren arabera, kinto guztiek zortzikoa dantzatu behar dute, banan-banan. Jaiak ez dira amaituko denek dantzatu arte.
Ospakizun guztietan bezala, aurretik prestaketa lan batzuk daude. Horien arduradunak, noski, kintoak izango dira. Horra ospakizun honen beste berezitasun bat, arduradunak ez baitira edonola hautatzen. Hilabete atzera egin eta urtarrilaren 6ra joan behar da, Errege egunera, hain zuzen ere. Festarako errege eta erregina bina aukeratzen dira, zozketaz, urte horretan adin nagusitasuna bereganatuko dutenen artean. Kintoen ordezkariak izango dira, beste modu batean esanda. Prozedura ere, bitxia: zozketa karten bidez egiten dute.
Kintoen jaian parte hartu nahi duten gazteak udaletxera hurbiltzen dira egun horretan. Parte hartzaile guztiek biribil bat osatzen dute eta alkateak, erdian jarrita, txanpon bat botatzen du lurrera. Txanponak arrano baten irudia du alde batean, eta arranoaren begirada jasotzen duen pertsonarekin hasten dira karta sortako kartak banatzen. Horrela, lehenbizi suertatzen diren erregeak eta erreginak jaia antolatuko dute. Bigarrenak, berriz, opilak biltzeaz arduratuko dira otsailaren 5ean, ondoren saltzeko. Urtarrila osoa emango dute zortzikoa prestatzen, urduri, Santa Ageda egunaren zain.
Egun handian, goizean goiz elkartzen dira, zenbait altsasuarrek kontatu digutenez: “Aurreko urtean, esaterako, hitzordua 6:30ean jarri zuten. Gosaldu eta gero eskeari ekin zioten”. Horren ostean, kinto buruzagiek aginte makila hartzen dute, alkatearen eskutik, eta dirua biltzen eta opilak jasotzen aritzen dira. Horrekin ordainduko dituzte festetan sortutako gastuak. Elkarrekin bazkaldu ondoren, iluntzean, zortzikoa lehenengo aldiz dantzatzen dute plazan. Errege-erreginek aukeratuak izan ziren egunetik entseatutakoa erakusteko unea iritsi da.
Aurrena, kinto buruzagiak dantzatzen dira, eta gero gainerakoak, txandaka. Esan bezala, festak ez dira bukatzen harik eta guztiek zortziko bana dantzatu arte.
Altsasuko herritar guztiak bat datoz Santa Ageda egunak eragiten dienaz mintzatzean: “Hemengo gazte batentzat bere bizitzako festarik garrantzitsuena da. Biziki ospatzen dute”. Azken finean, txikitatik ikusi dituzte neska-mutilak dantzan ateratzen, beren unea noiz iritsiko zain.
Gaur egungo garaietara egokituriko tradizioa ere bada. Izan ere, aspalditik datozen kontu asko bezala, hitzordu hau gizonezkoentzat bakarrik zen. Egia da denborak aurrera egin ahala emakumeek presentzia handiagoa lortu dutela, baina, hala izan dadin, aurrekari bat beharrezkoa izan zen. 2005ean, urte hartako bi kintok, bi neskak, zortzikoa dantzatzea erabaki zuten. Berdintasuna, ohiturak aldatzeko eta garai berrietara egokitzeko aldarrikapena izan zen, andrazkoek dantzatu zuten lehen aldia izan baitzen. Harrezkero, ez du etenik izan.
Aurtengo kintada, esaterako, 55 gaztek osatzen dute: 31 neska eta 24 mutil. Horrez gain, 1983an kintoak izan zirenek (aurten 60 urte egingo duten altsasuarrak) ere ospatuko dute Agate Deuna. Dagoeneko hasi dira prestaketekin, besteak beste emakumezko buruzagien hautaketarekin. Duela 41 urte, gizonezko buruzagiak baino ez zituzten aukeratu; horregatik, oraingo hautaketa “ekitaldi sinboliko bezain esanguratsua izan da orduko kintoentzat.

KINTOAK, ERRALDOI
Ordezkariak ere badituzte kintoek erraldoien artean. Izan ere, 2019. urteaz geroztik, Altsasuko Erraldoiek bi pertsonaia berri dituzte taldean: Kinto eta Kinta. Berritasun honekin, herriko gazteak omendu eta, jakina, irudikatu nahi izan dituzte, Santa Ageda egunean soinean daramatzaten jantzi eta elementuekin.

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.