Mugaldeko historiari kantari
Mugarri musika eta antzerki ikusgarriak mugako eta mugaldeko bi belaunaldiren historia du ardatz. Jokai konpainia nafarraren sorkuntza berriak Euskal Herri osoko artistak bildu ditu oholtza gainean. Gerra, erbestea, migrazioa, kontrabandoa... mugaldea bizileku dutenen lekukotasuna dakar. Inhar Iraizotz. Argazkiak: Ricardo Bosch.
Bi belaunaldiren bizipenak, Ibardingo muga zokotik. Abiapuntu horri heldu dio Jokai konpainiak bere ikusgarri berrian. Mendeetan Ipar eta Hego Euskal Herria administratiboki bereizi dituen mugak izaera berezia eman dio eremu horri, anitzetan muga denari, beste ikuspegi batetik zubia izan daitekeelako: kontrabandoaren garaietan, alde bateko zein besteko gerra testuinguruetan eta/edo eguneroko biziraupenean, etengabeak izan ziren bi eskualdeen arteko herritarren harreman, lekualdatze eta uztarketak. Sortzaileek azaldu dutenez, ahozko transmisioan oinarritutako ondare immaterialaren parte diren esperientziak berreskuratu, balioetsi eta zabaldu nahi izan dituzte.
Borda bat, bi istorio
”Mugaldeko eremu horretan zer gertatu zen eta gaur egun zer gertatzen ari den islatu nahi izan dugu, Euskal Herriko hainbat txokotako artisten laguntzarekin”. Horrela azaltzen du egitasmo honen funtsa Jabier Leoz lekunberritarrak, proiektuaren zuzendari, ekoizle eta musikariak. Ibardingo mugako borda beretik, baina bi garaitako ikuspegitik kontatutako bi istorio biltzen ditu Mugarri ikuskizunak: “Lehena, Maria artzainarena da. Espainiako gerra zibila, Bigarren Mundu Gerra eta gerraostea bizitzea egokitu zitzaion. Bigarrena, haren alaba Kontxi ostalariarena. Muga zeharkatzeko debekuez gain, Bidasoa ibaia bizitza hobearen bila gurutzatzen duten etorkinen drama bertatik bertara ikusten du”.
Transformazioan den mugaren lekuko dira, beraz, istorio honetako bi protagonistak. Julen Lezaun musikari eta sortzaileak kantuen konposizioan parte hartu du. Iruindarra sortzez, gaur egun Nafarroa Behereko Izturitze herrian bizi da: “Bidasoako muga hori gurutzatuz bizi gara gutako anitz, eta haren inguruan azaleratuz doazen desberdintasun sozialak gero eta agerikoagoak dira. Garai batean muga horrek bizi izan zuen bortizkeriak beste forma batzuk hartu ditu. Gerra garaietan, euskaldunok jasan genuen mugaren pisua; gaur egun, munduko hegoaldetik heldu diren pertsona migranteak ari dira sufrimendu hori pairatzen. Mugaren eraldaketa hori islatzen entseatzen da Mugarri”.
Sorkuntza musikala oinarri
Ez da lehen aldia Nafarroa eta Lapurdi arteko muga horren inguruan sorkuntza artistiko bat plazaratu dena. Izan ere, duela 50 urte, Fermin Balentzia bakarlari tafallarrak La pastora de Ibardin (Ibardingo artzaina) kantu ezaguna sortu zuen. “Ikuskizun hau, nola ez, abesti ezagun horren urteurrenean estreinatu izana ez da kasualitatea”, dio Leozek. Kantaren berregokitzapena ere egin dute ikusgarrian, hitzak euskarara ekarriz. Julen Lezaunek egin du itzulpena. Onartu digunez, “erronka ederra iruditu zitzaidan lehen aldiz ikusgarri bateko kantuen konposizioan parte hartzea, baina Fermin Balentzia paregabearen kanturik mitikoenari euskarazko hitzak jartzea... hori beste maila bateko ardura zen!”. Urduritasunak urduritasun, emaitza espero baino hobea izan da: “Aurrestreinaldira Fermin gomitatu genuen, eta anitz hunkitu zen gure sorkuntza lanarekin. Uste dut zinez erdietsi dugula Ibardingo artzainari justizia egitea”.
Antzerki eta musika pasarteak tartekatzen dira ikusgarrian. Tere Sarriguren De Improviso konpainiako antzezleari Maria artzainaren eta Kontxi ostalertsaren bizipenei bizia ematea dagokio. Eszenatik eszenara, zubi musikala osatzeaz arduratzen dira, bestalde, Jon Artola, Maitane Urbizu, Sergio Lamuedra, Eñaut Zubizarreta eta Cecilia Moreno musikariak, lehentxeago aipatu ditugun Jabier Leozekin eta Julen Lezaunekin batera. “Musika tradizionaleko elementuak lehenetsi, eta txalaparta ezarri dugu erdigunean, beste musika tresna batzuekin uztartuta: biolina, biolontxeloa, gitarra eta ahotsak”.
Mugarri publiko ororentzako ikuskizuna dela nabarmendu du Leozek, helburu “didaktikoa” duena eta “euskara ulerterrazean” sortua. “Berako kultur etxean egin genuen estreinaldian, baita Lekunberriko aurrestreinaldian ere, adin guztietako jendea bildu genuen, euskalduna zein erdalduna. Emanaldia bururatutakoan baieztatu ahal izan nuenez, denek ulertu zuten behar bezala, eta horrek, euskara ikaslea naizen aldetik, poz handia sortu zidan”. Euskara ikaslea izanik, berarentzat ere erronka handia izan da euskara hutsezko ikusgarri hau antolatzea. “Orain, maitasun osoz egindako ikuskizuna Euskal Herriko oholtzetara eramatea dugu xede, eta horretan ariko gara buru-belarri datozen hilabeteotan”.
JOKAI KONPAINIA
Jon Artolak eta Jabier Leozek sortu zuten 2021ean, Lekunberrin (Nafarroa). Haien proiektuen helburua “istorioak kontatzea” da. Mugarri izan da beren lehen ikusgarria, baina azken urteetan euskal mitologiako pertsonaiak ezagutarazteko Larun egitasmoa garatu dute. Eskuz egindako egurrezko mahai-joko partizipatibo batez osatua den instalazio mugikorra da, herriz herri eta plazaz plaza eramateko egina.