Egoera ekonomikoak behartuta, Gasteizko egoitza1 itxi du Hamaika Telebistak. Nolanahi ere,  komunikazio-proiektuarekin aurrera jarraitzeko konpromisoa berretsi du euskara hutsezko telebistak.

Uztailaren 1ean itxi dituzte Gasteizko egoitzako ateak. Hamaika Telebistako zuzendari Ainhoa Jauregik prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez, erabakia “mingarria” izan da, eta kezka ere agertu du, Hamaikaren etorkizunaz harago, euskal komunikazio-sistemaren osasunagatik. Izan ere, Hamaikaren erabakia ez du gertakari isolatutzat jo, ezpada2 euskarazko komunikazio-sistemak dituen “ahulgune estrukturalen erakusgarri3”. Hala, azken urteetan euskarazko hainbat hedabide desagertu egin direla edo hainbatek euren jarduera murriztu dutela ekarri du gogora.

Egoera horren aurrean, euskarazko komunikabideen garrantzia nabarmendu du Jauregik. Bai desinfomazioaren garaian kazetarien lana “inoiz baino garrantzitsuagoa” delako bai euskarazko komunikabideek “funtsezko ekarpena4 egiten diotelako hizkuntzaren normalizazioari, euskararen erabilera-eremuak sortuz egunero. Era berean, tokiko errealitatea lantzeko egiten duten lana ere azpimarratu du. Jauregiren hitzetan, “euskal hedabideak ez dira komunikazio-enpresa hutsak; herri honen azpiegitura sozial, kultural eta linguistikoaren parte dira. Euskara biziberritzean, kultur transmisioan, kohesio sozialean eta informazioaren demokratizazioan egiten duten ekarpena estrategikoa da”. Horregatik, komunikazioaren sektorea eraldaketa sakonean murgilduta dagoen garaiotan, euskal hedabideen balioa ez dadila soilik irizpide ekonomikoetan neurtu eskatu du, are gehiago kontuan hartuta euskarazko hedabideek euren jarduna baliabide ekonomiko oso mugatuez garatzen dutela.

Euskarazko hedabideek bizi duten egoeraren harira, “hausnarketa partekatua” eskatu du Jauregik, hedabideek, gizarteak eta erakundeek erabaki dezaten zer leku eman nahi dioten etorkizunean euskarazko komunikazioari: “Euskararen etorkizuna eta euskarazko komunikazio-sistema sendoaren existentzia lotuta daude”. Azkenik, gogorarazi du euskal hedabideak ez direla gastua, “herri gisa egiten dugun inbertsio estrategikoa” baizik.

1. Egoitza: sede (es), siège (fr).
2. Ezpada: sino (es), mais (fr).
3. Erakusgarri: muestra (es), exemple (fr).
4. Ekarpen: contribución (es), contribution (fr).


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.