Pentsamendu kritikoa, galderak egiteko beharra eta jakin-mina1 ezagutzaren erdian jartzeko asmoz, Jakingura Jaialdia antolatu du Kutxa Fundazioak. Ekainean egingo da, Gipuzkoan, eta hiru hitzordu izango ditu: hilaren 5ean, Beasainen; 12an, Bergaran; eta 19an, Donostian.

Jakin-mina erdigunean jarriko du jaialdiak, baina ez edonola. Izan ere, jaialdiaren helburua ez da “jakin-minari buruzko ezagutza teorikoa zabaltzea”, baizik eta herritarrei galderak egiteko, ikuspegi desberdinak gurutzatzeko, eta egungo erronkei begirada kritikoago eta zabalagotik heltzeko “beharra ikusaraztea”. Horretarako, ezagutzaren hainbat arlo jorratuko ditu jaialdiak; besteak beste, filosofia, zientzia, hezkuntza, ekonomia, kazetaritza eta kultura. Gainera, ezagutzara gerturatzeko modu berriak proposatuko ditu, askotariko2 jarduerak baliatuz: hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak, performanceak, musika, podcastak... Hainbat adin eta profiletako jendearengana iristeko asmoa ere badu jaialdiak.

Jaialdia ekainaren 5ean hasiko da, Beasaingo Igartzako Monumentu Multzoan. 18:30etik aurrera, jakinguraren gainean solasean3 ariko dira Iñigo Aranburu sortzaile eta komunikatzailea, Joxepa Madariaga Gerriko Kultur Elkarteko ordezkaria, Maialen Olano moda-diseinatzailea eta Nerea Elias Biziola gizarte-ekimeneko kooperatibako kidea. Ondoren, Eider Saez abeslariak zuzeneko emanaldia eskainiko du.

Bigarren hitzordua hilaren 12an izango da, Bergarako Laboratorium Museoan, Oihana Arana idazle eta bertsolariak, Ana Galarraga zientzia-dibulgatzaileak, Mikel Rotaetxe kazetariak, Ander Mujika musikari eta sortzaileak, eta Maddi Iñarra irakasle eta komunikatzaileak hartuko dute parte. Saioa amaitzeko, Amorante musikariak kontzertua eskainiko du.

Azkenik, hitzordu nagusia ekainaren 19an izango da. Donostiako Tabakaleran, egun osoko eta formatu anitzeko programazioa eskainiko da. Goizeko saioa, profesionalentzat,10:00etatik 12:30era egingo da, Naroa Iturrik eta Kepa Errastik gidatuta. Remedios Zafra filosofo, idazle eta CSICko ikertzaileak, César Bona irakasle, idazle eta hezkuntza-dibulgatzaileak, eta Rocío Vidal kazetari eta zientzia-dibulgatzaileak hitzaldi bana eskainiko dute. Ondoren, haiekin batera, adimen artifizialari eta pentsamendu kritikoari lotutako mahai-inguruan parte hartuko dute Aitor Arregi zinema-zuzendariak, Garbiñe Manterola BRTAko ezagutza-transferentziako zuzendariak, Niko Cuenca ekonomialari eta dibulgatzaileak, eta June Fernandez kazetariak.

Arratsaldeko programa, aldiz, publiko zabalarentzat izango da, eta parte hartzeko esperientziak eskainiko ditu: familientzako Jakingura esperimentatzen tailerra; gazteentzako podcast bat, Ainhoa Vitoriak eta Aitziber Gradosek bideratua; eta Dejabu sormen-kolektiboaren hausnarketa-performancea.

Lehen bi hitzorduak irekiak dira, baina azken egunekoan goiza profesionalei eskainiko zaie, eta arratsaldea nahi duen orori. Irekiak izan ala ez, hitzorduetan parte hartzeko izena eman behar da jaialdiaren webgunean: https://kutxafundazioa.eus/eu/jakingurajaialdia.

1. Jakin-min: kuriositate, jakingura, jakiteko gogo handi.
2. Askotariko:
mota askotako.
3. Solasean:
hizketan, berriketan, berbetan.


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.