FestiLasaik 20 urte beteko ditu
Uztailaren 31n eta agorrilaren1 1ean egingo da Miarritzen FestiLasai, kaleko arteak, skatea eta zuzeneko musika uztartzen dituen jaialdia. Aurten, gainera, edizio berezia izango da, 20. urteurrena beteko duelako.
Ospatzeko, hamar musika-taldek joko dute FestiLasaiko oholtzan, askotariko2 eskaintza osatuta: Quantic DJ Set, Latzen, Mungo’s Hifi, Krav Boca, Pambelé, Serruriers Noirs, Papa Cumbia, Kimule, Cold Stress eta Khazadur.
Horrez gain, skateari lekua egingo diote larunbat gauean, Miarritzeko SkateParkeko kideen laguntzaz skate-txapelketa antolatuta. Karrikako arteak edo street art delakoa ere ez da faltatuko, eta, urtero legez3, bertako artistek horma-irudia egingo dute jaialdiak iraun bitartean eta aurreko eta ondorengo egunetan.
Eskaintzaren hiru ardatz nagusi horiekin batera, beste hainbat ezaugarri ere baditu FestiLasaik. Esaterako, lurraldeko kultur dinamikan parte hartzea, eta euskararen erabilera eta sustapena babestea. Hala, Lasai Herrixka izeneko gunean, jaialdiaren bihotzean, euskararen praktikan edo hizkuntzan murgiltzen hasi edo jarraitu nahi dutenei euskaraz aritzeko kitak eskainiko dizkiete. Bestalde, Eusko tokiko moneta ere erabili ahal izango da, eta jaialdian eskainiko dituzten jaki eta edarien artean bertako ekoizleen produktuak izango dira nagusi.
Jaialdiari buruzko xehetasun4 guztiak https://festilasai.com/eus/ webgunean paratu dituzte. Bertan, halaber5, kontzertuetarako sarrerak eros daitezke, hala egun bakarrerako nola bi egunetarako.
1. Agorril: abuztu.
2. Askotariko: mota askotako.
3. Legez: bezala, moduan, gisa.
4. Xehetasun: detalle (es), détail (fr).
5. Halaber: baita ere, ere bai, era berean, orobat.
