Dantz Network Congress 2026, asteon Donostian
Musika elektronikoaren industriaren nazioarteko topagunea Donostian finkatuko da martxoaren 4tik 7ra bitartean. Kongresuak bigarren edizioa izango du aurtengoa, eta mundu osoko artistak, profesionalak, jaialdiak, zigilu diskografikoak1, erakundeak eta kultur eragileak bilduko ditu Gipuzkoako hiriburuan. Hala, hiria funtsezko2 gune bihurtuko da horien guztien arteko ezagutza eta lankidetza sustatzeko, betiere berrikuntza jomugan3.
Programaren barruan, denetik aurki daiteke: hitzaldiak, mahai-inguruak, formakuntza-saioak, networking-jarduerak, speed meeting izenez ezagutzen diren bilera azkarrak eta era askotako aurkezpenak. Jarduera horiek Kursaal Kongresu Jauregian zein hiriko beste gune eta areto batzuetan egingo dira, industriaren, lurraldearen eta kultura garaikidearen arteko lotura indartzeko. Guztia hobeto ezagutzeko eta sarrerak erosteko, topaketaren atarira jo daiteke: www.dantznetwork.com
Hizlari eta artista askok ziurtatu dute beren presentzia Dantz Network Congress 2026 honetan, guztiak ere erreferenteak, hainbat jaialdi, zigilu, plataforma estrategiko, erakunde publiko eta komunikabide espezializatutatik etorriak. Tartean, Euskal Herrikoak ere bai: Amaia Ispizua (Get In), Beatriz Concepción (Oso Polita LT), Bihotza, Elizabet Ibarra (Cultura Rock Publishing), Gorka Hernández (Wololo Sound), Guillermo Alejandro (Dantz), Ibone Iza (MIM), Iker Arroniz (Jimmy Jazz), Iker Bárbara (Zarata), Jokin Telleria (Dantz), Joseba Palacios (SGAE), Juan Solaguren (CM Ediciones Musicales), Lander Agirreurreta (Dantz), Landeramez, LaMia Mari, Goxoa Grooves, Anderetx, A4, Becken, Berlyn Du, Elena Barker, J-3ø3, Judy, Kenya Arakama... Guztiak ere, esperientzia artistikoaren eta musika elektronikoaren funtsaren erakusleak.
1. Zigilu diskografiko: sello discográfico (es), maison de disques (fr).
2. Funtsezko: fundamental (es), fondamental, -e (fr).
3. Jomugan: helburu, xede, lortu nahi dena.
