Euskal Herriko Mus Txapelketako finala, prest
Azken txanpan sartu da Euskal Herriko XVII. Mus Txapelketa. Zazpi herrialdeetako finalak jokatuta, martxoaren 28an Amasa-Villabonan Euskal Herriko finalean ariko diren 128 bikoteak ere zehaztu dituzte dagoeneko: Arabako 16, Bizkaiko 10, Gipuzkoako 32, Lapurdiko 14, Nafarroa Behereko 18, Nafarroa Garaiko 32 eta Zuberoako 6. Horien artean izango dira, jakina, zazpi herrialdeetako txapelak jantzi dituzten bikoteak: Arabakoak, Kontrastako Juan Antonio Perez de Eulate eta Gregorio Perez de Eulate; Bizkaikoak, Lekeitioko Aitor Bengoetxea eta Juan Luis Uskola; Gipuzkoakoak, Bergarako Ana Ot eta Antonio Ramos; Lapurdikoak, Baionako Sebastien Pochelu eta Romain Richard; Nafarroa Beherekoak, Baigorriko Xabi Alcasena eta Damien Echart; Nafarroa Garaikoak, Leitzako Miguel Telletxea eta Ibon Elizalde; eta Zuberoakoak, Urdiñarbeko Bixintxo Etchegoinberry eta Patrick Lostau.
Finaleko egitarauak lehia eta jaia uztartuko1 ditu martxoaren 28an, egun osoan. Goizeko 09:00etan bilduko dira mus-jokalariak Villabonako Errebote plazan. Kredentzialak jaso eta harrera-ekitaldia egin ostean, kalejiran joango dira Olaederra kiroldegira. Eguerdian, herri-bazkaria izango da Behar-zana pilotalekuan, eta arratsaldeko saioa Villabonako kultur etxean jokatuko dute finalistek. Amasa-Villabonara joan gabe ere ikusi ahal izango da Euskal Herriko Mus Txapelketako finala, www.ehmus.eus webgunean zuzeneko emisioa eskainiko baitute.
1. Uztartu: bat egin, konbinatu, nahastu.
