Larunbatean egingo da Baionako karriketan zehar, arratsaldeko lauretatik aurrera, Euskal Konfederazioak deitutako manifestaldia. Horren harira, adierazpena zabaldu du euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten gizarte-erakundeen bilguneak, eta honela dio:

“Larrialdi-egoeran da euskara, baina hizkuntza bizia da. Mendeetan zehar jasan dituen erasoen gainetik iraun du, eta XXI. mendera jauzi egin du. Hiztun-komunitate indartsu batek babestu duelako, gure bidez bizi da euskara. 

Euskal hiztuna izan ala ez, gure egunerokoetan euskararen hautua1 egin dugu. Etxean euskara transmititzeko hautua; heldu gisa euskara ikasteko hautua; euskara irakasteko hautua; gure seme-alabak euskarazko irakaskuntzan eskolatzeko hautua; azterketak euskaraz pasatzeko hautua; familian, lanean, lagunekin, aisialdian, kirolean... euskara erabiltzeko hautua; euskal kultura bizitzeko eta biziarazteko hautua… Hautua egin dugu euskara izan dadin gure bizitzen bizkarrezur. Eta hautu hori errespetatzea nahi dugu. 

Euskara da gure hizkuntza. Euskarak egiten gaitu herri, eta euskararen herria gara. Herri bat gara euskararen alde. Euskara dira gure pilota, errugbia eta surfa; euskara dira gure dantzak, musikak eta bestak. Euskara dira gure malkoak eta irriak. Euskara dira gure ametsak. Euskara dira gure jostetak2. Mundu bat da euskara, eta euskararen bidez gara mundutar.

Baina euskara larrialdi-egoeran da Euskal Herrian. Diagnostikoa aspaldikoa da, eta azken datuek berresten3 dute: hiztun-kopurua eta erabilera ahultzen ari dira, bereziki Ipar Euskal Herrian. Alta4, posible da norabidea aldatzea. Lorgarria eta desiragarria da.

Horretarako, euskara lehentasun politiko eta sozial bilakatu behar dugu; hiztun berriak masiboki sortu behar ditugu; eta euskaraz bizitzeko baldintzak bermatu behar ditugu egunerokoan eta arlo guztietan.

    • Euskararen koofizialtasuna nahi dugu, gure lurraldean euskarak frantsesaren ber heineko5 lekua izan dezan. Euskara eskubide gisa aitortua izan dadin nahi dugu. 
    • Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren aldaketa nahi dugu, ez dadin frantsesa izan Errepublikan onartua eta baimendua den hizkuntza bakarra. 
    • Frantziako Parlamentuan hizkuntza gutxituen aldeko lege ausart bat bozkatzea nahi dugu, euskarari lege-babesa emateaz gain, eskubide konkretuak irabazteko. 
    • Ipar Euskal Herriko instituzioek euskararen aldeko hizkuntza-politika eraginkorrak martxan ezartzea nahi dugu, norabide eta bide-orri argi batekin, eta helburu zenbakituekin6. Euskara biziberritzeko plan integral bat behar dugu. 
      
Euskal Herri osoko euskaltzale guziei dei egiten diegu azaroaren 21ean euskalgintzak Baionan antolatu duen manifestaldi handirako mobiliza daitezen. Herritarrak, langileak, artistak, kirolariak, hautetsiak7, enpresariak eta merkatariak; bertan sortuak eta etorri berriak, eskolan euskara debekatu zieten belaunaldikoak eta eskolari esker euskalduntzen ari diren haurrak… euskara jakin ala oraindik ez, euskararen aldeko komunitatea osatzen dugun guziak elkarretaratu behar gara. Guk, dei honen izenpetzaileok, engaiamendua8 hartzen dugu gure kide guziak mobilizatzeko, manifestaldi hau hitzordu nagusi bilaka dadin. 

Hala erabakitzen badugu denek, ez da ”euskararen aldeko manifa bat gehiago” izanen, zinezko9 aldaketa ekarriko duen atxikimendu-demostrazio handia baizik. 

Orain arte egin dugun gisara, gure hizkuntzaren alde karrikara atera eta elkarrekin bidea egiteko garaia da. Euskarari indar berri bat emateko, euskaldunak pizteko. Euskaltzaleon garaia da, euskararen garaia da”. 

1. Hautu: aukera.
2. Josteta: jolas.
3. Berretsi: baieztatu, konfirmatu.
4. Alta: hala ere, dena den, alabaina.
5. Ber heineko: tamaina bereko, neurri bereko.
6. Zenbakitu: zenbatzeko moduko.
7. Hautetsi: hauteskundeetan aukeratutako pertsona.
8. Engaiamendu: konpromiso.
9. Zinezko: benetako, egiazko.


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.