Apirilaren 13tik, ETB1 On katea, ETB3ren ordezkoa, haurrentzako edukiak eskaintzen hasi da egunean hamabi orduz, etenik gabe, LTDn (lurreko telebista digitala) edo telebista konbentzionalean. Zehazki, Makusi plataformako edukiak eskaintzen ditu, 07:00etatik 19:00etara.

EITBk martxoan indarrean jarritako neurrien ondoren etorri da aldaketa. Bere kate jeneralistak unibertso digitalera eramateko asmoz, martxoaren 18an ETB1 On eta ETB2 On abiatu zituen, ETB1 eta ETB2 kateen bertsio digitalak, hurrenez hurren1. ETB1 Onek ETB3ren tokia hartu du, eta ETB2 Onek, ETB4rena. Alabaina, aldaketarekin batera kateen eskaintza ere aldatu da. ETB3k, neska-mutikoentzako katea izanik, haurrentzako euskarazko edukia eskaintzen zuen ordura arte. Aldaketarekin, ordea, haurrentzako eskaintza desagertu egin zen. Erabaki horrek kezka eta kexa ugari eragin zuen, haurrentzako euskarazko edukia eskaintzen zuen kate bakarra zelako eta, ondorioz, ume asko euskarazko eskaintzarik gabe geratuko zirelako. Esaterako, Pantailak Euskaraz eta Aldatu Gidoia taldeek sinadura-bilketa abiatu zuten ETB3 ez ixteko eskatzeko. Ondoren, hainbat eragilek ere antzeko eskaera egin zioten EITBri: Euskalgintzaren Kontseilua, Euskal Herriko Ikastolak, Sortzen elkartea, Taupa mugimendua, Hezten taldea, Gazte Euskaltzaleen Sarea, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuak, eta arestian aipatutako bi taldeek.

EITBk horietako zenbaitekin bildu ostean hartu du haurren eskaintza zabaltzeko erabakia. Horretarako, ETB1 Onek bikoiztu egin du emisioa: batetik, LTDn edo ohiko telebista konbentzionalean, euskarazko 12 orduko haur-programazioarekin; bestetik, YouTuben, plataformetan eta telebista-zerbitzuen hornitzaileetan, nazioartean eskubide-murrizketarik2 gabeko programazioarekin.

Haurrentzako programazioa zabaltzeko neurria hartzeaz gain, EITBk kontrasterako foro bat sortzeko konpromisoa hartu zuen bileran. Hala, euskalgintzako eragileekin eta, bereziki, euskarazko ikus-entzunezko edukien sustapenean dihardutenekin estrategiak partekatuko ditu aldian-aldian3.

1. Hurrenez hurren: ordena horretan, hurrenkera horretan.
2. Murrizketa:
restricción (es), restriction (fr).
3. Aldian-aldian:
tarteka, noizean behin, noizbehinka.


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.