Ahotseneak udaberriko 10 liburu aurkeztuko ditu Literaturian
Maiatzaren 29tik 31ra bitarteko asteburuan ospatuko da aurtengo Literaturia, euskal letren plaza, Zarautzen. Literaturarekin lotutako hainbat ekitaldi izango dira bertan (egitarau osoa eta informazio gehiago www.literaturia.eus atarian1 dago ikusgai), baina liburu-aurkezpenak larunbatean (hilak 30) izango dira: hamar liburu argitaratu berri, Lege Zaharren Enparantzan kokatutako2 karpan, sei goizean eta lau arratsaldean. Hala, goizeko hamaiketan hasita, Amaia Aranzetak Bihotzaren izkin batetik (Maiatz) narrazio laburren bilduma aurkeztuko du. Ondoren, Ernestina de Champourcin XXXV. Poesia Saria irabazitako Zainetatik zilarra (Pamiela) poema-liburuaren berri emango du Nahia Intxaustik. Txalapartak argitaratutako Bihotzean napalma (Pol Guasch, Ibai Sarasuak itzulia) liburuaren txanda 12:15ean izango da; ordu erdi geroago, Joxean Agirrek Mio Marito deitzen zion (Elkar) eleberria aurkeztuko du. Eta 13:15ean Maite Lopez Las Herasen Zirtak su I. Hasieran bazen hitza (Alberdania) nobela historikoaren txanda izango da. Goizeko seigarren eta azken aurkezpena, 13:45ean, Martxelo Otamendiren Handira jotzeko kazetaritza (Berria) liburuarena izango da. Arratsaldean, 16:30ean hasiko dira aurkezpenak. Lehenengoa, Katakrak argitaletxearen Ekologia pirata baten alde (Fatima Ouassak, Leire Mendiburu itzultzaile). Igela argitaletxeak kaleratutako Utopiaren belaunaldia nobelaren txanda 17:00etan helduko da (Artur Pestana dos Santos Pepetela idazleak ondu3 eta Iñigo Roquek itzulitako eleberria). Bukatzeko, 18:30ean Aitziber Etxebarriaren Chicago (Erein) nobela, eta 19:00etan Denboraren esku urdinak (Susa) poesia-bilduma Peio Iturralderen eskutik.
1. Atari: webgune, web-orri.
2. Kokatu: ezarri, jarri, ipini.
3. Ondu: idatzi.
