AIZU!ren 502. zenbakia, 2025eko abendukoa, kalean eta Interneten dago. Duela bi aste aurreratu genuen moduan, aldizkariak berritasun nabarmenak dakartza. Horiei esker, alor digitala eta didaktikoa indartuta, paperezko euskarriaren1 eta euskarri digitalaren arteko osagarritasuna2 sendotu dugu. Paperezko euskarriaren tamaina txikiagotuta, erabilgarriagoa da orain. Erabilgarritasuna, gainera, edukietan ere handitu da. Izan ere, euskara ikasten ari direnen aldizkaria izaki, arlo didaktikoan berritu da bereziki: testu batzuetan ageri den QRa klikatuta, AEKko Didaktika Sailak prestatutako atazak ageri dira, online egin daitezkeenak. Paperezko aldizkaritik zein webgunetik iritsi ahal dira irakurleak ariketa horietara, eta abendu osoan sarbide3 irekia izango dute, euskara ikasteko prozesuan dabilen orok ezagut eta proba dezan (ondoren, sarbidea aldizkariaren harpidedunek eta erosleek soilik izango dute).

Hauek dira abenduko zenbaki honetan ariketaz hornituta4 datozen edukiak:
1) Eslovakian oinezkoei ezarritako gehieneko abiadurari buruzko albistea:
https://aizu.eus/zokomiran/1620-oinezkoei-gehieneko-abiadura-ezarriko-diete-eslovakian
2) Disidentziaren zertzeladak erreportajea:
https://aizu.eus/erreportajeak/1611-disidentziaren-zertzeladak
3) Zelan euskaraz? atalean, Leire Ruiz aktorea:
https://aizu.eus/zelan-euskaraz/1609-euskaraz-ligatzea-trikimailu-ona-da
4) Idazlea kontu kontari atalean, Uxue Apaolaza:
https://aizu.eus/kultura/idazlea-kontu-kontari

Horiez gain, badira beste hainbat eduki ere: elkarrizketa nagusia ETS taldeko Iñigo Etxezarretari, Patricia Martin harri jasotzaile galiziarra Arin-arin atalean, Durangoko Azokari buruzko erreportajea, Zokomiran ataleko albiste laburrak, kultur arloko berriak... Guztiak, hizkuntza gaitasunaren5 arabera mailakatuak, hori baita beste berritasun bat.

Horrela, AIZU!k beste urrats bat egin du euskara ikasten ari direnen aldizkaria izateko helburuan sakontzeko6. Haatik, online ipiniko diren ariketak ez dira AIZU! erabiltzeko modu bakarra; izan ere, aldizkaria euskara ikasteko prozesuan nola baliatu azaltzeko, bi gida didaktiko jarri dira erabiltzaileen eskura webgune honetan; bata euskara ikasleentzat eta bestea irakasleentzat. AEKko Didaktika Sailak prestaturiko gida bietan, aldizkaria zelan erabili azaltzen da, modu erraz eta ulerterrazean.

Bestalde, hilabetekaria izateak edukiak lantzeko unean ezartzen dituen mugak gainditzeko asmoz, aurrerantzean AIZU!n gaurkotasunari ere egingo diogu lekua, euskarri digitalean. Horretarako sortu dugu, www.aizu.eus atarian, AIZU!ren leihoa atala, non astero hilabetekarian normalean lekurik ez duten albisteak argitaratuko diren.

Aldizkari eraberritu hau Durangoko Azokan aurkeztuko dugu, abenduaren 5ean. AEKko eta AIZU!ko kideek Areto Nagusian emango dute ezagutzera, eguerdiko 12:15ean. Alegia, nola erabili azalduko dute, euskara ikasleentzat eta irakasleentzat are baliagarriagoa izan dadin.

1. Euskarri: soporte (es), support (fr).
2. Osagarritasun:
complementariedad (es), complémentarité (fr).
3. Sarbide:
acceso (es), accès (fr).
4. Hornitu:
dotar(se) (es), deoter (fr).
5. Gaitasun:
aptitud (es), aptitude (fr).
6. Sakondu:
profundizar (es), approfondir (fr).


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.