Euskara Kultur Zikloa martxan da Garesen
Ohiturari jarraikiz, EKZ 2026 Euskara Kultur Zikloa antolatu du Garesko Udalak, euskara-zerbitzuaren bitartez, Nafarroako Gobernuaren eta herriko beste zenbait eragile eta elkarteren laguntzaz. Zikloak mota askotako ekitaldiak eskainiko ditu, euskararekiko sentsibilizazioa sustatzeko eta euskal kulturaz gozarazteko helburuz.
Zikloa irailaren 12an hasi zen, Zubipeko Bertsoak izenburupeko bertso-saioaz, eta abendura arte iraungo du. Urriko hitzorduei dagokienez, 6an, liburutegian, Koldo Colomok Palabras vascas de Artajona liburua aurkeztuko du, Artaxoako euskarari buruzko kontuak ezagutarazteko. Hilaren 31n, Gau Beltzan, kalabaza-tailerra egingo dute, beste garai batzuetan Garesen kalabazen ospakizuna nolakoa zen gogorarazteko.
Azaroan, Izarbeibarko euskara izango da protagonista. Izan ere, euskararen aldaera1 horretara hurbiltzeko doako tailerra egingo dute 10ean, 17an eta 24an. Nafarroako euskalkietara gerturatzea eta erregistro informala aberastea du helburu, eta euskara-maila altua duten hiztunentzat da. Tailerra doakoa da, baina parte hartzeko izena eman behar da.
Azaroan, beste hiru jarduera izango dira: 13an, Amaia Aizpunek Bubblia euskarazko album ilustratua aurkeztuko du; 21ean, Euskarabidearen Gora Gora Fest jaialdiaren bitartez, Brubuja dislexikoa haurrentzako antzerkia eskainiko dute; eta, 27an, Emilio Arrieta abesbatzak2 Gauren kantak izeneko kontzertua emango du, euskal musikagintzako kanta klasikoak eta modernoak uztartuta.
Zikloa amaitzeko, abenduaren 23an Tutti Magia ikuskizuna aurkeztuko du Hodei Magoak.
1. Aldaera: variante (es), variante (fr).
2. Abesbatza: coro (es), chœur (fr).
