Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa abian da
Urtarrilaren 18tik, martxan da Gipuzkoako Herriartekoa, taldeka jokatzen den bertsolaritza-txapelketa. Hirugarren aldia du oraingoa; aurreko biak 1999an eta 2017an izan ziren.
Parte-hartzea handia da aurtengo Herriartekoan, inoizko handiena; guztira, 57 talde lehiatzen ari dira. Aurrekoetan, 24 eta 38 taldek hartu zuten parte, hurrenez hurren1. Finala maiatzaren 30ean jokatuko da, Aian, eta horra heldu bitartean 100 saio baino gehiago egingo dira herrialde osoan.
Banakako txapelketekin alderatuta, taldekakoak bestelako helburuak ditu. Batetik, eskualde-mailan, bertso-eskolen arteko saretzea sustatu nahi du. Bestetik, gaur egun plazetan kantatzeko aukera gutxi duten bertsolarientzako erakargarria izan nahi du.
Partaideei dagokienez, profila “ahalik eta anitzena” dela nabarmendu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Hala, besteak beste, generoaren ikuspegitik emakumeen eta genero disidenteen parte-hartzea sustatu da, baita hainbat belaunaldirena2 ere. Izan ere, taldekako txapelketen ezaugarria belaunaldiak nahastea izaten da.
Finean, “bertso-komunitate osoa elkartu du txapelketak”. Horretarako, saioen antolaketan bat eginda ari dira bertsolariak, epaileak, gai-jartzaileak, antolatzaileak eta bertsozaleak. Hala, talde bakoitzak bost partaide ditu, gutxienez: hiru bertsolari, gai-jartzaile bat eta epaile bat. Ordezkari bana ere bai, bilketa-, komunikazio- edo antolaketa-lanak egiteko. Guztira, 350 pertsona ari dira eginkizun horiek egiten.
Txapelketak lau fase ditu. Lehena, bigarrena, finalaurrekoak eta finala. Lehen fasea eskualdeka jokatzen ari da, martxoaren 28ra arte. Hortik, zortzi talde garaile aterako dira, eskualde bakoitzetik bat. Talde horiek jokatuko dute bigarren fasea, lau saiotan. Hortik, lau sailkatuko dira finalaurrekoetan lehiatzeko, bi saiotan eta areto handiagoetan. Azkenik, finala Aiako probalekuan jokatuko da, arestian aipatu bezala, maiatzaren 30ean. Bertso-bazkari erraldoia ere egingo dute, “bertsolaritzaren festa” izan dadin.
Azken faseetarako txartelak www.bertsosarrerak.eus atarian jarriko dira salgai, martxoan, eta txapelketari buruzko informazio guztia www.bertsozale.eus webgunean dago, Herriartekoaren atarian (www.bertsozale.eus/gipuzkoa-herriartekoa-2026).
1. Hurrenez hurren: ordena horretan.
2. Belaunaldi: generación (es), génération (fr).
