Izaki Gardenak taldeak ‘Ausartenak’ kantaren zuzeneko bideoklipa argitaratu du
Duela pare bat hilabete kaleratu zuen banda gasteiztarrak Sitsak izeneko diskoa. Bertan, kantu berri batzuk biltzen ziren, urteetan zehar diskoetatik kanpo argitaratutako beste batzuekin batera. Berri horietako baten bideoa dakar oraingoan talde arabarrak, Gakobeltz Hit Faktorian grabatua, Joseba Baleztenaren gidaritzapean1 eta Miren Narbaizaren kolaborazioarekin, teklatu eta koroetan. Bideoa Itziar Garaluce artista bisualak egin du; horretarako, filmatzeko modu eta material zaharrak erabili ditu, eta, ondoren, pelikula interbenitu.
Datozen hilabeteetan, zuzenean jotzen jarraituko du taldeak, eta apirilean bira txikia egingo du Galizian, Artistas En Ruta egitasmoaren barruan. Hauek dira oraingoz lotuta dituzten hitzorduak2: 9an, Ourenseko Auriense gunean; 10ean, Lugoko Clavicémbalo klubean; 11n, Ferroleko La Room aretoan; eta 12an, Bueuko Aturuxo tabernan. Handik bueltan, Ataungo Herri Antzokian joko dute hilaren 18an; eta Iruñean, Kantu eta Hitza zikloaren barruan, maiatzaren 28an.
1. Gidaritzapean: gidari, zuzendari dutela.
2. Hitzordu: cita (es), rendez vous (fr).

