Egitarau zabala osatu du Euskaltzaindiak R.M. Azkueren heriotzaren 75. urtemugan
Azaroaren 9an hizkuntzalari1 lekeitiarra hil zenetik 75 urte beteko direla-eta, Euskaltzaindiak lehen euskaltzainburua izan zenaren lana eta bizitza gogoratzeko egitarau oparoa antolatu du: Herriaren ahotik Euskaltzaindira. Zeregin horretan, bidelagun izan ditu Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Lekeitioko Udala, Bilboko Euskal Museoa eta Laboral Kutxa.
Euskararen Akademiak Resurrección Maria Azkue (Lekeitio, 1864 – Bilbo, 1951) “alderdi askotako gizona” izan zela azaldu du urtemugaren aurkezpenean: “Irakaslea, musikaria, apaiza, kazetaria, intelektuala eta folklorista. Azkueren askotariko lanek, haren ekintza sakabanatuek2, amets bat zuten iturburu: euskaldunek euskaldun irautea mundu modernoan, beren hizkuntza eta kultura mantenduz eta garatuz. Amets horrexek inspiratu zuen Azkueren bizitza oparoa”.
Hala, urtemugaren ospakizuna azaroaren 7an hasiko da, Lekeitioko Nautika plazan. Bertan irakurriko dituzte zenbait herritarrek Azkuek idatzitako testuen pasarteak3. Azaroaren 9an, Azkue hil zela 75 urte beteko diren egunean, esan bezala, erakusketa irekiko da Bilboko Euskal Museoan. Han, Azkueren bizitza eta lan nagusiak aipatzen dira, Euskal Museoak lan eta objektuen bilduma horri eman dion ukitu museografikoak aberasturik. 2027ko urtarrilaren 10era arte egongo da ikusgai; udaberrian, Lekeitiora eraman eta uda amaitu arte egongo da bertan.
Beste hainbat ekitaldi ere egingo dira urtemuga gogora ekartzeko: azaroaren 14an, Azkueren Cancionero Popular Vasco edo Euskal Kantutegi Herrikoia oinarri hartuta, Bilboko Euskeria eta Lekeitioko Kantakai koralek musika-emanaldia eskainiko dute Euskal Museoaren klaustroan; azaroaren 21ean, Resurrección Maria Azkueri buruz berba egingo du Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoak Lekeitioko Azkue aretoan; azaroaren 27an, saio bikoitza egingo dute euskaltzainek Euskal Museoan. Batetik, Akademiaren osoko bilkura egingo da; bestetik, Azkueren inguruko ageriko4 bilkura, Bilboko Txistularien Bandarekin. Amaitzeko, abenduaren 19an, Resurrección Maria Azkueri buruzko hitzaldia emango du Andres Urrutia euskaltzainburuak Lekeitioko Azkue aretoan. Eta hitzaldi horren ostean, Sabiño Madariagak eta Gotzon Loberak Sustraia aldizkariaren berrargitalpena aurkeztuko dute.
1. Hizkuntzalari: lingüista (es), linguiste (fr).
2. Sakabanatu: diseminar(se) (es), (se) disséminer (fr).
3. Pasarte: fragmento (es), fragment (fr).
4. Ageriko: publiko, jendaurreko.
