2026ko Argia sariak banatu dituzte
Iragan urtarrilaren 30ean banatu zituzten aurtengo Argia sariak, Usurbilgo Atxega Jauregian eginiko ekitaldian. Aurten, 37. edizioan, lehen aldiz banatu dituzte Alaia Gaztelumendi eskultoreak eginiko garaikurrak1, Anton Mendizabalen lekukoa2 hartu baitu. Mendizabalek 35 urtez egin ditu Argia sarien oroigarriak.
Sei kategoriatako irabazleek eskuratu dituzte Gaztelumendiren oroigarriak. Prentsa atalean, Jakin aldizkariak irabazi du Argia saria, Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi zenbaki bereziagatik. “Azurmendirenganako zubi-lana egiteagatik, ia ehun kulturgileren gogoeten3 bidez haren balioa jasotzeagatik eta irakurlea galderen munduan murgiltzeagatik” saritu dute Jakin.
Ikus-entzunezko Argia saria Enarak dokumentalak lortu du. Beñat Iturriozek zuzendua, Francoren garaian sortutako Enarak taldearen historia jasotzen du, eta “gaia modu original eta ausartean aurkezteagatik, dokumentazio-lan aberatsagatik eta euskal musikaren historia-zatitxo bat txikitasunetik transmititzeko erakutsitako gaitasunagatik” saritu dute.
Antxeta irratia izan da Entzunezko Argia sariaren irabazlea, Irungo “auzokide-patruilen” gainean egindako ikerketa-erreportajeengatik, “eta, orokorrean, kultura-aniztasunari eta arrazakeriaren aurkako ahotsei sakon4 heltzeagatik”.
Interneteko saria UEU Udako Euskal Unibertsitatearen Inguma datu-biltegiari eman diote, “euskaraz egindako zientzia eta jakintza zaindu, eta herritar guztien eskura jartzeagatik”. Gainera, eduki akademikoa euskaraz sortzearen balioa aldarrikatzeko eta bultzatzeko egiten duen lana ere nabarmendu du epaimahaiak.
Kanpaina onenaren Argia saria Aroztegiko Elkartasun Komiteak jaso du, elkartasuna eta salaketa “mimoz, eraginkortasunez eta kemenez5 antolatzeagatik”.
Azkenik, Bilboko Zenbat Gara elkarteak eskuratu du Merezimenduzko Argia saria. Bilbon euskara bultzatzeko eta biziberritzeko egiten duen lan “nekaezina” aitortu diote sariaren bitartez.
1. Garaikur: trofeo (es), trophée (fr).
2. Lekuko: testigo (es), témoin (fr).
3. Gogoeta: reflexión (es), réflexion (fr).
4. Sakon: en profundidad (es), en profondeur (fr).
5. Kemen: arrojo (es), courage (fr).
