Xiberutikan Mendebaldera, 24. Korrikaren doinua
Pello Reparazek sortu du 24. Korrikaren Xiberutikan Mendebaldera abestia. Agoizko Kultur Etxean aurkeztu du, Ane Elordi Korrikako arduradunarekin eta kantako zein bideoklipeko Maixux Zugarramurdirekin batera. Horrez gain, bideoklipa ere erakutsi dute.
Esan bezala, Reparazek egin ditu kantaren musika eta hitzak, eta bideokliparen zuzendaritza lanaz ere bera arduratu da. Gainera, azken emaitza lortzeko, Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena abeslariak izan ditu lagun. Aurkezpenean, Ane Elordik Reparazen ahalegina1 eskertu du: “Eskerrik asko Korrikarako kanta zoragarri hau ekoizteagatik2 eta musikatik euskarari eta euskal kulturari egiten diezun ekarpenagatik3”. Era berean, azaldu du edizio honetan AEK osoak aukeratu duela kantaren enkargua nori egin, prozesu demokratiko baten bitartez: “Aurrenekoz4, AEKide guztion artean erabaki dugu noren esku jarri Korrikaren kanta”. Reparazek, bestalde, Korrikaren abestia sinatzea bere ibilbide artistikoko “erantzukizun5 eta poz handienetakoa dela” aitortu du hunkituta6. “Ez da enkargu hutsa: kantaren bidez euskarak eta Korrikak niri eman didatenaren zati bat itzultzea da”.
Horrez gain, 24. Korrikaren Euskara gara leloaren “pisu handiaz” hitz egin du musikariak: “Ez gara hizkuntzaz bakarrik ari, bizitzeko, elkar zaintzeko eta etorkizun duinagoa7 elkarrekin irudikatzeko8 modu bati buruz ari gara”. Kantari mugimenduan dagoen komunitate baten sonoritatea ematen ahalegindu da, “ez ereserki9 zurrun10” batena. Entzulea koru horren parte sentitzea nahi izan duela aipatu du, eta abestiak jendarteari euskarara hurbiltzeko gonbita egiten diola. Bukatzeko, hauxe azaldu du Reparazek kantaren helburuaz: “AEKren euskaltegietan izena emateko, alabarekin euskaraz hitz egitera animatzeko eta/edo Korrikan kilometro bat gehiago egitera bultzatzeko balio badu, kantak bere funtsa11 beteko du”.
1. Ahalegin: esfuerzo (es), effort (fr).
2. Ekoitzi: produzitu.
3. Ekarpen: contribución (es), contribution (fr).
4. Aurrenekoz: lehen aldiz, lehenbizikoz.
5. Erantzukizun: responsabilidad (es), responsabilité (fr).
6. Hunkitu: emocionar(se) (es), (s')émouvoir (fr).
7. Duin: digno, -a (es), digne (fr).
8. Irudikatu: imajinatu.
9. Ereserki: himno.
10. Zurrun: rígido, -a (es), rigide (fr).
11. Funts: esentzia, muin.
