Tabakalera, podcasten geltoki
Maiatzaren 28tik 30era, Podcast Geltokia izeneko jaialdia egingo da Donostian, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Lehen aldia izango da eta, jaialdiaren izenak azaltzen duen moduan, beren-beregi1 podcastei eskainiko zaie. Horrenbestez, hiru egunez, egungo audio.ekoizpenaren “ildo2 interesgarrienetako batzuk ezagutzeko aukera” eskainiko du ekimenak, podcasten inguruko hainbat arlo uztartuta: formazioa, industria, entzunaldi kolektiboak eta zuzeneko podcastak.
Jaialdiaren aurkezpen ofiziala maiatzaren 27an egingo duten arren, ildo nagusiak ezagutarazi dituzte, eta bai jarduera profesionalak bai publikoari irekitako proposamenak eskainiko ditu jaialdiak. Lehen egunean, adibidez, talentu berrien sustapenean jarriko dute arreta. Hala, Audiogile Berriak programaren barnean, eskola magistral bat eta tutoretza-saioak eskainiko dira, Isabel Cadenas ez-fikziozko podcasten sortzaile ezagunaren parte-hartzearekin. Gainera, ekoizpen berriak aurkeztuko dira eta bertako zein iberoamerikar ekosistemako audio-eragile nagusiekin topaketa egingo da.
Bigarren egunean, sorkuntza eta industria nabarmenduko dira, eta hainbat topaketa profesional egingo dira askotariko gaiak jorratzeko: doku-podcastaren gorakada, soinu-fikzioaren garapena, eta audioa beste hizkuntza eta formatu batzuetara zabaltzeko aukerak, besteak beste. Horrez gain, entzuketa komentatuak eta zuzeneko grabazioak egingo dira, publiko zabalak sormen-proiektuak nola garatzen diren ezagut dezan.
Azken egunak hausnarketari egingo dio lekua, eta bereziki erreparatuko zaie etorkizuneko ikus-entzuleei, haur eta gazteei, eta kontsumo-ohitura berriei. Adimen artifizialak audioaren sorkuntzan duen eragina ere landuko da.
1. Beren-beregi: expresamente (es), expressément (fr).
2. Ildo: ezaugarri, alderdi, kontu.
