2750 kilometro eta 3436 lekuko-hartzeren ondoren, hilaren 29an, igandean, bukatuko da 24. Korrika Bilboko udaletxean. Goiz-goizetik Bizkaiko hiriburu osoa zeharkatu ostean, Udaletxeko zubitik iritsiko da helmugara, Ernesto Erkoreka plazara, amaiera-ekitaldia ospatzeko. Aurreikuspenak1 betez gero, lekukoa 12:30ean helduko da bertara, AEKko kideen eskutik. Hain zuzen, kide horiek egingo dituzte, lekukoak barnean daraman mezuaren egilearekin batera, euskararen aldeko ekimenaren azken urratsak, Venezuela plazatatik amaieraraino. Une horretan ezagutuko da, beraz, eskuz esku eta kilometroz kilometro Atharratzetik Bilbora joan den lekukoaren barruko mezu sekretuaren egilea nor den eta, noski, mezuaren beraren edukia.

Amaiera-ekitaldiaren ostean, festa handia izango da Bilboko kaleetan, Alde Zaharrean banatutako sei gunetan. Eguerditik arratsaldera bitartean, adin guztietarako ekitaldiak eskainiko dituzte: haurrentzako puzgarri eta jolasak, herri-kirolak, bertsolariak, dantza-emanaldiak, herri-bazkaria, erakusketak... Kontzertuei dagokienez, LaBasu, Añube, Bele eta Mixerabliak izango dira, besteak beste. Eta, jakina, zer jan eta edan ere ez da faltako. Egitarau osoa hemen ikus daiteke: https://korrika.eus/eu/24-korrika-bukaera-eguna.

Igandeko amaiera-egun handia aurkeztean, Korrikako ordezkariek deia egin dute Euskal Herriko txoko guztietako jendea bertara dadin. Era berean, igandekoa Bilboko herritarrentzat nahiz eragileentzat hitzordu ederra izango dela adierazi dute, “euskararen aldeko lanean segitzeko akuilua2”.

Bi ohar garrantzitsu ere egin dituzte azken jaiaren arduradunek: batetik, AEKk berariazko3 protokoloa ezarri duela martxoaren 29a eraso sexista, arrazista eta homofoborik gabeko eguna izan dadin; bestetik, ahal den neurrian, garraio publikoa erabiltzea.

1. Aurreikuspen: previsión (es), prévision (fr).
2. Akuilu:
estímulo (es), stimulant (fr).
3. Berariazko:
espezifiko, berezi.


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.