Errigora, eskutik eskura
Abian da Errigoraren udaberriko kanpaina. Horrenbestez, martxoaren 18ra arte, sasoi horri dagozkion produktuak eskatu ahal izango dira. Hau da, oliba-olioa, ardoa, piperrak, zainzuriak1, potxak, txitxirioak2, barazkiak... eta Nafarroako hegoaldeko eta erdialdeko ekoizleen beste hainbat jaki.
Ohi denez, ekoizle horien lana babesteko ez ezik, eremu horietan euskara bultzatzeko martxan diren egitasmo batzuei laguntzeko ere baliatuko da Errigoraren kanpaina. Izan ere, euskara ez da ofiziala lurralde horietan, eta, ondorioz, kanpainaren mozkinen3 zati bat euskararen sustapenean eragiteko baliatzen da . Hori guztiori auzolanari helduta, horixe baita Errigoraren oinarrietako bat. Hain zuzen, Errigoraren oinarriei egiten die erreferentzia aurtengo udaberriko kanpainaren leloak: Eskutik eskura egiten dugu herria.
Otsailaren 26an hasi zen udaberriko kanpaina. Errigorak jakinarazi duenez, “kontsumitzaileen kontzientzian eraginez, hausnarketa sortzeko helburua jarri diogu aurtengo udaberriko kanpainari”. Hala, kontsumitzaileek elikadura-sisteman duten zeresana nabarmendu nahi dute. Horretarako, aurkezpen bereziak ere antolatu dituzte. Asisko Urmeneta marrazkilaria bidelagun, marrazki bidez Errigoraren misioa zabaltzeko hainbat saio egingo dituzte egun hauetan: martxoaren 11n, Iruñean; 16an, Donapaleun; eta 18an Amurrion eta Oiartzunen.
Nolanahi ere, aurkezpenetara joan gabe ere dagoeneko eska daitezke produktuak errigora.eus webgunean.
1. Zainzuri: espárrago (es), asperge (fr).
2. Txitxirio: garbanzo (es), pois chiche (fr).
3. Mozkin: ganancia (es), profit (fr).
