Bizipoza Elkartearen Bizipoza Eskola mintzagai Bilboko Kalderapekon
Bizipoza Elkarteak Bizipoza Eskola aurkeztuko du, datorren ostiralean (azaroak 27), Bilboko Kalderapeko kulturgunean. Eskola elkartearen hezkuntza-egitasmo komunitarioa da, eta elkartasuna, enpatia eta inklusioa ditu helburu: “Denona eta denontzat izango den Euskal Herria eraikitzeko bidean, behar bati erantzutera dator”. Aspaldikoa da hezkuntzaren eta Bizipoza Elkartearen arteko harremana: Eskolak hainbat hezkuntza-baliabide1 eta proposamen eskaintzen ditu, hainbat etapatara (haur-hezkuntzatik hasi eta goi-mailako hezkuntzaraino) egokituak2. Baita horiek hezkuntza arautuan3 (ikastetxeak), hezkuntza ez-formalean eta komunitate- edo udal-proiektuetan aplikatzeko eremuak4 ere. Azken asmoa da errealitate askotarikoak eta/edo behar adina arreta jaso ez dutenak ikusaraztea, hala nola dibertsitate funtzionala, familia-aniztasuna, kultura-aniztasuna, dolua eta gaixotasun larriak. Ekarpen praktiko bezain garrantzitsu eta beharrezkoa.
Baliabide horiek guztiak sortzeko, Bizipoza Elkarteko haurrek eta familiek transmititzen dituzten balioak baliatu ditu Eskolak. Beste askoren artean, elkarte hauek lagundu dute: Agipase, Aspanovas, Biak Bat, Chernobilen lagunak, Esku Hutsik, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa, Kale Dor Kayiko, Naizen, Oporrak Bakean, Ume Alaia...
Barikuan, 11:00etan hasiko da aurkezpena Kalderapeko kulturgunean (Txakur kalea, 1). Ordubete inguruko ekitaldia izango da eta mokadutxo5 batekin amaituko da.
1. Hezkuntza-baliabide: recurso educativo (es), ressource éducative (fr).
2. Egokitu: adpatar(se) (es), (s')adapter (fr).
3. Hezkuntza arautu: educación reglada (es), éducation formelle (fr).
4. Eremu: ámbito (es), domaine (fr).
5. Mokadu: bocado (es), bouchée (fr).
