Ezagutarazi dute 24. Korrikaren ibilbidea. Euskararen aldeko ekimen1 erraldoia martxoaren 19an abiatuko da Atharratzetik, eta hil bereko 29an, Bilbora iritsi aurretik, 2175 kilometro egingo ditu Euskal Herri osoa zeharkatuz. Gutxi gorabehera 460 herritatik igaroko da hamaika eguneko ibilian. Guztira, 3436 lekuko-hartze2 izango dira 24. Korrikan eta, beraz, parte-hartzea inoiz baino handiagoa izango dela aurreikusten da. Ibilbidearen xehetasunak Korrika aplikazioan zein webgunean kontsulta daitezke; kilometroak eskuratzeko aukera, berriz, otsailaren 1ean zabalduko da.

Ohiturari jarraikiz, aurreko Korrika amaitu zen lurraldean hasiko da oraingoa: Zuberoan. Aurkezpen-egunean iragarri bezala, Atharratzek emango dio hasiera Korrikari, hainbat arrazoirengatik; nagusia, hauxe: Korrikaren “itzalguneetako” bat da Zuberoako Basabürüa eskualdea. Izan ere, Korrika ez da bertatik pasatzen, abiatzeko ez bada. Handik iragan zen lehen (eta azken) aldia 1985ean izan zen (4. Korrika), hots, Atharratzetik abiatu zen urtean.
Alta3, euskara sustatzeko eta karrikaratzeko beharra sekula baino agerikoagoa da han: Zuberoan eta Basabürüan euskara bizirik dagoen arren, azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzek argira dakarte etxeko transmisioa eten4 egin dela, eskola-transmisioak ez duela % 15 gainditzea erdiesten5 eta euskararen erabilera desagertzen ari dela karriketan. Gainera, Zuberoa da, eta bereziki Basabürüa, azken hiru hamarkadetan biztanle-kopuruaren arabera euskal hiztun gehien galdu dituen lurraldea/eskualdea. Korrika 15:30ean abiatuko da handik.

Amaierari dagokionez, eta Korrikaren beste ohitura bati jarraikiz, bukaerak bost hiribururen artean txandakatzen dira: Baionan finitu zen azkena, eta 24. Korrikan Bilbok izango du lasterketaren azken metroak ospatzeko ohorea, martxoaren 29an, igandean. Goizeko 07:20ak pasatuta sartuko da Bizkaiko hiriburuan. Eguerdian, lekukoaren barruko mezu sekretua irakurriko dute, euskararen herritik eskuz esku ibili ostean. Ondoren, egun osoko amaiera-jai handiak hartuko ditu Bilboko kaleak.

Hiriburuen artean, Maule bisitatuko du lehendabizi Korrikak: Atharratzetik atera eta 16:45ean helduko da horra. Donibane Garazin martxoaren 20an izango da, ostiralean, ordu txikitan (02:50ean). Iruñera, ostera, martxoaren 22an iritsiko da, igandean; Alde Zaharrera bazkalorduan/bazkalostean helduko da bete-betean, 14:30ean. Martxoaren 24an, asteartean, Baionaren txanda izango da, 20:30ean, zehazki. Donostiatik martxoaren 25ean, asteazkenean, ibiliko da: goizeko 08:15ean Altzan, 9:30ean Intxaurrondon, 11:00etan Amaran, 11:55ean Parte Zaharrean… Tipi-tapa! Atsedenik hartu gabe, 27an, ostiralean, 21:00ak aldera Gasteizen lurreratuko da euskararen aldeko ekimen erraldoia.

Arestian aipatu dugunez, ibilbidea Korrika aplikazioan eta/edo webgunean ezagut daiteke xehe-xehe. Gainera, Korrikak iraun bitartean, martxoaren 19tik 29ra, zuzenean ere jarraitu ahal izango zaio: batetik, furgonetaren geolokalizazioaren bidez, korrikalariek jakingo dute Korrika garaiz, aurrerapenez edo atzerapenez datorren; bestetik, furgonetako zuzeneko irudiak eskainiko ditu 24 orduz.

 

1. Ekimen: iniciativa (es), initiative (fr).
2. Lekuko-hartze:
cambio de testigo (es), changement de témoin (fr).
3. Alta:
hala ere, alabaina, dena den.
4. Eten:
interrumpir(se) (es), (s')interrompre (fr).
5. Erdietsi:
lortu.

Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.