Baionako Euskal Museoak ehun urte bete ditu aurten, eta, mendeurrenaren1 karietara, Linguae Vasconum Primitiae liburuaren ale2 bakarra jarri du erakusgai. Hots, euskaraz argitaratu zen lehen liburu inprimatuaren ale bakarra. Bernat Etxepare apez3 eta idazleak idatzia, 1545ean argitaratu zuten Bordelen. Egun, ez da beste ale inprimaturik ezagutzen eta dagoen bakarra Frantziako Liburutegi Nazionalean gordetzen dute. Haatik, erakunde horrekin eta Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan aritu ostean, urtarrilaren 11ra arte Baionako Euskal Museoan ipini dute ikusgai. Ordura arte, liburua erakusteaz gain, jarduera gehiago eskainiko ditu museoak. Izan ere, liburuaren inguruan egitarau zabala antolatu du: bisita gidatuak, hitzaldiak eta kontzertuak, hain zuzen. Museoaren webgunean (https://www.musee-basque.com/eus) paratu4 dute egitarau osoa.
1. Mendeurren: centenario (es), centenaire (fr).
2. Ale: ejemplar (es), exemplaire (fr).
3. Apez: cura (es), curé (fr).
4. Paratu: jarri, ipini.

 
															 
      
      
    